Zubietan errauste planta eraikitzeko bankuei eskatutako maileguaren interesik ez du ordainduko GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa elkarteak. Juan Carlos Alduntzin GHK-ko presidenteak jakitera eman du produktu toxiko batzuk txertatu zituztela mailegu horretan, eta, horren ondorioz, "gehiegizko" interesak ordaindu behar dituztela. Nahiz eta maileguaren 9,7 milioi euro erabili dituzten, 94 milioiri dagozkien interesak ari da pagatzen GHK; hilean, 300.000 euro. Hori etetea erabaki du partzuergoak: interesak pagatzeari uko egin dio. Abenduan bankuei jakinarazi zien, eta azaroan eten zuen ordainketa. Orain auzitegian salaketa jartzea aztertuko du.
Alduntzinek azaldu du aurreko zuzendaritzak La Caixarekin eta Banestorekin sinatutako akordioan swap delako produktuak txertatu zituztela. Europako Inbertsio Bankuari 195 milioi euroko mailegua eta La Caixari eta Banestori 68 milioikoa eskatu zizkien GHK-k. Mailegu horien interesak ordaintzeko kontratatu zituen swap direlakoak. Horren ondorioz, inbertsio prebisioen arabera ari dira interesak kobratzen, ez egindako inbertsioaren arabera. Karlos Ormazabal aurreko Garapen Iraunkorreko diputatuak marraztutako “egutegiaren” arabera aritu dira interesak ordaintzen, beraz. Orain arte 9,7 milioi erabili dituzte Zubietan azpiegiturak eraikitzeko, baina 94 milioiren interesak ordaintzen ari dira.
Azaroan erabaki zuen GHK-k bide hori etetea, eta 300.000 euro horiek pagatzeari uko egin zion. Alduntzinek salatu du “gehiegikeriaz” aritu zirela bankuak, eta GHKren aholkulariak ez zuela behar bezala jardun. Orobat, aurreko zuzendaritzaren jarrera deitoratu du: “Onartezina eta arduragabea izan zen haien jokabidea”. GHK aztertzen ari da auzitara jotzea bankuen eta aholkulariaren kontra.