2012 bitartean kargua betetzeko konpromisoa hartu du Karmele Artetxek. Lehendik ere hainbat lan egina da UEUn. Biziki estimatzen du erakundearen izaera; euskalduna, zabala, irabazi asmorik gabea. «Testuinguru ekonomiko honetan, daukagun krisi ekonomikoarekin, apustu hori egiten jarraitzea, batzuek esango dute suizida dela, beste batzuek oldarkorra dela. Baina zerbait baldin bada, jarrera etikoa da». UEUko bazkide orori eskatu egin die bidean lagun izateko, baita erakunde publikoei ere. «Kultur proiektuak martxan jartzeko, administrazio eta erakundeak behar ditugu».
20 urtean, 'Uztaro'
Atzo, ikasturte hasierako ekitaldia ere baliatu zuten Uztaro giza eta gizarte zientzien aldizkariaren 20. urtemuga ospatzeko. 1990. urtean hasi zuen bidea aldizkari horrek. Jokin Apalategi zuzendariak nabarmendu zuen, kalitatea xede, urrats erabakigarriak egin dituztela: artikuluak onartzeko iragazkiak zorroztu dituzte, eta euskara maila ere arretaz zaintzen dute. Urtero, 500 orrialde ateratzen dituzte, lau zenbakitan.
Ikasturte hasierako hitzaldia Gidor Bilbaok eman zuen, Iban Zalduaren ordez.
Soslaia
KARMELE ARTETXEIkasle zenetik UEUra atxikia
Gasteizen Historia ikasten ari zela izan zuen Karmele Artetxek (Zamudio, 1976) UEUren berri. Berehala atxiki zitzaion euskarazko unibertsitatearen aldeko erakundeari, eta ordutik bazkide soil bat baino gehiago izan da gehienetan. Historia Sailaren hainbat proiektutan, UEUk sortu eta garatutako Inguma datu-basean, UEUko proiektuen koordinazioan... UEUren alor horietan denetan laga du bere lorratza Artetxek. Harago egin zuen atzo. UEUko zuzendari nagusi gisara aurkeztu zen. Eskola, abaro eta ikerketarako gune izan duen etxe handiko lema eramateko ardura hartu du.EHUko irakaslea da, eta Historian doktorea. Aurten defendatu du tesia: Komunitate Zientifiko Euskalduna. Azterketa historikoa eta bibliometrikoa. Hein batean, UEUri berari estuki lotutako gai bat aztertu du ikerketa lan horretan, goi mailako euskarazko produkzioa, kide kopurua eta azpiegitura deskribatzen baitira bertan, baita beronen bilakaera historikoa ere. Tesiarekin, bere jardueraren bi eremu uztartu ditu Artetxek, historialariarena eta dokumentalistarena. A.IRAOLA