Publizitatea

Iritzia

Hiriguneak norantz

Hirietako erdiguneek gero eta antz handiagoa dute elkarren artean. Politika jakinak daude horien atzean. Gogoeta egin dute Arrietak eta Zelaietak.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-03-25

'Starbucizaziotik' 'koxkerismora'

Felix Arrieta Frutos. Soziologoa

Orain dela urte batzuk, George Ritzer soziologoak McDonaldizazioa terminoa sortu zuen, prozesu produktiboetan gertatzen ziren estandarizazio prozesuez hitz egiteko. Modu honetara, enpresa guztiek beren egiturak berdintze aldera jo zuten, horrela diru kostuak aurreztuz. Ritzerrek enpresa munduan aztertutakoa orain antzeko moduan ikus dezakegu gure hiriguneetan, modu diferenteetan adierazita. Komertzioari begiratzen badiogu, multinazional handiek ordezkatu dituzte orain gutxi arte nagusi ziren denda txiki eta bakarrak, familiarrak. Hiri bakoitzak bazuen bere ezaugarria, bere adjektiboa, zituen denden arabera. Baina azken urteetan, marka eta kolore diferentetako multinazionalek hartu dituzte gure hiriguneak. Arropa, janari, kafe edo liburudendak ez dira, dagoeneko, hiri edo herri bakoitzeko egoeraren ezaugarri, kate handien boterearen erakusleiho baizik. Modu horretan, gauden tokian gaudela ere, estandarizazioaren izenean, ez dugu arazorik izango Zarako kamiseta txuri bat erosi edo Starbuckseko kafesne bat hartzeko ere.

Eta zein eszenatoki uzten digu honek? Zein hiri espazio sortzen du? Identitatea da auzitan jartzen den lehen aldagaia. Hiri bakoitzak uko egin dio berezkoa zuenari, nazioarteko ligan modu globalean jokatzeko auzian. Egia da, hala ere, azken urteetan ekimen berezko eta txikiak ere sortu direla mugimendu handi honi kontrajarriz, baina hauek aurrera egiteko bidean, kasu batzuetan ia titanikoa da ahalegina, liburudenda alternatiboen kasuan ikusi dugun bezala.

Baina komertzioaren eraldaketaz gain, badago paraleloan gertatzen ari den beste bat: gentrifikazioarena. Gure hiriek zituzten auzuneak, errekuperatzen (aztertu beharko litzateke errekuperatzea zer den) ari omen dira, logika eta estilo bateko elementuak erabiliz. Ezin uka daiteke gentrifikazioak ondorio positiboak dituela. Auzoak ireki egiten dira, eta modu batean, gainontzeko auzokideek ere beraienak balira bezala bizitzeko aukera ematen dute. Baina ondorio negatiboak ere izan ditzake prozesu honek. Adinekoen inguruan egiten ari garen ikerketetan elementu kezkagarri bezala detektatzen da, nagusiek erreferentziak galtzen baitituzte, sozializaziorako espazio publikoei dagokienez batetik, baina taberna eta lokalei dagokienez batez ere. Postureoa bilatzen duten lokal eta taberna berrietan, zein toki dute beraien kafesnea hartzera joaten diren adineko emakumeen taldeek? Zein toki dute txikiteroek? Ezinbesteko elementua da gure auzo eta herriak, ikusteko baino gehiago, bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko espazioak izan daitezen. Kalea errekuperatzen ari den honetan, ezinbestekoa da belaunaldi arteko topaketarako espazioak bilatzeko gaitasuna izatea.

Urteetan zehar, elkarbizitzarako arazo larriak pairatu dituzte gure kale eta auzoek. Biolentzien agerleku izan dira, mehatxua atzean zuten margoketa lanen lientzo gogogabeko ere bihurtu dira. Gure gizartea beste fase batzuetan murgiltzen ari den honetan (nahi baino polikiago, agian, baina dinamikak sortzen), aukera paregabea dugu espazio publikoa denontzat eta denon bitartez elkarbizitza eta elkarrekintza toki izateko. Espazio publikoak ezin du izan ukitu ezin daitekeen koadro bat. Espazio publikoa ezin da izan, halaber, estandarizatutako Ikeako altzari bat; bere ezaugarri propioak landu behar ditu, tokian tokian. Auzo bakoitzeko elkartegintza eta gizarte zibila ezinbesteko giltzarriak izango dira helburu hauek lortze bidean. Eta, lizentzia onartzen badidazue, starbuckizazioa utzi, eta koxkerismoa errekuperatu behar dugu. Toki guztietan.

Zenbakien magian ez dut inoiz sinetsi

Ahoztar Zelaieta. Kazetaria eta ikertzailea

BERRIAk estreinatzeko aukera ematen dit eta kristoren gai orgiastikoa proposatu: Hiria. Galdakaoko baserri batean hezi eta hazi nintzen. Ikastola bera hiritik urruti zen. Birjintasuna Bilbao hirian galdu eta auzo ezberdinetan bizitzeko aukera izan dut.

Santutxu auzo esperimental hura gertutik ezagutzeko aukera izan nuen, baina Alde Zaharreko Gaztetxean, Gaueko eta Txoko-Landa bezalako aretoetan elkar-bizitzeari ekin nion. Orduan, punk kulturan murgildurik, betaurreko horiekin hiriko bizitza ikusten. Garaikideak Gabriel Aresti berriz irakurtzen eta berreskuratzen, bere omenez monolito bat jarri zioten Arte Ederretako Museoaren aurrean. Guggenheim unibertsoan Gabriel sobran egongo da, industriaren ondarea bezala. Monolitoa kendu, nire izena proposatu zuen poeta hura bigarren plano batean utzi eta zenbakien mundua inposatu ziguten: zenbat glamour, zenbat bisita, zenbat turista… Be basque, don't worry.

Zorrotza auzoa, bihotzean sartu zaidan labana eta ezin atera bizitza osorako. Afilatua, gogorra eta Guggenheim kosmos honetako puzker beltza. Gaur, berton, umeak hiltzen dira infra-etxebizitza batek sua hartu ondoren. Amona eta amak hiltzen dira trenbideak zeharkatu nahian. Autobideak bitan zatitzen du Zorrotza eta auzoaren inguruan ez dira falta kutsadura handiko guneak. Gutxi duenak dena ematen du. Zorrotzatarrak eta eskuzabalak, beraiek jaso zuten Bilboko portua eta beraiek jasatzen dute euskal oasiaren mitoa. Gabriel Arestik monolitoa du, anbulatorioaren aurrean gainera. Errezeta ona.

Bilbao hiri kosmopolita edo postmodernoaren xarma zela eta, mugimendu kultural eta soziologiko ugari martxan daude garai horretan. Bilbo Zaharreko auzokide bezala, atzerritik etorritakoekin eta ijitoekin elkarlanean ibiltzea ez dut sekula ahaztuko. Odolean inprimatuta dauzkat han bizitako eskarmentu ugari. Gaur, auzoko hipsterrak dira medioetan laudatuak, baina bizitza gehiago badago Bilbao La Nuite glamuroso edo casposo horren atzean. Tele Bilbao telebista katean agertzen den ilargi hori Bilbao hiriko aurpegi bat baino ez da, eta eskerrak.

Otxarkoaga, nire auzo anaia, aipatzera behartuta sentitzen naiz. Ezagutzen dut pa ya dagoen bertoko konpartsa bat eta legearekin borrokan galdu zuten beste batzuk. Hitzik gabe, muxuak, negar batean. Orain gutxi, zerbait publikatu dut auzoaz: anomiaren teoria, hirigintza krimipetoa eta Txurdinaga auzo krimifugoa bihurtzeko asmoen inguruan.

Auzo homogeneoak sortzeko prozesuak, gerontrizazioa, turistifikazioa… ere interesgarriak dira. Espekulazioaren inguruan ere zerbait atera dut Gasteizko operación centro delakoaz. Baina espazioaren diktaduran bizi gara, bukatzera noa.

Bost urte dira Bakion bizi naizela. Batzuek Zarautz zuten buruan Bakioko hirigintza planak aurrera eramateko. Elizaren aztarna magikoaren alboan, erlijio catódico berri honen dragoiaren urratsa dago orain. Gaztelugatxe, tronuen jokoan, espazio gesoestrategikoa bihurtu da. Guggenheim Urdaibai frankiziaren zain daude Cristal oscuro filmeko putreak. Nik ez dut inoiz sinetsi San Joanen urratsa zegoenik, ezta zenbakien magia honetan ere.