EUSKARA

Zizurko Udaleko lantaldearen egitura bertan behera utzi dute, euskara eskakizunik ez zegoelako

Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoi eman dio oposizioko taldeari. Lanpostuek zer hizkuntza eskakizun duten zehaztea ezinbestekoa dela adierazi du.

Garikoitz Goikoetxea.
2016ko urriaren 10a
07:46
Entzun

Urte hasieran onartu zuen aurtengo lantaldearen egitura Zizurko Udalak, eta helegitea jarri zuen Erreniega udal taldeak, euskarari buruzko hizkuntza eskakizunik ez zutelako postuek. Eskatu zuen gutxienez idazkariak, herritarrei kasu egiteko bulegoko langile batek, aguazilak eta kultur koordinatzaileak euskaraz jakitea, eta gainerako postuetan meritu gisa hartzea euskararen ezagutza. Alkatetzak erantzun zuen ez zela beharrezkoa eskakizunak jartzea, lan eskaintzarik egiteko asmorik ez zuelako.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du ontzat jo udalaren argudio hori, eta erabat babestu du helegitea jarri zuen taldearen irizpidea. Adierazi du Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna sinatua duela Espainiak, eta, beraz, bete beharrekoa dela han jasotakoa. “Itun hori ez da adierazpen programatiko huts bat, baizik eta erabateko arau juridikoa; haren argitan interpretatu behar dira barne zuzenbideko aginduak”. Zehazki, auzitegiak gogora ekarri du herritarrek eskubidea dutela administrazioarekin harremanak euskaraz izateko, eta, beraz, instituzioek zaindu behar dutela herritarrei kasu egiten dieten langileak hizkuntza horretan aritzea.

Zizurko Udalak lanpostu bakoitza aztertu behar duela nabarmendu du auzitegiak: “Ez dago zalantzarik nahitaezkoa dela Zizurko Udalak lantalde organikoan azaltzea zein postutan den euskara nahitaezkoa, zeinetan hartuko den meritu gisa edo ez den eskatu behar, eta adierazi behar du postu batzuetan zein ezagutza maila behar den”.

UPN dago alkatetzan Zizurren, eta gehiengo osoa du udalbatzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.