Zume lotura, aro berrirako zubia egiteko

Elkartu, «herri gisa» aritu, eta bestelako garai batera iristeko zubi lana egiteko asmoa azaldu du Amaiurrek, igandean Iruñeko Baluarten koalizioa aurkezteko egindako ekitaldian.

Amaiurrek koalizioa aurkezteko igandean Iruñeko Baluarten egindako aurkezpen ekitaldia. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Zubia hartu du irudi nagusitzat Amaiurrek, hau da, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira osatutako koalizioak. Bestelako garai batera igarotzeko zubia irudikatu nahi dute. Gatazka gainditzeko bideari lotuko zaion zubia, sustatzaileen hitzetan, eta burujabetza iparrorratz izango duena. Hain zuzen, aldarri horixe hartu dute lan nagusitzat: Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea Madrilen bertan aldarrikatzea. Eta hori «lur arrotz batean» egingo duela ohartarazi du sustatzaileetako batek, Pello Urizar EAren idazkari nagusiak. «Euskal Herriaren nazio eskubideak ukatzen dituen erdigunera bertara» eramango dutela «independentismoaren ahotsa», han jasoko dituzten erantzun eta «kritikak» direnak direlakoak izanda ere. Autodeterminazio eskubidearen inguruko eztabaida agenda politikoaren erdigunean ezarri nahi du koalizioak.

Zubia bestelako eredu politiko, sozial eta ekonomikoari begira ere egingo dutela agindu dute. «Gezurra da ez dagoela alternatibarik egungo ereduaren aurrean; gezurra da aurrera egiteko bide posible bakarra hezkuntzan, osasungintzan edo kulturan murrizketak egitean oinarritutakoa dela; gezurra da garapenak natur baliabideak suntsitzea eskatzen duela; eta gezurra da eskubide zibil eta politikoen urraketa bakerako bidea dela», adierazi du Amaia Agirresarobe Alternatibako kideak.

Bestelako etorkizun hobe batera eramango duen zubia egin nahi dute, beraz. Eta hori elkarrizketa eta akordioa oinarri hartuta egin nahi dute. Gatazka gainditzeari begira, esaterako, Gernikako Akordioa bide orritzat hartu, haren balioaz ohartarazi, eta horren inguruan indarrak bilduta jardungo dute.

Adostasuna, indar metaketa

Amaiur osatzeko moduak berak erakusten du koalizioaren esentzia: adostasuna eta indar metaketa. Eta luzea izan da Amaiur osatu arteko bidea. Urteetan isilean egindako lan, elkarrizketa eta akordioen emaitza da igandean Iruñeko Baluarten publikoki aurkeztu zuten eskaintza.

Hainbat hausnarketa luzeren ondoren, egoera politikoa iraultzea ezinbestekoa zela eta horretarako bidea elkarlana zela ondorioztatu, eta ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak egin zuten elkarlanerako lehen ituna: Lortu Arte akordioa, 2010eko ekainean Bilboko Euskalduna jauregian sinatutakoa. Aurtengo urtarrilean, beste akordio bat adostu zuten bi alderdi horiek eta Alternatibak: Euskal Herria Ezkerretik.

Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan, koalizioan gauzatu zen elkarlana: Bildu osatu, eta elkarrekin aurkeztu ziren bozetara. Orduko hartan, ezezkoa eman zion elkarlan hari Aralarrek. Bozetara bere kabuz aurkeztu, eta kolpe handia jaso zuen hark; Bilduk, berriz, emaitza historikoak eskuratu zituen.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, «herri gisa» aritzeko deia egin zuten, beste behin, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak. Aralarrek barne hausnarketa egin, eta baiezkoa eman dio orain proposamenari, EAJk ez bezala. Elkarlanerako proposamenari ezezkoa eman zion alderdi jeltzaleak, eta, gainera, gogor kritikatu zuen autodeterminazio eskubidearen alde egitea lehentasuntzat jarri izana.

Ezker Batuak ere ezezkoa eman zion gonbitari. Baina EBko Erabaki ildoak, erabakiarekin ados ez-eta, Amaiurrera batzeko deia egin du. Jesus Uzkudun CCOOko kidea buru duen korrontearen ustez, ezkerreko indarrak batzeko unea da, eta, hortaz, Amaiurren aldeko botoa eskatuko duela iragarri zuen larunbatean, EBko kritikoek alderditik bereizi egingo direla iragarri zuten biltzar berean.

Beraz, koalizioa jendaurrean aurkeztu aurretik ere, hautsak harrotu ditu elkarketak, sustatzaileen hitzetan agerikoa baita potentzialitate handia izango duela bai bozei, bai eraginkortasunari begira.

Horren ondorio da, Txelui Moreno ezker abertzaleko kidearen eta Patxi Zabaleta Aralarrekoaren ustez, UPN eta PP hauteskundeetarako bildu izana. Azken urteetan elkar muturka aritu diren eskuineko bi alderdiak elkarrekin joango dira Espainiako Gorteetarako bozetara Nafarroan, Amaiurrek lor dezakeen indarraz jakitun.

Nafarroaren erroetara

Nafarroako hiriburua aukeratu zuen lehen agerpen publikoa egiteko lekutzat koalizioak, eta ez da kasualitatea. Hautatutako izenak ere karga sinboliko handia du: Amaiur, duela ia bostehun urte Gaztelak konkistatu, eta Nafarroako Estatuaren galera ekarri zuen azken borrokaren kokalekua. «XVI. mendean galdu genuen subiranotasuna, baina XXI.ean berreskuratuko dugu», adierazi zuen Joseba Asiron historialariak koalizioa aurkezteko ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.