Hondakinak

Zubietako errauste plantako enpresekin hitz egiteko, bilera atzeratu du partzuergoak

Gaurko bileran kontratuak eteten hasteko erabakia berretsi behar zuen partzuergoak. Baina errauste planta eraiki behar zuten enpresekin bilera bat egitekoa dute datorren astean, akordioren bat lortzeko asmoz.

2013ko irailaren 27a
15:49
Entzun

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak gaur egitekoa zuen bilera atzeratu egin du astebetez, Zubietako errauste planta eraiki behar zuten enpresekin hitz egiteko.

Berez, uztailean iragarritakoa berrestekoa zen gaur batzarra; alegia, Zubietako errauste plantaren obrak egiteko kontratuak ez zuela balio legalik eta, beraz, eteteko prozedura hasiko zuela.

Partzuergoak azaludu duenez, "borondate ona" agertu nahi dio obra egin behar zuten enpresei. Auzia akordio batekin ixteko asmoz, "lehen hartu emana" egingo dute partzuergoko eta enpresetako ordezkariek datorren astean.

Bilera hori ez baldintzatzeko, kontratuen baliogabetasuna berresteari buruzko eztabaida astebetez atzeratu du partzuergoak. Heldu den ostiraleko batzarrean emango dute bilera horien berri.

Enpresekin akordio batera heltzeko "borondate osoa" du partzuergoak, gaur adierazi duenez, eta kontratuak guztiz baliogabetu aurretik "bere eskura dauden ahalegin guztiak" egingo ditu.

Enpresek, uda hasieran, Gipuzkoako Merkataritza Ganberara jo zuten, kalte-ordainak eskatzeko GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietate publikoari.

Handik egun gutxira, oraindik prozedura hori abiatua zutela jakin gabe, errauste planta eraikitzeko lanen kontratua baliorik gabe uztea erabaki zuen GHK-k. 

Hasierako proiektuak Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimen bateratua jaso zuela, baina gero lehiaketara ateratako proiektuari aldaketak egin zizkiotela eta, beraz, lanek ez zutela arauzko ingurumen baimenik argudiatu zuen GHK-k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.