Zizur Txikiko San Fermin Ikastolak dio oraindik "goizegi" dela joan den igandeko Nafarroa Oinez-i buruzko behin betiko zifrak ezagutzeko, diru kontuak hiru hilabete barru itxiko baititu, baina garbi dauka: balantze ekonomikoa "negatiboa" izango da. Izan ere, euri asko egin zuen, eta horrek hankaz gora jarri zituen aurreikuspen ekonomikoak. "Diru sarrerak oso txikiak izan ziren, eta kostu finkoak, euriari aurre egiteko hartu ziren neurri bereziak zirela eta, handitu egin ziren", esan du gaur.
Bestelako sarrera batzuek ere beherakada izan dutela aintzat hartuz gero —babesletzak, material salmentak, diru laguntza publikoek...—, San Fermin Ikastolak aitortu du "galerak izateko beldurra" duela.
Ondorioz, jendeari eskatu dio diru ekarpena egiteko Nafarroaoinez.net webaren bidez edo kontu korronte hauetan:
- Euskadiko Kutxa: 3035.0145.66.1450044110
- Rural Kutxa: 3008.0077.14.0703177022
- CAN-Caixa: 2054.0082.10.9123939260
- Kutxa: 2101.0970.01.0012925384
Zizur Txikiko ikastola "finatzaketa iturri alternatiboak" bilatzen ari da Bigarren Hezkuntza handitzeko proiektua aurrera eramateko. Ikasle kopuruaren gorakada dela medio, beharrezkotzat jotzen du gela gehiago eta irakaskuntzako espazio batzuk sortzea.
Aurtengo Nafarroa Oinez-en antolakuntzak eskerrak eman dizkie festako 1.800 boluntarioei eta bertara joan ziren herritarrei.
Gainera, oro txarra ez dela izan azpimarratu du. "2012ko Oinez-ek alderdi arrakastatsuak izan ditu, kontuan hartzen badira urte osoan egindako jarduerak. Ikastola bizkortu eta kohesionatzeko balio izan du".