Euskal herria

Zubietako errauste planta eraikitzeko akordioa "eraginik gabe" geratu da

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak kontratuak etetea adostu du enpresekin. Kalte-ordain bat jasoko dute enpresek obra bertan behera geratzearen truke, 8,2 milioi eurokoa. Akordioa eginda, baztertuta geratu dira bide judiziala eta arbitrajea.

Intxaurrandieta, Aguas eta Errazkin, goizean. J. C. RUIZ, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko azaroaren 13a
16:20
Entzun

Zubietako errauste plantaren proiektua lurperatzeko urrats irmoa eman du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak: obra egitekoa zuten enpresekin akordioa lortu du, kontratuak bertan behera uzteko. Lanak eteteko erabakia hartua zeukan lehendik ere partzuergoak, eta jokoan zegoen zer-nolako kalte-ordainak eman beharko zizkien enpresei. Akordioarekin, iragarri baino ordain apalagoa pagatu beharko du partzuergoak; 24 milioi euroko kopurua aipatu izan dute, eta azkenean ia 8.190.000 euro izango dira.

"Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE Gipuzkoa CGR-ri honako zenbateko hau ordainduko dio: %3 eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabaziengatik, eta %3 CGRGk proiektatutako planten ustiapenaren bost lehenengo urteengatik", dio akordioak kalte-ordainaz. Ondoren azaltzen du lehen zatiari dagokiona 6.690.000 euro direla eta bigarrenari, 1.500.000. Modu horretan, kopuru hori ordainduta, bi aldeen arteko kontratu harremana amaitu dute, eta Zubietako erraustegia eraikitzea proiektua, "ondoriorik gabe".

Azalpenak, arratsaldean

Donostian sinatu dute akordioa gaur partzuergoko ordezkariek eta enpresa eraikitzaileetakoek ―FCC, Serbitzu Elkartea, Altuna y Uria eta AE&E Inova―, foru aldundiaren egoitzan. Ainhoa Intxaurrandieta GHKko eta Partzuergoko presidentea, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatua eta Carmelo Aguas Martinez obra egitekoa zen aldi baterako enpresen elkarteko gerenteak eman dute gaur eguerdian akordioaren berri. Intxaurrandietako eta Aguas Martinezek irakurri dute adostutako testua. 

Azaldu dutenez urrian hasi ziren negoziatzen, eta bi hilabeteko epea eman zioten akordioa lortzeko. Hilabete pasatxoan egin dute. "Albiste on bat ematera gatoz. Akordio lortu dugu", esan du Intxaurrandietak. Gero adierazpenik ez dute egin kazetarien aurrean, baina 16:00etan emango dituzte azalpenak Intxaurrandietak eta Errazkinek; dokumentu batean sinatu dute adostasuna, eta han zehaztu dute zenbateko kalte-ordaina emango dien partzuergoak enpresei. Kazetarien galderarik ez dute onartu.

Bide judiziala, baztertuta

Bi aldeen artean gatazka sortu zen partzuergoak kontratuak eteteko erabakia hartu zuenean, baina azken asteetan negoziatzen aritu dira. Gipuzkoako Merkataritza Ganberan arbitrajea egiteko jarritako eskaria atzera bota zuten enpresek urri hasieran, negoziazioari ekiteko. Partzuergoak, berriz, kontratuak baliogabetzat jotzeko prozedura geratu egin zuen, administrazio kontseiluan erabaki hori onartzeko bezperan.

Bi hilabeteko epea jarri zioten elkarri enpresek eta partzuergoak, eta hilabete pasatxoan jarri dira ados. Bide judizialera jotzeko aukera ere bazuten enpresek, eta, akordioarekin aukera hori baztertuta geratu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.