Urtero bezala Ekologistak Martxan taldeak euskal kostaldearen egoera aztertzen duen txostena aurkeztu du, eta "eragin negatibo handieneko proiektuak" identifikatuz bandera beltzak eman ditu. Bizkaian Muskizen Petronorrek hasi duen koke plantaren eraikitze lanari eman dio bandera beltza, baita Urdaibaiko Biosfera Erreserban egin nahi den Guggenheim museo proiektuari ere. Areeta hondartzako hondar ateratzeari ere eman dio bandera beltza, Bilboko portua handitzeko asmoari bezala. Ondarroan Aieri itsasertzean egin asmo dituzten etxebizitzei ere beste bandera bat eman dio talde ekologistak.
Gipuzkoan Pasaiako kanpo portuari eman dio bandera beltza, nahiz eta "oraindik eraikiko den zehaztugabe egon", baita Mutrikun portua zabaltzeko xedeari eta Oria ibaiertzeko urbanizazioari ere.
Bandera beltzak 2010. Kaosa kostan izeneko txostenean hamabost puntu beltz ere gehitu ditu Ekologistak Martxan-ek, etorkizunean ingurumenari kalte egin diezaioketen proiektuak seinalatuz. Egitasmo horien artean zerrendatu ditu urpetu daitezken paduretatik gertu Getxoko Andra Marin edo Foruan egin gura dituzten proiektu urbanistikoak. Baita Gaztelugatxeko biotopo babestutik gertu egin nahi duten golf zelaia ere edo, besteak beste, Armintza-Lemoizen Eusko Jaurlaritza garatzen ari den planta elektriko oleomotriza ere.
inguruMENA
Zortzi bandera beltz euskal kostaldean
Muskiz, Urdaibai, Ondarroa, Areeta, Bilbo, Pasaia, Mutriku eta Oria itsasadarra aipatu ditu Ekologistak Martxan taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu