Publizitatea

Iritzia

Bilbo

Udal talde guztiak bat etorri dira segurtasun plana berrikustearekin. Zein irizpide eduki beharko lituzke? Olatz Dañobeitiak eta Nerea Barjolak egin dute gogoeta.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-03-18

Olatz Dañobeitia

Zaurgarritasuna eta segurtasuna

Olatz Dañobeitia. Soziologoa

Abenduan eta urtarrilean Bilbon jazotako gertakari mingarriek barrua hartu ziguten. Ordutik landa, franko izan dira adierazpen politikoak, prentsa eta sare sozialetako iritziak, auzokide antolatu eta antolatu gabeen usteak. Modu batera edo bestera alarma soziala piztu eta ostean etorri da Bilboko udaltzain eredua auzitan ipintzea eta baita Bilboko segurtasun plana berrikusteko akordioaren izenpetzea ere. «Bilbo eta segurtasuna» binomioa bolo-bolo dabilela, ezinegona sortu zait eztabaidaren kokapen eta gaitegiarekin.

Funtsean zertaz ari gara segurtasunaz mintzo garenean? Bilboko eliteen diskurtsoak entzunda, noren eta zeren segurtasunaz ari direneko galdera datorkit. Herritarron iruditegiei behatuta, aldiz, seguru sentitzea zer ote den eta zer behar dugun horretarako.

Segurtasuna kanpotik datorren erasoren batek geure ondasun material eta ondoizan fisikoa arriskuan ipintzearekin lotzen dugula esango nuke. Eta horrek eragin dit kezka. Bizitza zaurgarria dugu berez; berau antolatu eta bizitzeko elkarren beharra dugu. Materialak, afektiboak, erlazionalak eta identitatezkoak diren beharrak ditugu gutxienean. Egun, zaila da horiek denak aseta izatea, eta ez da berdina herritar ororentzako. Gure klaseak, arrazak, sexuak, generoak, adinak, sexualitateak, funtzionalitateak eta bizitokiak baldintzatzen baitituzte. Agerikoa egiten zait hau Bilbo Zaharrean bizita, kalean gora edo behera eginda, klase baxua, adinekoak, ez-zuriak eta Bilboko giza bazterrak ikusgai baitaude lehen begi-kolpean. Nork antolatzen du Bilbo? Eta norentzat eraikitzen da? Hirigintzari dagokionez, zein aktibitate lehenesten dira eta non? Eta zeintzuk desagerrarazi eta ekidin? Beraz, zein herritar lehenesten dira eta zeintzuk baztertu? Badira Bilboko hiri ereduarekin erabat kritikoak diren aktibista profesionalak. Kotxeak, aktibitate produktiboak, kontsumismoa, espekulazioa, gentrifikazioa, segregazioa eta parte hartze politikorik eza hauspotzen duen Bilbo salatu dute. Herritarron eguneroko beharrak berton garatzea geroz eta zailagoa zaigu. Auzokide eta auzoen arteko saretze komunitarioa, elkarrekin egon eta ekiteko lekuak, garraiobide eta komunikazioak, doako edo auto-antolatutako zerbitzuak, adierazpen askatasuna, hirian eta bere kaleetatik aske mugitzeko aukera nekeza zaigu. Eta hau guztia ez al da segurtasuna? Aldapan gora eraikitzen dugun bizimodu petralak zenbat titulu ditu?

Badira hiri honetako antolakuntzak geure osasunean dituen ondorioak ere ikertu duenik. Izan ere, ezaugarri sozioekonomikoek, ikasketa mailak, ingurumenak, hirigintzak eta zerbitzu publikoen eskuragarritasunak geure bizi itxaropena handitu edo txikitu dezakete. Bilbon Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra dira bizi itxaropen txikiena dutenak. Gizonen kasuan Indautxun ala Bilbo Zaharrean bizitzeak 7 urteko aldea dakar, adibidez. Horrek ez al du alarma sozialik merezi?

Aldiz, segurtasuna poliziarekin eta polizia ereduarekin baino ez dugu lotzen sarri. Eta izan badu zerikusirik, polizia ereduak herritar batzuen zaurgarritasunarekin eta beste batzuen segurtasunarekin zerikusia izan ohi duelako, gaurdaino bederen. Eta, itsumustuan, neutralak ez diren medioak geure beldur emozioak manipulatuz hasten zaizkigunean, gure gizartean nagusi den zigor logikaren olatuak berarekin garamatza. Funtsean pobrea, emakume erasotua, disidente politikoa eta ez-zuria izanez gero, lehenago edo beranduago, zigor logikak gu geu iruntziko gaituela ohartzeke. Segurtasunean irabazi beharrean zaurgarritasunean irabaziz.
Nerea Barjola

Autoritate patriarkala eta segurtasuna

Nerea Barjola. Feminismo eta Generoan doktorea

Iragan astean sinatu zuten Bilboko Udalean herritarren segurtasunaren aldeko ituna. Zorionez, hainbat ordezkari politikariren ahotsak entzun ziren, eta zehaztu zuten zer-nola ulertu behar den segurtasuna; paradigma aldatu beharra dagoela proposatu zuten.

Orain dela gutxi, Giorgio Agambenen artikulu bat irakurri dut; gogoeta sakona egiten zuen segurtasunaz eta demokraziaz. Eta hauxe zioen gutxi gorabehera: orain arte «segurtasun arrazoiengatik» formula erabili izan dela, eta autoritate argudio gisa funtzionatzen zuela, zeinak behartu egiten baitzuen amore ematera bestela ezin onartuzkoak ziren neurrietan. Interpretazio horrek arrazoibide argi bat iradoki zidan, edo, are, autoritate/patriarkatuaren eta segurtasunaren arteko lotura zuzen bat. Ezin deseginezko binomio bat, erne egonarazten gaituena. Arrazoizkoa da zalantza izatea: emakumeok zer ari gara galtzen eskaintzen ari zaizkigun autoritate horretan, segurtasun horretan? Eta ezinago argia da erantzuna ere: askatasuna. Segurtasun kontzeptu horren barruan dago emakumeak babestu beharraren ideologia patriarkala.

Segurtasun kontzeptuak zeharo bestelako eragina duela gizonetan eta emakumeetan, hori ez da berria. Beraz, herritarren segurtasun politika orok kontuan izan beharko luke aldagai hori; bestela, sistema matxista bat iraunaraziko luke, zeinak emakumeen segurtasunik eza betikotzen baitu, aurrerantzean ere existitzeko behar duen oinarri gisa. Ideia horren argigarri, eguneroko adibide bat jarriko dut: hiltzeko arriskuan dauden eta babes neurriak dituzten emakumeen kasuan, argi dago zein den dinamika; emakumeak zaintzapean daude —espazio publikoa toki arriskutsua da—, baina erasotzaileek erabateko autonomia dute, eta libre ibiltzeko eskubidea. Ikuspegi horretatik, zigor bihurtzen da «babesa». Beraz, sistemak nori ematen dio segurtasuna? Izan gaitezen zintzoak: zeuon burua babesten duzue, eta zeuon sexu statu quo-a.

Garrantzitsua da segurtasun premietan sakontzea, eta, emakumeen eskarmentuan eta emakumeek beldurrarekin duten harremanean oinarriturik, hainbat politika eratzea, segurtasun kontzeptu sakonago bat barneratua izango dutenak eta emakumeei espazio publikoan egoteko autonomia eskainiko dietenak, zuzenbidez, gizonen baldintza berberetan. Hori lortuko bada, ordea, ezinbestekoa da prestakuntza feminista batetik abiatzea eta eremu guztiak modu transbertsalean zeharkatzea. Ikastetxeetan hezkuntza feminista irakasteak segurtasun handiagoa ematen du kaleak poliziaz josteak baino. Bestela esanda: arriskua errotik kendu behar baldin bada, arriskutsua da prestakuntza feministarik gabeko gizarte bat. Horretarako, beharrezkoa da aurrekontuko diru saila modu bidezkoan banatzea eta mugimendu feministarekin elkarlanean garatzea denok identifikatuko gaituzten ekintza politikak. Hala eta guztiz ere, diruaren parte handi bat polizia indarrak areagotzeko erabili izan denez, justiziazkoa izango litzateke gehituko zaizkien berri horiek baliatzea urruntze agindua duten erasotzaileak zaintzeko, eta, hala, haien erasoak jasan behar izan dituzten emakumeek espazio publikoa eta askatasuna berreskuratuko lituzkete. Hori ere herritarren segurtasuna baita.

Oraingoz, gure segurtasun proposamenak antz handiagoa du kaleak hartzearekin, joan den Martxoaren 8an egin bezala, eta, espazio publikoa toki feminista bihurturik, Bilboko udaletxeko harmailaditik aldarrikatzearekin: «Ez gaituzte geldituko, gora emakumeon borroka!». Horra hor aintzat hartzen ditugun autoritatea eta segurtasuna.

( Erredakzioan itzulia )