Espainiako Gerrako desagertuak

Zortzi gudariren gorpuak aurkitu ditu Aranzadik Elgetan

Espainiako Gerrakoan hil eta harrezkero desagertuta zeuden zortzi gudariren hilotzak aurkitu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak Elgetan (Gipuzkoa). Hiru hobitan banatuta bilatu dituzte zortzi gorpu horiek: batean, Intxortan, obi bat lehertuta hildako hirurenak; beste batean, Antsuategi Bastarrekoa baserriaren ondoan beste lau, eta, handik hurbil, hirugarrenean, beste bat. Gertakari haien lekuko izan zirenek emandako azalpenetan oinarrituta bilatu dituzte hilotzak.

2004ko ekainaren 16a
19:19
Entzun
Intxorta inguruan topatu dute hobietako bat. Izan ere, han hildakoetako baten anaiak, Javier Elizegik, bazekien han inguruan behar zuela anaiak. Halaber, Antonio Iturrikastillo lekukoak lagundu die bilaketa egiten. Intxortako hobian lurperatuta dauden hiru gudariak obi baten leherketak hil zituen.

Antsuategi Bastarrekoa baserriaren alboan, berriz, bi hobi topatu dituzte: batean, hiru gudariren hilotzak zeuden, eta bestean, laugarren batena. Biktor Garairen azalpenei segika egin dituzte bilaketa horiek.

Izan ere, Espainiako Gerrakoan Garai baserri hartan bizi zen. Guda zela eta, familia gehienak jaiotetxetik alde egin zuen, baina Garairen aita, anaia bat eta izeba bat han geratu ziren. Baserri atzean zulo bat egin zuten bonbardaketetatik babesteko. Eurak han gordetzen ziren, eta, gainera, inguruan ziren gudariei ere uzten zieten han gordetzen.

Hain zuzen ere, frankistak Elgetan sartu zirenean garaitarrak baserri atzeko zuloan gordeta zeuden, eta haiekin batera zazpi gudari ere bai. Han atzeman zituzten Francoren aldeko tropek. Biktor Garairen aita atera zen aurrena soldaduak iritsi zirenean, eta tiro bat emanda hil zuten. Zazpi gudariak ere hil egin zituzten,eta anaia eta izeba, ostera, bizirik utzi zituzten. Garaitarren aitaren gorpua jaso eta lurperatzeko modua izan zuten senideek.

Zazpi gudarien gorpuak, berriz, desagerrarazi egin zituzten frankistek, eta haietako bostenak dira orain Antsuategi Bastarrekoa baserrian topatu dituzten bi hobietan daudenak.

'Laurak bat' gerrikoan

Hobietan aurkitutakoak gudariak direla ziurtatzeko, lekukotasunez gain, aurkikuntza garrantzitsua egin dute Aranzadikoek: hain zuzen ere, gerriko batean 'Laurak bat' argi irakurtzen den txapa topatu dute, eta horrek argi adierazten du gudariak direla. Hain zuzen ere, arrasto hori topatzea garrantzitsua dela nabarmendu dute Aranzadiko kideek, eta ziur aski Kirikiño eta Martiartu batailoietako kideak zirela hildakoak, talde horiek baitzebiltzan inguru hartan.

Halaber, aurkitutako hilotzetatik hiru egoera onean daudela jakinarazi dute, eta, beraz, posible izango dela haien nortasuna ezagutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.