Publizitatea

Iritzia

Itzulpengintza

Euskarak itzulpengintza behar du. Baina zer ekarri? Hizkuntza gutxituetakoak euskaratzea ez ote da interesgarri? Auzmendik eta Sarasolak egin dute gogoeta.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-04-08

Lurdes Auzmendi

Lehen mailarako bidean

Lurdes Auzmendi. Itzultzailea

Iñaki Mendigurenek itzulita, Jonathan Swiften Gulliver-en bidaiak liburuarekin eman zitzaion hasiera 1990ean Literatura Unibertsala izeneko bildumari. Erronka handia izan zen egitasmoan abian jarri genuen alderdi guztiontzat: Jaurlaritzako Kultura Saila, argitaratzaileak eta itzultzaileak. Hiru etapatan argitaratutako bilduma honek dagoeneko 171 izenburu dauzka: Irene Aldasorok itzulitako Emily Brontëren Gailur Ekaiztsuak da argitaratuta dagoen azkena. Berriak itzultzen ari dira.

Munduko idazlerik handienetakoen lanak dira, hizkuntza nagusi gehientsuenetatik itzulita daude eta literatura zalearentzat aukera zabal-zabala dago. Eta beste balio batzuen artean, esan behar da euskal literatur idazleentzat ere lagungarria gertatu dela bilduma, hizkuntza lanketaren aldetik. Ez dut esango nolako harrera izan duten irakurleen artean, zenbat saldu diren. Horretarako, uste dut aski argigarria dela martxoaren 15ean egunkari honetan euskarazko kultura kontsumoari buruz Siadecok eginiko txostena irakurtzea. Bertan esaten da euskaldunen %23k dutela euskarazko liburuak irakurtzeko ohitura. Beste %19k noizean behin irakurtzen omen dituzte euskarazko liburuak. Eta euskarazko liburuak esaten denean euskaraz sortuak nahiz euskaratuak hartzen dira kontuan. Euskaraz ez irakurtzeko arrazoiei buruz galdetu zaienean, iritzi bat izan omen da nagusi (%43): erraztasunik edo ohiturarik ez euskaraz irakurtzeko.

Gogoan dut 1998an besteak beste Juan Garziak itzulitako Borgesen ipuin bilduma Donostiako Usandizaga Institutuan aurkeztu genuenean bertako irakasle batek nola esan zidan berak ezin zuela Borges euskaraz irakurri, oso zaila egiten zitzaiola. Erraztasunik ez, beraz, euskaraz irakurtzeko. Nik ez dakit euskaraz irakurtzeko erraztasuna falta den, edo oro har liburuak irakurtzeko, eta ez bakarrik belaunaldi gazteen artean, orokorragoa dela esango nuke. Hala eta guztiz, literatura itzultzen jarraitzeko beharra ikusten da, liburuak idatzi eta argitaratzeko beharra. Izan ere, edozein hizkuntzarentzat, edozein hizkuntzatako hiztunentzat literatura erabat beharrezkoa da gozamenenerako, zorionerako, bizitza aberasteko, mundua zabaltzeko, eta horregatik eskaintza zabala behar dugu, literatura ona, lehen mailakoa. Kontua da zein hizkuntzatan sortzen da literatura ona, zein herrialdetan, gure gazte gehienek dakizkiten hizkuntzetatik ekarri behar dugu gurera, kultura hedatuenetan sortzen denik euskaratu behar dugun. Itaundu didate ez ote den interesgarriagoa hizkuntza ez hegemonikoetan sortutako literatura ekartzea. Ez ote duten gureari gehiago eskaintzeko.

Balizko irakurleak gazteleraz badaki, eta jo dezagun, ingelesez edo frantsesez ere irakurtzeko gauza dela, plantea daiteke, eta hain zuzen planteatzen da ea merezi duen hizkuntza horietatik itzultzeak. Nire ustez, euskaraz irakurtzen ohituta dagoenarentzat, berdin du gazteleratik, ingelesetik edota errumanieratik itzulita egon. Berak euskaraz irakurtzen du eta kito. Beraz, jatorrizko hizkuntzak ez dauka eraginik itzulitako obran, liburua ona izan eta ongi itzulita egotea da garrantzitsua. Eta bestetik, nola justifika daiteke literatura unibertsala deitzen den bilduma bat gazteleraz eta ingelesez idatzi duten idazle handien lanik gabe? Euskarak baditu berez nahiko aje, badugu euskal hiztunok nahiko lan aurrera egiten, gainera gurearen antzeko egoeran dauden beste hizkuntzen taldean geratu nahi izateko. Onena, handiena, ederrena lortzea izan beharko genuke helburu, eta beti lehenengo sailkapenean egotea. Sailkapen horretan zilegi da hizkuntza txikietako literatura ere sartzea, ez txikia delako, ona delako baizik.
Beñat Sarasola

Unibertsalaren ertzak, kanonaren mugimenduak

Beñat Sarasola. Idazlea

Ez nuke kontu terminologikoetan katramilatu nahiko hasi baino lehen, baina egia esan, literaturaz aritzean, nahiago dut «mundukoaz» jardun «unibertsalaz» baino. Txikikeria irudi luke, baina bi kontzeptuek nazioarteko literatura ulertzeko bi modu sinbolizatzen dituzte nolabait: unibertsala, tinta ezabaezinez idatzitako kanon zurrunarekin lotutakoa; mundukoa, arkatzez idatzitako kanon malguagoari dagokiona.

Izan ere, euskarara zer ekarri ez-ekarri gaiaren inguruan hausnartzen dugularik, ezinbestean, kanonaren auzia jartzen zaigu muturren aurrean. Bizitza laburra da, gu geu mugatuak gara, gure baliabideak bezain, eta hala, aukeratu behar dugularik, zein obra hautatu?

Orain hamarkada batzuk ez litzateke zalantzarik izango. Instituzioek izendatutako adituak (oro gizonezko, segurki) bilduko ziratekeen eta, elkarren arteko eztabaida sutsuen ondoren, zerrenda bat argitaratuko zuketen: «Hauek dira literatura unibertsaleko liburu behinenak». EIZIE-k urtetan bultzatutako Literatura Unibertsala bildumaren eredua hortik abiatu zen, nahiz eta modu askoz ere irekiagoan egin duen aurrera, zorionez, eta erreferentzia bikaina den egun.

Kontua baita, hasteko, modu horretan lan egiteak, batetik, kanon itxi eta mugiezin bat dagoelaren ameskeria barreiatzen duela, literaturaren teoriak eta historiak frankotan gezurtatu duten gauza. Bestetik, ez ditu kontuan hartzen helburu den literaturaren zerizan eta ezaugarri partikularrak; hots, kasu honetan, euskal literatura-sistemak dituen tasun, keria eta garriak.

Balizko zerrenda hori unibertsala litzatekeen heinean, berdin-berdin litzateke eredu Londresko irakurle batentzat, Manilako batentzat, Kinshasako batentzat edo Donibane Garaziko batentzat. Uste dut ez dela askorik esan behar ikuspegi horren atzean dagoen jaidura totalizanteaz ohartzeko. Hala, hobekien ezagutzen dudan egitasmoa aipatzearren, Munduko Poesia Kaierak bilduma martxan jarri genuenean, berehala konturatu ginen zerrenda itxi batekin lan egitearen arazoez. Alde batetik, materialki ezinezkoa zatekeen guk ez dugulako gisa horretako enkarguzko lanak eskatzeko baliabide ekonomikorik. Baina, bestetik, askoz interesgarriagoa iruditu zitzaigun irakurgaiak literatura sistemako beste kide batzuekin batera hautatzen joatea. Itzultzaileek zein autorerengana jotzen duten ikustea, esaterako, aski interesgarria da kanonaren desplazamenduez ohartzeko.

Egingo nuke duela hamarkada bat inork ez zituzkeela Euskal Herrian Audre Lorde eta Adrienne Rich berez itzuliko, eta aldiz, Danele Sarriugarte eta Maialen Berasategik haiengana jo izanak, haien poesiaren kalitatea eskaini ez ezik, asko esaten digu gure gizartearen eta gure literaturaren beraren bilakabideaz.

Mugak ere hor dira, halere. Deigarria da oraindik zenbat itzultzen dugun inguruko hizkuntza hegemonikoetatik. Egia da, oso interesgarria litzateke literatura periferikoetatik itzultzea (areago gure literaturaren izaera kontuan izanik), baina gure erreferentziak ere aski kanonikoak izaki, askoz ere lan nekezagoa da handik itzultzea, ez soilik jatorrizko hizkuntzen ezezagutzagatik, ezpada hango kultura eta literaturaren ezagutza eskasagatik. Ezagun baita itzultzea ez dela soilik letra batzuk beste batzuengatik ordezkatzea.