Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali ditu gaur gauean Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, Naia Zuriarrain eta Saioa Agirre. Aldiz, baldintzarik gabe aske utzi ditu Erramun Landa, Jose Luis Gallastegi eta Joxe Domingo Aizpurua, eta Asier Etxabe eta Juan Mari Jauregiri bermea jarri die -12.000 eurokoa eta 30.000koa-.
Hamarrak gaur hartu ditu epaileak. Luis Barroso fiskala haren bulegoan izan da deklarazioan. Aldiz, ez atxilotuen konfiantzako abokatuak, ez baitiete egoten utzi; gainera, Grande Marlaskaren bulegoa dagoen solairutik bidali egin dituzte. Atxilotuak ofizioko abokatuekin izan dira.
Hamarrak asteazkenean Bizkaian eta Gipuzkoan asteazkenean atxilotu zituztenetik gaur arte inkomunikatuta eduki dituzte, Guardia Zibilaren esku. Gainera, senideek salatu dute Landa eta Agirre Bilboko Basurtuko erietxera eraman behar izan zituztela atxilotu eta ordu batzuren buruan.
Atxilotuetako hiru abokatuak dira: Zulueta, Enparantza eta Sarriegi. Ildo horretatik, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak salaketa gogorrak egin zituen atxilotuen aurka: presoen eta ETAko buruzagitzaren arteko bitartekari lana egitea egotzi zien, iraultza zerga-ren kobraketetan parte hartzea, ETAko kide berriak lortzea eta ETArentza jomugak aukeratu eta haiei buruzko informazioa ematea. Areago, erakunde armatuari beraren kontra atentatua egiteko informazioa ematea leporatu zien.
Pla ere libre geratu da
David Pla ere aske geratu da gaur, Parisen. Ostiralean atzeman zuen Frantziako Poliziak Hendaian (Lapurdi), sarekada harekin lotuta, eta gaur eraman dute Parisko epailearen aurrera. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak 17:00etan jakinarazi du epaileak libre utzi duela.
Rubalcabak ostiralean zioen Pla ETAren zuzendaritzako arlo politikoko kiderik garrantzitsuenetakoa zela, eta aipatutako abokatuen nagusia ere bazela.
"David Plarekin gertatu denak agerian uzten du Espainiako komunikabideen intoxikazio mediatikoa norainokoa den", salatu du AAMk. "Rubalcabaren zerbitzura gerra propagandarako tresna bihurtu dira Espainiako komunikabide handiak, eta horretarako gezurra, intoxikazioa eta manipulazioa inolako arazorik gabe darabiltzate".
Milaka lagun atzo manifestazioetan
Atzo milaka lagunek parte hartu zuten polizia operazio hori salatzeko Errepresioa amaitu! Demokrazia Euskal Herriarentzat lelopean Bilbon eta Donostian egin ziren manifestazioetan.
Polizia operazioa
Zulueta, Enparantza, Sarriegi, Zuriarrain eta Agirre kartzelara bidali ditu Grande Marlaskak
Landa, Gallastegi eta Aizpurua baldintzarik gabe libre geratu dira, eta Etxabe eta Jauregi bermepean. Bizkaian eta Gipuzkoan atxilotutako hamarrak gaur eraman dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera, bost egunez Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta izan ondoren. Atxilotuen konfiantzako abokatuei ez diete utzi deklarazioan egoten. Pla aske gelditu da Parisen; Rubalcabak asteburuan zioen ETAren zuzendaritzako arlo politikoko kiderik garrantzitsuenetakoa dela. Atzo milaka lagunek parte hartu zuten Bilbon eta Donostian polizia operazio hori salatzeko egin ziren manifestazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu