Publizitatea

Iritzia

'Gurtell auzia'

Espainiako Kongresuan irekitako ikerketa batzordean Rajoy gobernuburuak beltzean kobratu zuela esan du ikerketaburuak. Gogoeta egin dute Matutek eta Arrietak.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2017-11-12

Oskar Matute

Sistemaren miseriak eta azpijokoak

Oskar Matute. EH Bilduko diputatua

Sarri askotan, are gehiago Euskal Herrian, dudak sortzen dira naftalina usaina duten erakundeen erabileraz eta zentzuaz. Espainiako Diputatuen Kongresua da horren isla. Behin baino gehiagotan zalantzan jartzen da instituzio horrek zerbaitetarako balio ote duen Espainia gobernatzea amesten duten indar politikoen arteko konfrontazio antzeztu batetik harago. Eta ez zaie arrazoirik falta zalantza horiei. Dena dela, erakunde zaharkitu horretan ere badira harresiak gainditu ditzaketen esparruak, eremu publikoko jokabide ankerrak lau haizeetara zabaltzeko eta erantzuleak argi eta garbi salatzeko balio dezaketenak.

Ezbairik gabe, PPren legez kanpoko finantzaketa ikertzeko batzordea da esparru erabilgarri horietako bat. Askori gehiegi gustatu ez arren, EH Bildu ere erakunde kriminal horren azpijokoak ikusarazteko aukera izaten ari da batzorde horretan. Oraingoz, PPren diruzain ohiek, Barcenas izar modura agertuta, UDEFeko Polizia Inspektoreak eta Gurtel kasua lehertu zeneko Polizia Judizialeko komisario ohiak baino ez dute deklaratu. Eta soilik agerraldi horiekin, ozen eta ziur esan dezakegu ustelkeriaren jatorriaz, tamainaz eta ondorioez hainbatetan defendatu dugun tesi nagusiarekin bete-betean asmatu dugula: alegia, urteetan zehar sostengatutako ustelkeria sistemikoa dela Espainian, ez salbuespenekoa, ezta gutxi batzuen kontua ere. Guztion dirua lapurtu du PPk patrika pribatuetan gordetzeko, eta etengabe batzordea mugatzeko jarritako oztopoak oztopo, ikerketa aurrera doa; poliki, baina irmo.

Enpresariek dute agindua, eta haien esanetara dauden politikari otzanek txintik egin gabe betetzen dute iruzurra; dirutzaren truke, noski. Eta ez espresuki herritarren interes orokorraren alde, Espainiako konpainia erraldoien mesederako baizik. Nola? Maneatutako adjudikazio publikoen bidez, eskaintza bidegabeak eginda eta legez kanpoko komisioak kobratuta.

Gordintasun berarekin jakin dugu Gurtel auzia eta Barcenasen paperak ikertu dituztenek erabateko egiazkotasuna ematen dietela, eta aho bizarrik gabe seinalatu dituzte iruzurraren atzean daudenak, B kutxatik diruz betetako gutunak jaso zutenak. Azken hamarkadetan PPko buru izandako guztiak daude zerrendan: Mariano Rajoy, Javier Arenas, Paco Alvarez Cascos, Angel Acebes, Jaime Mayor Oreja, Maria Dolores de Cospedal eta abar, eta abar.

Baina iruzurgileak dauden kasu guztietan daude iruzur hori sostengatzen dutenak. Kasu honetan, Espainiako enpresarik boteretsuenak, obra publiko batetik bestera saltoka ibili direnak, adjudikazioak irabazteko zortea izateagatik. 2012ra arte Polizia Judizialeko komisario izandako Juan Antonio Gonzalez Garciak —agintera iritsi bezain pronto kargugabetu zuen PPk— aitortu du eraikuntza eta finantza enpresa entzutetsuak daudela Gurtel tramaren onuradunen zerrendan.

Baina izan gaitezen zintzoak: litekeena da Kongresuko batzordean frogatutzat jotzea PPko agintarien erantzukizuna, baina, aldi berean, ondorio penalik ez izatea. Zergatik? Estatu osoari eragingo liokeelako kasuak. Hain dago hedatua iruzurra, sistema bera eroriko litzateke berarekin batera, bakarrik ustelkeriaren icebergaren punta ezagutzen dugun arren.

Ziurrenik, horrek azaltzen du komisario ohiaren aitorpenak Espainiako hedabideetan izan duen oihartzun mediatiko eskasa. Medioek aspaldi utzi zioten informazio igorle izateari iritzi sortzaile izateko, ziurrenik trantze deseroso hau lehenbailehen estaltzea komeni zaielako; gaia ezkutatzea, show- ak bere bidea jarrai dezan, estutasunak estutasun.
Felix Arrieta Frutos

Ez dugu ikusi nahi

Felix Arrieta Frutos. Deustu Forumeko zuzendaria, politologoa

Azken hilabeteetan Kataluniaren aferak dena estali duela dirudi. Aldebakarrekotasunaz, legeaz, legitimitateaz, justiziaz eta beste hainbat gauzaz hitz egiten da albistegi eta iritzi emaileen zutabeetan. Eta oraindik ekarriko dituenaz. Ehun eta berrogeita hamabost kontu baino gehiago, ziur.

Baina bitartean, epaitegiek, legearekin, legitimitatearekin eta justiziarekin zerikusia duen beste afera bat ere izan dute esku artean, Gurtel auzia. Eta aste honetan jakin dugu, Barcenas famatuaren paperetan agertzen zen M. Rajoy delakoa Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoy bera dela. Zeinek esango luke, aizu. Zeinek esango luke Rajoy bera testigu izan zuen kasuak, azkenean, Alderdi Popularraren (eta Espainiako Gobernuaren, bide batez) egitura bera zalantzan jarriko zukeenik.

Ez dut sinesten konspirazio teorietan. Ez dut sinatuko Rajoyren gobernuak hauspoari modu interesatu batean eta Gurtel isilarazteko bakarrik eman dionik. Baina, lagun kolonbiar batek esaten duen bezala, «ez dago kasualitaterik, kausalitateak baizik». Eta arrazoi argiak daude iritzi publikoak eta berau osatzen duen gizarteak, bere kezka nagusienen artean Espainia gobernatzen duen alderdiak urtetan korrupzio egitura bat sostengatu izanaren inguruan kezkatuta ez egoteko.

Alde batetik, Rajoy gobernuko presidentearen jarrera. Jakina da bere esanik ezagunena dela gauzak «zentzuz» egin behar direla. Eta horren harira, arazoen inguruko indiferentzia sakona transmititzen du publikoki, berekin zerikusirik izango ez balute bezala, «marianismo politikoa» praktikatuz, arazoak usteltzeraino ia pasatzen uztearen artea. Eta ongi atera zaio gainera. Espainiako hautesleek, Gurtel jakitera eman zenetik, hauteskundez hauteskunde modu fidelean saritu dute haren jarrera. Egia da jaitsi egin dituela bozak. Egia da hori dela baita ere azken inkestek diotena.

Baina egia da baita ere ez dela korrupzioarena Espainiako hautesleek bereziki zigortzen duten kontu bat. Amortizatuta dago. Baita eskuin aldetik beste estilo batekin politika berritzera zetozen beste alderdien aldetik ere. Akuilu lana egiteko aukera paregabea izanik, gai honetan euren indarra ez dute erabili insistentzia handiegirik egiteko.

Bestalde, iritzi publikoan eragiten duten komunikabide eta sare sozialen mundu ikuskera. Espainiaren irudi monolitikoak markatzen du, ezker-eskuin, eta salbuespen gutxi batzuekin, gehienen imajinarioa. Logika honetatik, legalitatelegitimitate binomioak nazioaren interesari eragiten dionean eragiten da olatu mediatikoa. Baina Gurtel auzian gertatzen den bezala, Espainiako Gobernuaren legitimitatea oinarritik zalantzan jartzen denean, babesa (eta koadroak) ematen dizkion alderdiaren korrupzioa medio, inork ez du honen islarik egiten. Eta gurean bezala hau pluralagoa denean, iritsi ere ez da egiten. Zergatik ote? Ez gara, agian, horren diferenteak?

Ez digute, beraz, ikusten uzten. Edo ez dugu ikusi nahi. Baina gure ardura da kasu hauek mahai gainean jarri eta pentsatzen hastea: noraino da legitimoa hura sostengatzen duen alderdia korrupzioak beteta duen gobernua? Noraino da legitimoa dirua beltzean kobratu duen presidentea? Eta are gehiago, argudio bakarra legalitatearen defentsa denean, non uzten du honek bere posizioa? Ikus dezagun. Galdetu dezagun.