Publizitatea

Iritzia

Bizitza luzatzea

Bizi itxaropena gero eta luzeagoa da, baina gerta liteke luzatze horrek pertsonen duintasuna urratzea? Muga jarri behar litzateke? Non?

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-04-15

Jexuxmari Mujika

Zientzia eta jakintza

Jexuxmari Mujika. Filosofoa

Hasiera eta bukaera duena bakarrik balora eta estima daiteke, horri bakarrik eman diezaiokegu zentzu gizakiok. Guztiz, betiko eta antzeko hitz potoloak asmatu baditugu ere hizkuntza guztietan, gainera gizakiok mugatuak gara eta muga artean bakarrik aurki eta garatu dezakegu geure burua. Besterik uste edo nahi bagenu ere, hori horrela da.

Gizateriak berrehun bat urte badaramatza edo bazeramatzan- zorioneko aurrerapenaren lilurapean. Seguru uste genuen: gero eta hobeto biziko gara, gero eta gehiago; hori lortzen ari gara. Nola ez!

Zientziagile gara, gero eta gehiago dakigu eta jakingo dugu, horrek ez du mugarik, ez jakinik eta ez bestelakorik. Jakiteko daukagun esparrua mugagabea da. Jainko txiki edo handi izateraino iritsi gaitezke, iristear gaudela ere esan daiteke akaso; iritsiko garela behintzat bai. Baina...

Kontuak dira hemen bat-batean. Lilura izu bihurtzen hasi ote zaigun, alegia. Izuak jeneralean ez du ondorio onik ekarri ohi, batez ere bat-bateko erabakiak hartzera eramaten zaituenean, baina egun sorraratzen ari den kezka-izu kolektibo antzeko honek galdera berriak egitera eramango bagintu bederen. Liluraren fruitu ziren ametsetatik galdera zail baina beharrezkoetara pasatzera eraman behar gaitu; galderak bide egokira ekartzea ez da erraza izaten. Ezinezkoa, itsu, gor eta mutu jarraitzea nahiago badugu. Galderak bideratze hau, berriz, erantzunetan asmatzea baino beharrezkoagoa da.

Zer da egiaz jakin-mina? Hau zientziara, eta teknologiara mugatzeak zer dakargu? Bizitzea zer da, zer gizalegez bizitzea? Luzatzea al da kontu nagusia?

Aurrerapenei zor diegu gizakiok (batzuk) bizitza erosoago eta luzeagoa. Are luzeagoa ere izan daitekeela garbi aurreikusten da. Erosoagoa ere akaso. Gizakoiagoa? Azken horri erantzutea da zaila, aipaturiko izu hori gainditzeko bideak eraikitzea baita baldintza. Bi bide behintzat: horretarako beharrezko diren zenbait printzipio nagusi ez ahanztea, eta giza jakin-mina zientzia positibora ez murriztea.

Azken horri helduz, hauxe: egungo munduan jakintsu izena bakarrik halaxe uste dut- zientzia eta etika, zientzia eta gizaki denen ongizatea lotzen saiatzen denak merezi du. Zientzia, aurrerapenaren izenean, botereari eta diruari lotua garatzea onartzen duenak, honen eta gizalegearen arteko amildegia sakondu egingo du. Ezinbestez.

Printzipioei dagokienez, berriz, hasierako hitzetara nator. Bukaera duenak bakarrik du balioa. Horrek ez du, noski, bukaera irrikatuz bizitzea eskatzen. Baina, sortzeak hiltzea duelako beti ondorio, bizitza gozatu ezinera ez zaitzake eraman eta bizitza luzatu beharraren beharrez, edonolakoa onartzera ere ez. Giza duintasunaren bizkar ez daiteke ezer egin ezeren izenean; ez zientziaren, ez ideologien, ez sinesmenen izenean.

Hau esaten errazagoa da, badakit, konkretatzean duen konplexutasuna kudeatzea baino.

Saiatu gaitezen behintzat erantzun egokien bila gogoeta egitean argi egin diezaguketen zutabe batzuk lotzen, ze gizaki denontzako aukera berdintasuna lantzen duen eta bakoitzaren autonomia errespetatu eta indartzen duen jakintza bakarrik izango da gizalege sortzaile.

Holako jakintzek E. Fromm-en «gizaki askoren patua bizi gabe hiltzea da» esaldi tristeari arrazoia kentzen lagunduko dute. Zientziak ere, noski, beste jakintzekin egoki uztartzean. Bestela ez.
Iñaki Olaizola

Muga: bizitza sufrikario bihurtzea

Iñaki Olaizola. Antropologian doktorea

Auzi hau aztertzeko modu tradizional transzendentearen kontrara, etengabe bilakabidean den prozesu kultural bat da heriotza. Ez dago, beraz, hura ulertzeko modu bakar ortodoxo bat, baizik eta ikuspegi askotariko bat, pertsona bakoitzari egokitua. Hortaz, prozesu kultural bat denez gero, denok dugu potentzialtasuna hiltzen ikasteko, hau da, nolabaiteko zorroztasun akademikoz norberaren heriotza esaten zaion horren inguruabarrak diseinatzeko, bai, bestearen heriotza kontzeptuaren kontrakarrean, zeinak hiltzeko prozesuaren eredu tradizionala kontsakratzen baitu, edo kontsakratzen baitzuen.

Hori dela eta, komenigarria litzateke pentsatzea ezen heriotzaren gaia —noiz eta nola hil aukeratzeko modua eta bizitzaren azken garaiaren bestelako inguruabarrak— ez dagokiela soilik zahar-zaharrei eta gaixo daudenei edota mendeko direnei; badira pertsona batzuk gaixotasunen batek edo sufrimendu esplizituren batek erasanak egon gabe ere eta gaitasun mental ororen jabe izanik ere uste dutenak bizitzak, beren bizitzak jada ez duela zentzurik, eta haiei ere badagokie gai hau. Askotarikoak izan baitaitezke hori pentsatzeko arrazoiak: gure identitatearen ezaugarrien heterogeneotasunak islatzen dituen bezainbeste.

Heriotzak, norbere buruaren jabeago hiltzeko prozesuak, ez luke izan behar prozesu medikalizatu bat, ez eta teknologiari dagokion kontu bat ere. Berez, aukera ideologiko bat da, pertsona bakoitzak nahi bezala garatu beharrekoa. Baina, kontrara, eta nire ustez harrigarriro, eztabaida bat dago halako jurisdikzio ezberdin baten ingurukoa: jurisdikzio bat botereak agindutako arau etikoak inposatzen saiatzen dena eta, formalki bederen osasun sistemaren sumisioz, pertsona guztiok geure borondatez hiltzeko daukagun eskubide legitimoa urratzen duena.

Hainbesteko sufrimendua eragiten duen gatazka hori beste modu batean bideratu behar litzateke, bi esparru bereizitan. Batetik, osasun sistemak aitortu behar luke berebizikoa dela bizitza luzatzearen eta bizi kalitatea hobetzearen inguruan egiten duen ikerlana. Horregatik, goretsi egin behar da arlo horretan lortzen duten guztia. Bestetik, ordea, botereak, osasun sistemaren bidez, aitortu behar luke halako teknikak ez liratekeela aplikatu behar pertsonen borondatearen kaltean. Ez dugu behar tutoretza bat balio etikoak babesteko itxurak eginez pertsonen autonomia ordeztuko duena eta, gainera, ikerketa aplikatuko teknika batzuen erabileraren inguruan erabiltzen ari diren Justizia postulatua urratuko duena, zentzuz eta gero eta gehiago erabiltzen ari diren postulatu hori.

Egun, ezagunak dira kalitatezko heriotzaren postulatuak. Antropologiaren eta gizarte zientzien alorretan ere badakigu askok hiltzeari berari baino beldur handiagoa diotela gaizki hiltzeari, eta nahi dutela heriotza, bai berena eta bai besterena, bizkorra izatea, gehiegi ez luzatzea, minik gabea —somatikoa— eta sufrimendurik gabea —kognitiboa— izatea, besterentzat zama handiegia ez izatea eta kostu emozional eta ekonomiko handirik ere ez ekartzea, eta, azkenik (hauxe nabarmendu nahi dut gehien), heriotza, hiltzeko prozesua, beren autonomia erabat errespetatuz gertatzea. Bizitza nola egituratu duten, horrexekin bat nahi dute hil; beren balioekin bat, eta norberak duintasuna eta bizitzaren zentzua interpretatzeko duen modu bereziarekin bat. Ikuspegi horretatik begiratzen badiogu, ez da zaila antzematen noiz den hiltzeko garaia: norbaitek hil egin nahi duenean, bizitza sufrikario bihurtua zaiolako. Hortxe dago muga.

(Erredakzioan itzulia)