Zurrunbilo lazgarria

Madrilgo atentatuaren ondorengo egunetan protesta ugari izan ziren; horietako batean galdu zuen bizia Kontxi Sanchiz 68 urteko hernaniarrak.

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Martxoaren 11ko atentatuen eta ondorengo gertakarien inguruan instituzioek eginiko kudeaketa itsuak arrasto lazgarria utzi zuen Euskal Herrian. Angel Berruetaren hilketari segida eman zion Kontxi Sanchizen heriotzak. Ertzaintzaren oldarraldi batean galdu zuen bizia 68ko urteko hernaniarrak, Berruetaren hilketa salatzeko hiru egunera eginiko manifestazio batean. Manifestariei ertzainak oldartu zitzaizkien, eta oldarraldiaren zurrunbiloan bihotzekoak jota hil zen Sanchiz.

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera iritsi zen auzia, erantzukizunak argitu nahian. Baina Javier Balza Herrizaingo sailburuaren bertsioarekin itxi zuten ikerketa, hainbat lekukotza aintzat hartu gabe eta senideen saminari erantzun gabe.

Zortzi urte igaro dira orduz geroztik, eta orduan bizitakoa ezin duela ahaztu adierazi dio BERRIA-ri Nagore Gonzalezek, Kontxi Sanchizen alabak. Senideek eta lekukoek hasiera-hasieratik ukatu zuten Herrizaingo sailaren bertsioa. Balzaren adierazpenak iraingarritzat jo zituzten, eta gezurretan aritzea leporatu zioten hari. «Egun hartan han nengoen amarekin, eta ondo gogoan dut zer gertatu zen. Zein izan zen Ertzaintzaren eta instituzioen jarrera. Oso gogorra izan zen gezurretan genbiltzala entzutea».

Balzaren arabera, Sanchizek ez zuen manifestazioan parte hartu, Ertzaintza manifestazioaren kontra jo baino zazpi minutu lehenago jaso zuen Osakidetzak laguntza eskatzen zuen deia. Azaldu zuenez, Ertzaintzak ez zuen inolako laguntza eskaerarik jaso eta heriotza jazo eta ordu batzuen buruan izan zuen gertatutakoaren berri.

Senideek eta lekukoek oso bestelako bertsioa eman zuten. Azaldu zutenez, manifestazioan izan zen Sanchiz, eta Ertzaintza oldartu zenean, oso urduri jarri eta konortea galdu zuen; ertzainei laguntza eske joan zirenean, haiek «bost axola» erantzun zutela salatu zuten.

Senideen eta lekukoen testigantzak entzuteko eskaera egin zuen Sozialista Abertzaleak legebiltzar taldeak. Era berean, familiaren abokatuak jakinarazi zuen gertakarien lekuko izan zen ertzain batek Herrizaingo Sailaren bertsioa ukatu egin zuela, Balzari berari bidalitako gutun batean. Giza Eskubideen Batzordeko mahaiak, baina, lekukotza horiek entzuteari uko egin zion, eta auzia itxi egin zuen. «Ez dugu inoiz elkartasunik jaso instituzioengandik, eta ez dut uste jasoko dugunik. Ez dira inoiz gurekin kontaktuan jarri. Ez dut ezer espero. Badirudi bizitza guztiek ez dutela berdin balio haientzat». Herritarren aldetik, aldiz, elkartasun eta babes handia jaso dutela azaldu du Sanchizen alabak. «Horrek indar handia eman digu aurrera jarraitzeko», nabarmendu du.

Tentsioa espetxeetan

Euskal preso eta senideek ere pairatu zituzten M-11ren ondorioak. Atentatuen ostean une gogorrak izan ziren espetxeetan, horiek pasa ondoren presoek helarazitako eskutitzetan jakinarazi zutenez. Hainbat preso lehen graduan sartu zituzten. Eta martxoaren 13 eta 14ko asteburuan 87 preso bisitarik gabe geratu ziren. Euskal presoek beste presoen jipoiak eta mehatxuak jasan zituzten, funtzionarioen oniritziarekin. Senideek ere salatu zituzten mehatxuak eta irainak.

Villenako espetxean zegoen Eider Perez preso sozialen artean jipoitu zuten afal ostetik ziegara zihoanean, funtzionarioen begiradapean. Beheko ezpaina ireki zioten, masailezurra bere tokitik atera, ubeldura ugari eragin eta burua gogor kolpatu zioten. Medikuarengana eramateko eskatu arren, ez zioten jaramonik egin, Perezek salatu zuenez.

Alcalako presoek ere latzak pasatu zituzten. Espetxera atentatuaren berri iritsi zenean, patioan zeuden preso sozialek makilak eta harriak jaurti zituzten euskal presoen ziegetako leihoetara. Gerora zenbait preso sozialek euskal presoei jakinarazi zietenez, erasoak lasai egiteko adierazi zieten funtzionarioek, edozer gertatuta ere ez zituztela zigortuko esanez. Aranjuezen, bestalde, egun haietan hirugarren moduluan zeuden bost euskal presoek kolpeak eta mehatxuak jaso zituztela salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.