Hego Euskal Herrian COVID-19aren pandemiak ekarritako «salbuespeneko egoera» arrazoitzat hartuta, Zubietako erraustegia eta tratamendu mekaniko-biologikoko (TMB) planta erabiltzeagatik ordaintzen hasiko zaio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) Ekondakin enpresa kudeatzaileari, nahiz eta oraindik instalazioak probetan egon.
Esan nahi baita, halako instalazioek funtzionatzeko ezinbestekoa duten ingurumen baimen bateratua (IBB) indarrean egon gabe ere, ordaintzen hasiko zaie enpresa emakidadunei kontsortzioa, «ezohiko probalditzat» jo duten fase bat ezarrita. Izan ere, argudiatu dute «tramite administratiboak gelditu» behar izan direla, eta «zailtasun teknikoak» izan dituztela probaldian egin beharreko doitze eta ikuskaritzak aurrera eramateko. Baina, aldi berean, zehaztu dute Espainiako Gobernuak alarma egoeran ezarritako irizpideengatik, hondakinak erraustegian tratatzera behartuta ikusi duela bere burua GHK-k.
Horrekin batera, kontsortzioak jakinarazi du zigor prozedura bat abiatu duela enpresen aurka, martxoaren 3rako erraustegia martxan ez izateagatik. Berez, iazko urrian eduki behar zuten martxan instalazioa, eta sei hilabeteko atzerapena onartu zieten, 2017ko udazken-neguetan izandako «ezohiko euriteek» atzeratu egin zituztelako obrak, argudiatu zutenaren arabera. Epea martxoaren 3an amaitu zitzaien, eta ez zuten lortu erraustegia ordurako prest edukitzea. Horrek GHK behartu du zigor prozedura bat abiatzea. Berez, sektore publikoko kontratuak arautzen duen legearen arabera, 60.000 euroko zigorra dagokie egun bakoitzeko enpresei, kontratua ez betetzeagatik. Zigor prozedura hori martxan badago ere, pentsatzekoa da Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarrita eduki duen epea (martxoaren 14tik aurrerakoa) salbuetsita geratuko dela. Hain zuzen ere, «ezohiko probaldia» ere epe horri bakarrik dagokiola ziurtatu du Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Gipuzkoako Ingurumen diputatuak.
GuraSOS plataformak otsailean salatu zuen ezen 21 milioi euro zor dizkiotela GHKri, urriaren 3tik martxoaren 3ra bitartean instalazioa martxan ez egonda jaso behar zuen kalte-ordainengatik. Hain zuzen ere, plataformak administrazioarekiko auzi prozesua ireki zuen, horregatik, Donostiako epaitegian.
Kontratuaren aldaketa GHKren botoen %65en babesarekin atera da aurrera: 69 boto (EAJ eta PSE-EEkoak) alde azaldu dira, eta 19 (EH Bildukoak) aurka.
Alarma egoerako tarte horretan, beraz, GHK-k 637.115 euro —gehi BEZa— ordainduko ditu TMB plantagatik, eta 1.273.84 —gehi BEZa— erraustegiagatik. Zehaztapen bat egin du GHK-k horretan: erraustegia oraindik ahalmen osoan arituko ez denez, ez zaie kopuru osoa ordainduko, baizik eta kudeatutako tona portzentajearen arabera. GHK-k atzo aurkeztu zuen Idom aholkularitza enpresaren txostenaren arabera, errauste lerro bat erabiliko du, eta 200 tona erreko ditu egunero.
TMB plantan, berriz, 350-400 tona tratatuko dituzte egunero. Adierazi dute TMBtik atera eta erraustegian sartzen ez dena Bizkaiko instalazioetara eramango dutela , baina han ere mugatu egin dietela Gipuzkoatik sar daitekeen hondakinen kantitatea, Zaldibarko zabortegiaren gertaeren ondorioz: hilean 4.000 tona hartuko dizkiete, gehienez. Hiru txosten aurkeztu ditu GHK-k hartutako erabakia justifikatzeko: juridikoa, teknikoa eta ekonomikoa.
Kutsaduraren kontrola
Ingurumen baimen bateraturik ez duenez indarrean, ezarritako kutsadura kontrolatzeko baldintzak nola beteko dituen ere azaldu du GHK-k. Zenbait isurketaren kontrola «une oro» izango du, besteak beste, partikulena, nitrogeno dioxidoarena, karbono monoxidoarena eta sufre dioxidoarena. Metal astunen eta dioxinen kontrola bi hilabetean behingo neurketen bidez eramango dute.
GHK-k adierazi du apirilaren 11rako balioetsi behar ziotela erraustegiari ingurumen baimen bateratua, eta horretarako bete behar zituen isurketa parametro guztiak behar bezala betetzen ari zela. BERRIAk jakin zuenez, otsailean egindako probetan ez ziren betetzen ari IBBan ezarritako kutsadura kantitateak, are eta gutxiago kontratuan adostu zituztenak, horiek zorrotzagoak baitira.