Presoak

Zortzi eta hiru urteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete Berasategi anaiei, ihes saioagatik

La Santeko espetxetik ihes egin zuelako zortzi urteko zigorra ezarri dio Parisko Auzitegiak Ismael Berasategi preso euskal herritarrari, eta hiru urtekoa, berriz, haren anaia Jose Antonio Berasategiri ihes egiten lagundu ziolako. Azke hori aske zegoen, baldintzapean, eta berriro espetxera eraman dute zigorra bete dezan.

2004ko ekainaren 15a
16:28
Entzun
2002ko abuztuan ETAko kide izateagatik La Santeko kartzelan zigorra betetzen ari zen Ismael Berasategik ihes egin zuen. Horretarako, Jose Antonio anaiaren bisita bat baliatu zuten; zehazki, bi anaiek trukea egin zuten, eta Jose Antonio geratu zen espetxean Ismaelek alde egiten zuen bitartean. Bost egun igaro eta gero Jose Antonio Berasategik berak jazotakoaren berri eman zuen arte, La Santeko funtzionarioak ez ziren gertatutakoaz jabetu.

Nolanahi ere, Ismael Berasategi handik bost hilabetera, 2003ko urtarrilean, atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Lorentza Gimonekin batera.

Ihesagatik epaitu dituzte orain anai biak, eta Ismaeli zortzi urteko zigorra ezarri diote, eta, Jose Antoniori, ostera, hiru urtekoa. Azken hori, kartzelan hamalau hilabete egin eta gero, aske zegoen 2003ko urritik, eta orain espetxera eraman dute zigorra bete dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.