Zorrotzago, seguruago?

Moto guztiak gidatzeko A baimena eskuratzeko ikastaro labur bat egin beharko da Hegoaldean aurrerantzean

35 kilowatteko potentzia baino gehiagoko motorrak gidatzeko aukera ematen du A baimenak. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Zilindro edukiera handiko motozikletak gidatzeko baimena zorrotzagoa izango da aurrerantzean Hego Euskal Herrian. Espainiako Barne Ministerioak asteon onartutako araudiaren ondorioz, A baimena lortzeko bederatzi orduko ikastaro bat egin beharko dute gidariek, indar txikiagoko motoak erabiltzeko modua ematen duen A-2 agiriarekin bi urte egin ondoren. Motozaleei «trebakuntza egokiagoa» emanez, Antonio Camacho ministroak «segurtasuna bermatu» nahi du, potentzia handiko motoak gidatzea «zailagoa» delakoan.

Izan ere, 35 kilowattetik gorako motorrak astunagoak dira, eta gidatzeak trebetasun bereziak eskatzen du. «Motoaren gainean ondo jartzen ikasteaz gain, egoera jakin batzuetan motoak zer egiten duen ikusi behar dute», azaldu du Joxemi Sorozabalek, Gipuzkoako autoeskolen elkarteko kideak. Moto gidarien artean beharrizana badagoela gaineratu du: «Motodunek istripuen %30 baino gutxiago eragiten dituzte, baina errudun direnetan, trebetasun faltagatik izaten da».

Autoeskoletan abendura arte izango dute ikastaroak prestatzeko astia, A-2 baimena 2009ko amaieratik aurrera lortu zutenei eragingo baitie arau berriak. Ordutik, eztabaida eragin izan du kurtsoaren diseinuak ere. Hasieran, ministerioak hamazazpi orduko iraupena ezarri zuen, eta motoan 500 kilometro ibiltzea eskatu nahi zien ikasleei. Azkenean, bederatzi ordura mugatu du: hiru orduko zati teoriko bat edukiko du, gidarien sentsibilizazioa lantzeko; beste seiak trebakuntza praktikoa izango dira, zirkuitu itxi batean lehenengo, eta errepidean gero. Berrehun eta laurehun euro arteko kostua izango du ikastaroak.

Azterketarik ez da egingo, eta horrexek gogobete ditu, hain justu, motorzale elkarteak, «kantitatearen aurretik kalitatea lehenetsi» delakoan. Trebakuntza «beharrezkotzat» jo dute; izan ere, azken urteotan auto istripuek behera egin arren, motorrenak mantendu edo igo egin dira. Zaurituak ere gehiago direla erantsi du Sorozabalek: «Moto istripuen %72tan zaurituak egoten dira; autoenetan ez dira %12ra heltzen».

Luis Murgia RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko aholkulariak, ordea, zalantzan jarri du ikastaroaren eraginkortasuna. Berez, gidabaimenak lortzeko prozedura guztia berriz aztertzeaz mintzatu da: «Mundu guztiari eman diogu karneta, eta gero puntu bidezko baimena asmatu dugu, gidabaimena edukitzea nork merezi duen ikusteko».

Gidatzea, gainera, jarrera kontua ere badela berretsi du. «Teknikoki gidatzen badakigu, baina ez dakigu behar bezala jokatzen; gidatzea bizikidetza hutsa da». Hortaz, haren ustez, baimen guztietan «zorrotzago» jokatu behar da: «Hemendik bi urtera puntu guztiak galduko dituen hori orain detektatu behar da, eta gidabaimenik ez eman».

Baina bada ikastaroaren aurka kritikoago mintzatu denik. Motozikleta egileen Adenor elkarteak adierazi duenez, neurriak «dirua biltzeko helburua baino ez du». Haserrea nabarmena da, sektorearen krisia areagotu delako orain urtebete ziklomotor txikietarako baimena eskuratzeko adina 14 urtetik 15era igo zenetik: 16 urterekin 125 zentimetro kubikoko motoak gida daitezkeenez, inor gutxik erosten ditu moto txikiagoak. A agiria lortzea zailagoa eta garestiagoa izateak «sektorea suntsitu» egingo duela iragarri dute fabrikatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.