Gizarteratze zentro bat bakarrik ez, kartzela "ertain" bat ere eraikiko du Espainiako Gobernuak Zubietan, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak jakinarazi duenez. Espainiako Kongresuan iragarri du proiektua, Mikel Legarda EAJko diputatuaren galdera bati erantzunez.
Barne ministroaren esanetan, "ahalik eta azkarrena" eraikiko dituzte espetxea eta gizarteratze zentroa, eta azpiegiturak amaitu eta "berehala" Martuteneko espetxea (Donostia) ixtera konprometitu da, egunik zehaztu gabe.
Grande-Marlaskak azaldu du Espainiako Gobernua espetxe guztien amortizazio eta berrantolatze plan bat egiten ari dela, eta plan horrek ekarriko duen berrikuntza nagusietako bat izango dela Martuteneko kartzela ixtea. Aurretik, baina, Zubietan kartzela bat eta gizarteratze zentro bat eraiki behar direla zehaztu du. Gizarteratze zentroak 3. graduan dauden presoak hartuko ditu, eta espetxealdia eskatzen ez duten bestelako zigorrak betetzeko balioko du. Haren ondoan eraikiko da espetxea. Proiektu hori gauzatzeko, ministerioak Donostiako Udalarekin akordioa duela adierazi du.
Egunik ez
Ministroaren erantzunak ez du argitu EAJk jakin nahi zuena. Legardak kritikatu du Grande-Marlaskak ez zehaztu izana egunik Martutene ixteko. Diputatu jeltzaleak nabarmendu du Martuteneko kartzela eraistea oso garrantzitsua dela auzoa eraberritzeko. Hala, gobernuak Martuteneko kartzelaren inguruan dituen asmoak zehazteko eskatu du. Legardak iritziz hainbatetan aldatzea leporatu dio Madrili. Diputatuak adierazi du Martuteneren ordez azpiegiturarik ez zuela eraikiko iragarri zuela gobernuak lehenik, gizarteratze zentro bat eraikitzea erabaki zuela ondoren, eta gizarteratze zentroa eta kartzela egingo dituela esan duela orain.