Zortzi gizon atxilotu dituzte genero indarkeriagatik

Murchanten tratu txar psikologikoak jasan ditu emakume batek; Lizartzan ito zorian egon da beste bat

Erredakzioa
Iruñea
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Azken egunetan zortzi gizon atxilotu dituzte emakumeen aurkako indarkeria egotzita: bikotekideak jotzea leporatzen zaie gizon gehienei, bati emakume bat itotzen saiatzea eta tratu txar psikologikoak ematea, eta beste bati bikotekide ohia mehatxatzea. Nafarroan eta Gipuzkoan hiruna gizon atxilotu dituzte, eta bana Araban eta Bizkaian.

Azken bi atxiloketak Donostian (Gipuzkoan) izan ziren, atzo arratsaldean. Herrizaingo Sailak adierazi duenez, lehenengo atxiloketa bikote baten etxebizitzan izan zen. Ertzainak etxebizitzara joan ziren, bikotea eztabaidatzen zegoela ikusita. Bertan, emakumeak adierazi zuen bikotekideak irain egin ziola, eta, ondoren, eskumuturretatik hartu zuela, eta etxean egoteko atxiki zuela. Gizonak 69 urte ditu, eta bertan zegoela atxilotu zuten.

Bikotearen etxean aurkitu zuten ertzainek bigarren atxilotua. Emakumea etxearen atarian zegoen. Azaldu zuenez, bikotekideak jatetxe batean kafea gainera bota zion, eta, ondoren, etxean zeudela gizonak bultzatu zuen, eta lurrera erori zen. Erortzean, besoan mina hartu zuen, ertzainek egiaztatu zutenez.

Azaroaren 9an, hiru gizon atxilotu zituzten: Gasteizen, Orozkon (Bizkaia) eta Lizartzan (Gipuzkoan). Gasteizen Ertzaintzak indarkeria jakinarazpenaren berri izan zuenean bikotearen etxera joan zen. Bertan, bikoteak aitortu zuen eztabaidatzen egon zirela eta gizonak emakumeari masail ezkerrean jo eginziola. Ertzainek emakumearen masaila gorritua ikusi zuten. Gizonak jarrera iheskorra izan zuen, baina gertatutakoa onartu zuen.

Orozkon, 69 urteko gizona atxilotu zuten. Emakumeak adierazi zuenez, bikotekideak aurpegitik hartu zuen, eta lurrera bota zuen. Gizona etxeko egongelan zegoen, eta gertatutakoa aitortu zuen. Herenegun izandako hirugarren gizon atxilotuak 49 urte ditu, eta emakumea itotzeko nahiarekin lepotik hartuzuen. Emakumeak bultzatzea lortu zuen, eta bikotekidea aldentzea.

Nafarroan hiru gizon atxilotu dituzte azken egunetan genero indarkeria egotzita, Nafarroako Foru Poliziak jakinarazi duenez.

Azaroaren 7an, Murchanteko emakume batek bikotekidea salatu zuen, etengabeko tratu txar psikologikoak egotzita. Ondorioz, 52 urteko gizon bat atzeman zuten foruzainek.

Berriozarren, 25 urteko gizon bat atxilotu zuten, azaroaren 4an, bikotekide ohia mehatxatu zuelako. Foru Poliziak jakinarazi duenez, bikotekidearen etxera joan zen; atea zakarki jo, eta etxean sartu zen. Orduan, emakumea mehatxatu zuen.

Egun berean, Faltzesen, 40 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekidea jotzea egotzita. Eztabaida baten ondorioz jo zuela adierazi zuen emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.