Publizitatea

Iritzia

Menopausia

Hilekoa amaitzea tabua da? Hala bada, zergatik? Nola hasi deseraikitzen? Anna Freixasek eta Luixa Reizabalek egin dute gogoeta BERRIArako.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-05-13

Anna Freixas Farre

Esperientzia askotarikoa

Anna Freixas Farre. Gerontologo feminista

Menopausiari buruzko kontakizun kulturalaren koloreak beltzera egin izan du sistematikoki. Kontakizun horren arabera, menopausian hainbat arazo eta mehatxu pilatzen zaizkie emakumeei, hala nola bihotzekoak eta depresioa, frigidotasuna eta osteoporosia; ideia horiek denak barneratzen dituen edonork menopausiari beldur izateraino, eta ez arrazoirik gabe. Diskurtso ofizial ezkor eta beldurgarri horren aldean, ez dago beste bat menopausiaren trantsizio aldiak emakumeei eskaintzen dizkien abantailak biltzen dituena.

Planteamendu biomedikoek hormona gabezia gisa kontzeptualizatzen dute menopausia, zeina behar bezala tratatu behar baita berekin dakartzan hamaika galera eta narriadura eragozteko. Horien aldean, teoria feministen ikusmoldean, emakumeen bizitzan espero izatekoa den prozesu natural bat da menopausia, galerak ez ezik irabaziak ere badakarzkiena, eta beren bizi zikloko gainerako bilakaera trantsizioen molde berekoa.

Menopausiak hormona aldaketak dakartza, menarkiak bezalaxe. Ugalaldian sartzeak eta ugalalditik irteteak sexu hormonetan gorabehera handiak dakarzkie emakumeei, eta horrek bizipen askotarikoak eragiten dizkiete, zeharo desberdinak emakume batetik bestera. Batzuek beroaldi ia antzemangaitzak izaten dituzte, baina beste batzuek esperientzia deserosoak izaten dituzte: beroaldi gogorrak, larruazala lehortzen zaie, baita bagina ere, eta buruko mina izaten dute, eta umore aldaketak; horiek dira sintomarik ohikoenak.

Menopausiaren kultur diseinua ideia sozial baten isla da: emakumeen identitatea ugalkortasunean datzala nagusiki, eta arren sexu gogobetetasunerako objektu izatean. Gure kulturan, ugalketarako ahalmena ere sexualitateari eta sexu erakargarritasunari lotua dago, susmagarriro. Jada ez gara ugalkorrak; ergo, ez gara desiragarriak, eta ez dugu desiratu ere egiten. Laburbildurik, baldin eta menopausiara iristeak esan nahi badu ugalkor ez izatea, erakargarri ez izatea, sexugabea izatea, orduan logikoa dirudi estigma sozial horrek emakumeok behartzea menopausia ez onartzera eta modu naturalean ez bizi izatera.

Menopausia prozesu funtsean biologiko gisa definitzeak ezkutatu egiten du emakumeen adin ertainari dagokion errealitatea: abagune horretan, bat egiten dute elementu pertsonal, sozial, kultural, familiako, laneko eta ekonomiko askok. Menopausiaren esperientzia, hein handi batean, gorputzari dagokio, fisikoa da, eta modu askotako bizipena izan daiteke, positiboa nahiz negatiboa, emakumeen esperientzia azaltzen eta taxutzen duten testuinguru sozial eta kulturalen araberakoa.

Menopausiaren bizipenetan, alderdi garrantzitsua osatzen dute bizitzaren aldi horren inguruan ditugun jarrerek eta aldez aurretik espero dugun horrek. Benetan iritsi baino askoz lehenagotik begiratzen diogunez menopausiari, haztegi garrantzitsu bihurtzen da. Hala ere, espero izatekoa den prozesu naturaltzat hartuagatik ere, egia da ahalegin mental handia egin behar izaten dugula gizarteak menopausiari ematen dizkion konnotazio gaitzesgarriei kontra egiteko.

Behar dugu ikerketa bat gertuagotik entzungo dituena trantsizio aldi horri buruz emakumeek dituzten ahots askotarikoak; hartara, bestelako ikuspegiak izango ditugu menopausiaz, bizi garen garaiokin batago datozenak, eta bizitza mugatzen diguten ideia estereotipatuak desegiten lagunduko digutenak.

(Erredakzioan itzulia)
Luixa Reizabal Arruabarrena

Ikuskera positiboa eraikitzen

Luixa Reizabal Arruabarrena. EHUko irakaslea eta UEUko kidea

Sexualitate femeninoa bezalaxe, tabua da gure kulturan menopausia. Hala ere, bada haren inguruko ikusmolde sozialik. Batetik, egun nagusi den ikusmolde biomedikoa eta, bestetik, feminista.

Mendebaldeko diskurtso medikoan oinarritutako ikusmolde biomedikoak hainbat sintoma negatibo (itoaldiak, lo egiteko arazoak eta osteoporosia, kasu) ekartzen dituen estrogeno delako hormonaren murrizketarekin zerikusia duen prozesu patologikotzat hartzen du menopausia. Zenbait eragin izan ditu ikusmolde biomedikoak. Batetik, oraindik menopausia izan ez duten emakume (Oharra: emakume hitza erabiltzen dugu sexu-aparatu femeninoa duen kolektiboa izendatzeko) askok beldur handia diote menopausiari eta hura izan dutenek, berriz, prozesua modu negatiboan bizitzeko joera izaten dute. Bestetik, medikalizatu egin da menopausia. Hala, haren ondorio negatiboak arintzeko, garai batean ohikoa zen «Hormona Bidezko Terapia Ordeztailea» erabiltzea, gerora bularreko minbizia pairatzeko aukerak handi zitzakeela ikusi zena. Egun ere, asko dira menopausia dutenei zuzendutako botikak, bitaminak eta beste. Orain arte esandakoaren ondorioz, emakumeek politikoki, ekonomikoki eta sexualki menderatuta jarraitzen dute.

Feminismoan kokatzen da, ostera, ikusmolde feministaren oinarria, zeinaren arabera menopausia emakumeentzat ugalketa arotik antzutasun arorako trantsizio garai unibertsal naturala den. Ikuspegi horretatik, menopausiak batzuetan sintoma desatseginak ekar ditzakeen arren, ondorio positiboak ekartzen ditu. Besteak beste, hilero odol isuririk eta horiek ekartzen duten burdin galerarik ez izatea; tanpoiak, oihalak eta bestek dauzkaten gastu ekonomikoak desagertzea eta, bagina-koitoa atsegin duten emakume heterosexualen kasuan, nahi ez diren haurdunaldiak gertatzeko arriskua desagertzea. Ikuspegi horren arabera, emakume bakoitzak bere erara biziko luke menopausia eta bizitzeko modu hori zenbait aldagairen araberakoa izango litzateke. Batzuk indibidualak. Esaterako, osasun fisikoa, familia-harremanak eta baliabide ekonomikoak. Beste batzuk, berriz, soziokulturalak. Ikerketek erakutsi dute menopausiaren ikusmolde negatiboa nagusi den kulturetan bizi eta hura barneratu duten emakumeek harekin lotutako sintoma desatsegin ugari izaten dituztela. Ikusmolde positiboa dagoen kulturetako emakumeek, berriz, ez dute ia sintomarik izaten.

Garrantzi handikoa da, bada, gure kulturan menopausiari buruz dagoen ikusmoldea berreraikitzea, eta horretarako ezinbestekoa da aro horren inguruko informazio objektiboa zabaldu eta hausnarketa eta eztabaida sustatzea. Sexu-hezkuntza dugu hori lortzeko bide bat, adin guztietako pertsonekin sexualitateari buruzko ezagutzak, gaitasunak eta abar lantzen dituena. Menopausiari dagokionez, prozesuak ekartzen dituen aldaketen eta horiek bizitzeko moduan eragina izan dezaketen faktoreen inguruko informazio objektiboa eskaini behar da, hura izan duten emakumeen testigantzei tokia eskainiz, noski. Komunikabideetan, eskoletan, sare sozialetan, familietan eta bestelako testuinguru hezitzaileetan gaia landuz gero, egun gure kulturan nagusi den irudikapena aldatzea lor genezake. Eta, zalantzarik gabe, hori oso mesedegarria izango litzateke. Jar gaitezen, bada, martxan!