Publizitatea

Iritzia

Ehiza

Ehiza beharrezkoa da? Zergatik? Hala bada, eredu hau egokia da? Gogoeta eskatu die BERRIAk Saroberi eta Goenagari gai honen harira.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-04-22

Aitziber Sarobe Egiguren

Bioaniztasuna eta ehiza aurrez aurre

Aitziber Sarobe Egiguren. Biologoa

Ehiztariek manifestazioa egin zuten aurreko asteburuan honako hau aldarrikatzeko: «Euskadin ehiza bai, errespetua ehiztarien eskubideei, gelditu irainak eta mehatxuak». Irakurritako manifestuan, gizartean duten ordezkaritzarekiko eta ekonomiari egiten dioten ekarpenarekiko errekonozimendua eskatu zuten, baita nekazarientzat eta nekazariekin elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi ere. Euren jarduera legala eta arautua dela azpimarratuz, erradikalen erasoa gelditzeko zioten. Ehiza euren bizimodua omen, aldatu nahi ez dutena.

Ehiza jarduera ekonomikoa da, tradizio luzea duena eta onura ekonomikoak dituena. Horregatik izan behar du arautua. Bestalde, jarduera horrek natur ondarean eragiten du, animaliak hiltzea baitu helburu, eta, beraz, kontrol zorrotza eskatzen du. Hemen dago kontu honen auzi nagusia: zein intentzio eta helbururekin, edo, bestela esanda, zeinen interesen mesedetan arautzen da ehiza?

Ehiztariek biodibertsitatea aipatzen dute, haren mesedetan ari direlakoan. Bere horretan kontraesana da argudio hori, baina badu zentzua. Mendeetan gure mendi eta basoak ustiatzearen poderioz, erabat eraldatu dugu natur ingurunea, bertako bioaniztasuna kaltetuz. Eremu horiek naturalizatu ahala, lehen nekez ikusten genituen hainbat animalia ugaritzen ari dira, eta horietako batzuk kalteak eragiten dizkiete nekazari eta abeltzainei. Egungo nekazaritza ereduari eusteko, ezinbestekoa da ehiza, eta helburu horietara bideratutakoa diruz ordaintzen du administrazioak. Ulergarria da hori guztia, baina natur kontserbazioaren ikuspegitik administrazioak auzi honetan bioaniztasunaren alde egin beharko luke, eta ez ehiztarien interesen alde, egun egiten duen bezala. Ehiza baimentzen duten ordenantzak ikerketa zientifikoetan oinarritu beharko lirateke, eta bioaniztasuna berreskuratu edota zaintzeko, epe motz, ertain eta luzerako habitaten eta espezieen kudeaketa arduratsua izan beharko lukete helburu. Badago zer egin: ikertu, ehiza-postuak murriztu, ehiza-txapelketak debekatu, ehiza-garaiak hobeto kontrolatu, ehizatutako animalien salerosketa eta tripa festak kontrolatu... Gipuzkoan propio debekatu diren eremuetan ez beste lekuetan libre da ehiza, nahiz eta kontrakoa izan beharko litzatekeen.

Arraroa egiten da, benetan, mendian armatuta dabilen kolektibo hori mehatxatua sentitzen dela entzutea, urtez urte hamaika lege-hausterengatik salatua denean. Salatua, ez zigortua, hainbatetan salaketa horiek paper hutsean gelditzen baitira politikariei esker. Euskadin ehiza bai, diote, inoiz zalantzan jarri izan balitz bezala. Milaka eurotako diru-laguntzak jasotzen dituzte ehiztarien federazioek kirol federazioek adinako eskubidea dutelakoan, eta nahi beste baimen euren jardueretarako. Ulian ere ehiza berreskuratzekotan dira. Administrazioak arautze bidean ezartzen dituen neurri murriztaile guztiei egiten diete aurre behin eta berriz. Hor daude galeperraren, usapalaren edota eperraren kasuak: populazioak asko murriztu direla ikusita ere, ehizatzen jarraitzeko ahaleginean tematzen dira.

Ehiztari izaera eta bizimoduari eutsi nahi diote. Mundu maskulinizatu eta maskulino horretaz asko hitz egin genezake, eta gutxi nik bere mesedetan. Besteak beste, ezin baitugu ahaztu tartean armagintzaren negozioa dagoela. Baina ukatuko ez dudana basabizitzak eragiten duen lilura da. Animaliak beren habitatetan bilatu eta aurkitzea joko zirraragarria da, bizipen ahaztezina. Inoiz ulertuko ez dudana da momentu horietan tiroa bota beharra izatea. Ez dago zertan.
Iñaki Goenaga San Sebastian

Elkarlanaren alde: ehiza bai

Iñaki Goenaga San Sebastian. ENBAko presidentea

Ez zuen arrazoi faltarik larre behiak alboan utzi eta basurdeak gizentzen hasi beharko dugula zioen baserritarrak; are gehiago, basurde populazioa ugaltzen doan bezala ikusita. Basurde eta orkatzen ugalketak sekulako kalteak eragiten ditu gure baserrietan nahiz belardi nahiz baso edo fruitu landareetan, eta oso ugariak dira goitik behera «goldetutako» belardiak eta enborra zuritutako landare eta zuhaixkak. Beraz, pentsa dezakegun bezala, baserritarrak kokoteraino daude, eguna joan eguna etorri, belardiak bere onera itzultzen eta zuhaixkak birlandatzen.

Basapiztien populazioa azken urteotan biderkatu egin dela ezin du inork uka, eta horrela adierazten da jasotako estatistiketan: 2001/2002 kanpainan Gipuzkoan 1.044 basurde begiztatu arren, 500 buru ehizatu ziren, eta azken kanpainan, berriz, begiztatutakoak 2.804 izan ziren eta ehizatutakoak 1.557 buru izatera iritsi ziren.

Egungo egoeraren arrazoiak eta basapiztien populazioaren ugaltzearen benetako motiboaz jardun gaitezke nahi dugun adina, baso eta mendien egoeraz, zikinkeriaz edota abandonuaren gainean jira eta bueltaka zorabiatu, baina, aurrez aurre dugun panoramari erreparatuz gero, berehala jabetzen gara, baserritarra eta ehiztariak eguneroko kudeaketan izan ditzakegun sestra, gaizki ulertze edota haserraldiak albora utziaz, elkarren beharra dugula eta, guri dagokigunez, baserritarrok behar-beharrezkoa dugula ehiza, basapiztien demasia kontrola nahi badugu bederen.

Kalte nabarmenak belardi eta landareetan sumatzen baditugu ere, ezin dugu ahaztu egunean zehar kilometro asko korritzen dituzten basapiztiek gure abere aziendarako sekulako arriskua dakartela, gune batetik bestera abere gaitzen transmisioa erraztu eta biderkatu egiten dutelako eta, horrenbestez, erakunde eta sektore arteko elkarlanean hainbeste urteetan landutako abere osasun egoera bikaina pikutara bidaltzeko arriskua areagotu egiten delako.

Hain zuzen horrexegatik, elkarren beharraz jabeturik, ENBA osatzen dugun baserritarrok argi dugu ehizaren alde mobilizatu beharrean geundela, eta hala egin genuen aurreko igandean bai Bilbon bai Donostian, ehiza betidanik baserriarekin lotura estua izan duen jarduera delako, legediak baimendutakoa delako eta hainbat baldintzapean gauzatzen den jarduera izanik, batez ere, baserriari eta baserritarroi hainbeste kalte eragiten dien basapiztiak gutxitzen eta kontrolatzen baliagarri den jardunbidea delako.

Jakitun gara abereen eskubideak gizakiaren eskubideen pareko jarri nahi duen jende asko dugula egungo gizartean eta, ondorioz, onartezintzat jotzen duela ehizaren praktika. Guk, baserritarrok, abereak maite ditugunez, zaindu egiten ditugu eta osasuntsu gobernatzen. Gure eguneroko jardunean txakurren laguntzaz egiten dugu lana eta, horrenbestez, gure etxekoak bezala tratatzen ditugu, baina, hala ere, argi dugu abereak ez direla gizakiaren pareko, ez eta bere eskubideak eta, are gutxiago, kalte besterik egiten ez duten basapiztiak.

Horrexegatik, arrazoi eta motibo guztiok kontuan izanik, mobilizatu ginen igandean Euskadin ehiza bai esateko.