Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaraino eraman duten ehunka langilek Zubietako erraustegiaren aurkako protesta: Langileok ere, erraustegia gelditu. Badago alternatiba lelodun pankartaren atzetik joan dira Donostiako Bulebarretik Gipuzkoa Plazaraino, eta erraustegiaren lanak bertan behera uzteko eskatu dute foru jauregiaren aurrean. Gipuzkoako ehun enpresa batzordek baino gehiagok egin du bat eskari horrekin azken hilabeteotan, eta 350 lagunek lan jardunaldi bat egin dute goizean EHUko Donostiako campusean. Hitzaldi, mahainguru eta protesten bidez, mezu hau gizarteratu nahi izan dute: Posible dela obrak geratzea eta bestelako eredu "iraunkor eta osasungarriagoak" bilatzea.
Protestaren buru joan dira ELA, LAB, CCOO, ESK, EAM eta beste eragile batzuetako ordezkariak. Haien artean zen LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu ere: "Martxan jarri beharko litzatekeen hondakin kudeaketak hondakinak gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea izan beharko luke helburu. Erraustegiaren aldeko apustua justu kontrako norabidean doa". LABeko ordezkariaren ustez, "elite ekonomikoen eta eraikuntza enpresen interesekin" bat dator bakarrik apustu hori, eta "eragin kaltegarria" izango du Gipuzkoarentzat, bai haren kostu ekonomikoengatik eta baita ingurumenean eta pertsonen osasunean izango dituen ondorioengatik. Halako erabaki bat herritarren erabakiaren ondorioz hartu liteke bakarrik, Aranbururen iritziz, eta agintariek prozesu parte hartzaile bati uko egin izana salatu du.
Ainara Plazaola ELAko ordezkariak ere nabarmendu du hori, alegia, erraustegia egiten ari direnek ez dutela aintzat hartu herritarren iritzia. "Atzera egiten ari gara Gipuzkoan hondakinen kudeaketa iraunkor baten alde egindako bidean, eta birziklatze tasak okerrera egiten ari dira". ELAk salatu du, halaber, erraustegia eraikitzeko sortutako enplegua "prekarioa" eta "kasik explotatzailea" dela, eta herritarren osasunean eta ingurumenean izango dituen "kalteak" gaitzetsi ditu.
Alfonso Rios CCOOko Lan Osasuneko eta Ingurumeneko arduradunak ere gogor salatu du proiektua. "Erakunde guztiei eskatzen diegu utz dezatela alde batera hondakinak errausteko apustu ezin txarragoa". Izan ere, apustu horrek onurarik ez dakarrela ohartarazi du, ez enpleguarentzat, ez ingurumenarentzat eta, gainera, ez du birziklatzea sustatzen. Aldi berean, "atez atekoa bezalako sistemak" bultzatzearen aldeko apustua egin du.
Goizean egindako hitzaldi batean ere Piotr Barczak Europako Ingurumen Bulegoko buruak ohartarazi du hondakinak erraustea eta ekonomia zirkularra ez direla bateragarriak, eta Gipuzkoa "eredugarri" izatetik, "eredu txarra" izatera igaroko litzatekeela Zubietako erraustegia martxan jartzen bada.
Gaur arratsaldean hitzaldiek eta mobilizazioek jarraituko dute. 19:30etan giza katea egingo dute berriro Gipuzkoako diputazioaren aurrean.