Ostegunean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egingo duen bileran dira onartzekoak Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantaren eraikuntza lanak adjudikatzeko agiriak; kontsortzioan gehiengo osoa dute EAJk eta PSEk. Gaur egin duten agerraldian, bilera hori bertan behera uzteko eskatu dute EH Bilduren zenbait alkatek, eta hondakinen kudeaketarako "eredu bidergarri bat adosteko" elkarrizketa mahai bat sortzeko.
"Atzera bueltarik ez duten erabakiak" hartuta, udalak "kate motzean" lotu nahi izatea, eta herritarrei "bizkarra emanda" aritzea leporatu diete EAJ eta PSEri. Ostegunean sinatzekoak diren agiriek GHKn dauden udalei ezarriko dizkien "baldintza gogorrak" salatu ditu Xabier Arregi Usurbilgo alkateak.
Arregik azaldu duenez, hurrengo 35 urteetan zaborrak GHKri ematera derrigortuta egongo dira udalak, eta "lehentasunez" ordaindu beharko dituzte kontsortzioaren tarifak —kontsortziotik ateratzen direnek ere ordaindu beharko dituzte–. Gainera, udal batek tarifak ordaintzeari uko egingo balio, diru hori hartzeko eskubidea izango luke Foru Aldundiak.