Zortzi pertsonaren hilotzak aurkitu ditu espeleologo talde batek Urbasako mendilerroko (Nafarroa) leize batean. Espainiako Poliziak ezagutarazi duenez, azaroaren 14ean aurkitu zituzten aztarnak, leizean haien espezialitatean jarduten ari zirela.
Gorpuzkinak sei gizon eta bi emakumerenak dira, eta horietako bat adin handikoa dela uste dute ikertzaileek.Aztarnetan hezurrak besterik ez dituzte aurkitu, eta arrasto organikorik ez topatzeak 30 urtetik gora dituztela pentsatu arazi dio Espainiako Polizia zientifikoari. Aztarnak duela gutxi desagertatutako pertsona talderen batenak behintzat ez direla aitortu du oraingoz polizia zientifikoak.
Ez dago argi noizkoak diren aztarnak, baina 1936ko gerra garaikoak izan daitezkeela uste da. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak ez du aurkitutako aztarnen berri, eta «ikerketa sakonago baten zain» daudelaargitu du Martxelo Alvarez elkartearen eledunak. Paco Etxeberria Aranzadi zientzia elkarteko kidea ere ikerketa gehiagoren zain dago, baina aurkikuntzak ez du ezustean harrapatu: «Jakin badakigu 1936ko gerran, karlistadetan eta lehenagoko gerretan zehar, Urbasako leizeetan hainbat pertsona hil izan zituztela ».
Etxeberriak Lizarrako espeleologia taldeari esker du Urbasa inguruan dauden hilotz gehiagoren berri, baina aztarnak leizeetatik ateratzeko «premiarik» ez zuela ikusten azaldu du, Urbasa babestutako eremua delako. Etxeberriaren arabera, ez da gorpuak bere horretan uzteko arrazoi bakarra: «Otxoportillon adibidez, hildakoen senideek nahiago dute hilotzak leizeetan egotea, sinbolo gisara». Ez du ziur egoteko daturik, baina gorpuak 1936ko gerra garaikoak direla uste du: «Orduan, Lizarragako mendatetik gorpuak botatzen ziren » .
Etxeberriak «erabateko konfiantza» du Lege Medikuntzako Nafarroako Institutuak eginiko hasierako ikerketan, eta espero du «jantziren baten bitartez»hezurrak noizkoak diren jakitea.
Hasierako ikerketak Lege Medikuntzako Nafarroako Institutuak eta Espainiako polizia zientifikoko auzitegi antropologoen taldeak egin zituzten. Hilaren 19an Guardia Zibilak atera zituen aztarnak leizetik.
Leizeak itxita jarraitzen du, ikerketa zabalik dagoelako oraindik. Lizarrako epaitegiak hartuko du auzia, eta Espainiako polizia zientifikoak hartu du aztarnen ardura.
Zortzi hilotzen aztarnak aurkitu dituzte Urbasako leize batean
Bi emakumeren eta sei gizonen aztarnak dira, eta 30 urtetik gorako arrastoak direla uste dute adituek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu