Lanean segitzeko asmoa duela berretsi du UEU Udako Euskal Unibertsitateak, nahiz eta ataka zailean utzi duen Eusko Jaurlaritzak zuzeneko laguntza kendu izanak. Aurrekontuaren laurdena kendu dio Hezkuntza Sailak, datorren urterako aurrekontuetatik ezabatu egin baitu UEUri ematen zion diru saila. Zuzenketak aurkeztu ditu oposizioak, baina atzera bota dituzte. UEUko arduradunek eta buru izandakoek salatu dute Isabel Zelaaren «erabaki politikoa» dela laguntza kentzea: «Hezkuntza sailburua da erabaki horren arduradun nagusia».
Elkar hartuta egin zuten agerraldia azken urteetan UEUren ardura izan dutenek. Azkenaldian jasan dituzten diru murrizketek behea jo dutela ohartarazi zuten: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuetan jadanik ez da UEUren izenik ageri. 177.840 euro jaso ditu aurten zuzeneko laguntzetan; datorren urtean, sosik ez. «Kuantitatiboki diru sail oso garrantzitsua da, baina baita kualitatiboki ere, babes instituzionalaren adierazle den aldetik». Kendu izana UEUrenganako begirune faltatzat hartu dute.
Urteotan guztietan unibertsitatea eta euskara lotzen egindako ahalegina mahai gainean jarri dute: urtean 200 ikastaro baino gehiago, dozena bat eskola liburu, IKTetako proiektuak... Horretan segitzeko asmoa dutela berretsi dute. Bazkideen, erakundeen eta eragileen babesa bilatzen jarraituko dute, gizarteari «ekarpenak» egiteko asmoa hartuta.
Zuzeneko laguntzak eten arren, UEUk segitu egingo du
Erabaki «politikotzat» jo dute Zelaak zuzeneko laguntza kentzea; babes bila jarraituko dutela esan dute arduradunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu