Ekainaren 23an, atzo duela zortzi hilabete, izendatu zuten Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi. 23 botorekin, Bilduko 22 batzarkideeneta Aralarreko batzarkidearen sostenguarekin. Gutxiengoan gobernatzearen erronka izango zuela jakitun zen Martin Garitano, baina ziurrenik ez zuen imajinatuko bere jarduna eta bere hitzak lehen egunetik lupa pean izango zirela. Oposizioa eta hedabideak gainean izan ditu zortzi hilabete hauetan. Hala ere, 2012ko aurrekontuak onartzea lortu du, EAJrekin egindako akordioaren bidez, eta zerga erreforma bat aurrera atera du, PSE-EEren sostenguarekin.
Agintaldiaren hasieratik nabaritu zituen fokuak gainean. Kargua hartu eta gutxira, 2011ko uztailaren 2an, Bateragune auzia zela-eta manifestazio nazionala izan zen Donostian, Epaiketa politikorik ez, aterabideak aurrera lelopean. Garitano bertan izan zen, eta egiaztatu ahal izan zuen ez zela oharkabean pasatu. Uztailaren amaieran, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitutako hamasei gazteen ordezkaritza batiharrera egin zion elkartasuna adierazteko eta «jarduera politikoa zigortzeko epaiketa oro» bertan behera uzteko eskatzeko. Abuztuaren 1ean, Azpeitian, Loiolako basilika inguruan protestan ari ziren presoen senideengana hurbildu zen Martin Garitano. Bi keinu horiengatik alderdi sozialista eta PPren kritikak jaso zituen. ETAren biktimak gogoan ez hartzea leporatu zioten. Garitanok erantzun zien esanez euskal gatazkan askotariko biktimak daudela, eta horien guztien «mina» aitortu behar dela, baina hori egiteko unea ez dela iritsi oraindik, «gatazka honetatik ateratzen ari garelako». Biktimen gaiari heltzeko uneaz egindako adierazpen horiek beste kritika zaparrada ekarri zuten, oraingoan baita EAJren aldetik ere. Kritiken sokak segida izango zuen egun batzuk beranduago. Abuztuaren 19an, Kataluniako Pradako udako unibertsitatean hitzaldi bat eman zuen eta bertan galdera bati erantzunez egin zituen adierazpenak berriro izan ziren PSE-EE, PP eta EAJren kritiken jomugan, hain zuen, Katalunian egonda, bertako biktimei «begirune berezia» zor zaiela esateagatik. Biktimen artean bereizketak egitea egotzi zioten.
Oposizioa Batzar Nagusietan eta hedabideetan ez ezik kalean ere nabaritu du Martin Garitanok. ELA sindikatuak elkarretaratze bat egin zuen Gipuzkoako Diputazioaren aurrean, aurrekontuen politika salatzeko.
Abenduaren amaieran egitasmo ekonomikoak aurrera atera ondoren lasaitasun pixka bat bereganatu zuen Martin Garitanok. Baina oposizioaren ziztadak berehala sentitu zituen. Larraitz Ugarte Diputazioko bozeramaileak Bidegiren desfaseari buruz egindako adierazpenek piztu zuten EAJrekiko ika-mika, eta Martin Garitanok bere bozeramailea babestera agertu behar izan zuen.
Martin Garitano ahaldun nagusiaren jardunak eragindako erreakzioak Gipuzkoatik kanpotik ere iritsi ziren. Gipuzkoako Diputazioak Lodosako Ibaialde ikastolari diru-laguntza bat eman ziola jakinarazi zuenean Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak «esku-sartzea» leporatu zion.
Otsailean, Gipuzkoako azpiegitura erraldoien kontrako manifestazioan parte hartu izana ez zen oharkabe pasatu oposizioarentzat. EAJko Markel Olanok «pankartaren diputatua» deitu zion. Adierazpen askatasuna aldarrikatu zuen Garitanok.
Zortzi hilabete lupa azpian
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren adierazpenei eta agerpenei zorrotz begiratu die oposizioak agintaldiko zortzi hilabeteetan. Martin Garitanok lupa gainean izan du etengabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu