Zubietako errauste plantak, Gipuzkoan, "legez eskatzen diren baimen guztiak" dauzka, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur adierazi duenez.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2010eko apirilean eman zion ingurumen baimen bateratua Zubietako errauste plantaren proiektuari. Baimen horrek indarrean jarraitzen duela esan du gaur Erkorekak.
Joan den ostiralean GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SA sozietate publikoak erabaki zuen errauste plantaren lanak bertan behera uztea.
GHK-k argudiatu zuen errauste planta bat egiteko proiektu batek jaso zuela ingurumen baimena, baina gero, lehiaketara atera zenean, proiektu horrek aldaketa larriak izan zituela, eta aldaketa horiek ez zirela islatu ingurumen baimenean.
Besteak beste, azpiegitura hiru metro gorago eraikitzen hasi zirela eta errautsak eta zepak tratatzeko azpiegiturak proiektutik desagertu egin zirela nabarmendu zuen GHK-k. Horrela bada, Gipuzkoako errauste plantaren lanak etenda gelditu dira.
Erkorekak gaur erantzun du indarrean jarraitzen duela errauste plantaren ingurumen baimen bateratuak. "Egia da harrezkero galdera batzuk jaso direla, baina ez dira bete beharrekoak juridikoki, eta ez dute aldatzen ingurumen baimenaren edukia", zehaztu du.
Orain, Erkorekak onartu du ingurumen baimenaren gaineko erabakia berriz aztertzeko eskaera bat jasoz gero aztertu egingo duela Eusko Jaurlaritzak.
Irregulartasunak
Lehenago ere irregulartasunak salatu izan ditu GHK-k errauste plantaren proiektuaren inguruan. Proiektua diseinatzeko bi ingeniaritza kontratatzeko prozeduran akats larriak egin zirela salatu zuen GHK-k apirilean, auzitara jo zuen, eta ingeniaritza horiekin zituen kontratuak etetea ere erabaki zuen.
Bestalde, errauste plantaren efizientzia energetikoa kalkulatzerakoan ere akatsak egin zirela jakin ahal izan zuen BERRIAk otsailean.
Errauste planta finantzatzeko, berriz, swap edo finantza produktu espekulatiboak kontratatu izana ere salatu zuen GHK-k otsailean.