Publizitatea

Iritzia

Harreman afektibo-sexualak berriz pentsatzen

Gazte mugimenduan gori-gori dago harreman ereduen gaineko eztabaida. Bi zertzelada eman dituzte Arrazolak eta Arbiolek.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-05-20

Jone Arrazola

Teoriatik haragira

Jone Arrazola. Antropologoa, mugimendu feministako kidea

Polimaitasuna pentsalarien esaldi borobiletatik erauzi eta haragiztatzeko saiakera egin dutenek badakite zer den: jendarte heteroarautuan monogamiari uko egitea zaila da, are gehiago emakumeontzat*. Gizonezko zuri cisek mendeak daramatzate zaintzarik gabeko sexu harremanak izaten. Emakumeok, ordea, gure gorputzeko memorian iltzatuta daramagu fideltasuna eta purutasunaren mandatua. Baita gazteok ere.

Gurutzearen pisua gainetik kentzeko ahaleginak ez dira atzo goizekoak. Hamarkadetako borroka feministari esker poliki-poliki berreskuratzen goaz geure buruarekiko konfiantza. Hori giltza da harreman sexu-afektiboen erronkari ekiteko; izan ere, gure gorputzen jabe ez garen artean harreman oro gatazkatsua edota indarkeriazkoa izango da. Horren adibide garbia dira harreman heterosexualetan emakumeek sufritzen ditugun erasoak. Horregatik da oso garrantzitsua lehen pausoa ondo ematea: gugandik hastea, gure desioak ezagutuz, geure burua zainduz eta gure gorputzarekin gozatzen ikasiz.

Adinaren arabera zerbait ezberdina bilatzen dugu besteengan, baina bada adinik ez duen behar bat: babesa. Gaztetxotan «kuadri 4ever» idazten dugu hormetan eta hori da oinarrian: babesten gaituen tribuari gorazarrea. Betirako diruditen harremanak, ordea, hauskor bilakatzen dira nerabetan. Eta gaztetan bikoteak tribua eklipsatzen du. Baina ez dute denbora gehiegi behar izaten konturatzeko monogamia aukera herrena dela: desioak foku asko ditu eta jai denboraldia amaitezina egin dakioke fideltasuna zor duenari.

Gazte askoren sexurako grinak bikotearen mugak gainditzen ditu eta teoriatik praktikara salto egiten dute: «harreman irekia» izanda akabo erreprimitzeari. Finean, elkarri adarrak barkatzearen kontu zahar berritua da; besterekin sexua izatea baimentzen da, baina «hortik aurrera ezer». Afektuak bikoteko monopolio izaten jarraitzen du. Haatik, monogamian desioak tabu dira, ez badira elkarrekikoak. Sexua izan arte, badirudi ez dela ezer gertatzen. Afektuaren zein sexuaren ikuspegi zinez patriarkala da hori; buruaren eta gorputzaren arteko dikotomia bezain zurruna.

Polimaitasuna aipatu «harreman irekien» garapena da. Emaitza baino gehiago bidea interesatzen zaigu, baina ez edonola: afektibitatea eta sexualitatea pertsonon erregulatzaileak dira eta gure ongizaterako zaindu behar ditugu. Horietara sarrera izango du guk baimentzen dugunak eta guk baimendutako moduan. Beraz, arauak behar dira.

Hitz egin gabe jolasten hasteak ordaina du: mina hartzen dela. Monogamiaren egitura indarkeriazkotik ateratzen dira gazteak, non sartzeko? Zaintzarik gabeko sexua izateko bada, monogamia bezain patriarkala da eta ez dugu gizon zuri cisen eredua errepikatu nahi.

Polimaitasuna maitasuna desnaturalizatzeko bide interesgarria da; gutako bakoitzak baloratu behar du, unean-unean, ea baldintzak eta energia dituen erronka horri ekiteko. Jakinda «irekia» izatea ez dela adjektibo bat, munduan egoteko modu bat baizik. Emozioak taldean partekatzen esperientzia badugu emakumeok* eta hori gure alde dugu: lagun taldea izan da historikoki heldutasun emozionalerako akuilu. Eta ziur nago, tribua egunean-egunean zaintzea, adinean aurrera goazela berrasmatzen jakitea, polimaitasunaren pareko erronka feminista dela.
Egoitz Arbiol Albeniz

Erotismoa iraultzarako

Egoitz Arbiol Albeniz. Hezitzailea, sexu askapenerako mugimenduko kidea

Guztia doa sexuaz, sexua izan ezik. Sexua botereaz doa» (Gazteleratik hartua: «Todo va sobre el sexo, menos el sexo. El Sexo va sobre el poder»). Boom! Inperio patriarkal ultraneoliberaleko presidentetza okupatzen duten bi pertsonen elkarrizketa da hau, fikzioan noski. Eta nahita, edo nahi gabe, desiraren atzean zer ezkutatzen den azaleratzen da, gure pasioa zerk eta botereak sostengatzen omen du. Esaldia House of Cards telesailean entzun nuen, eta, hein handi batean, poztu ninduen behingoagatik, telesail mainstream batean, gurutzatzen gaituzten bi elementu oinarrizko perpaus berean artikulatzeak: boterea eta sexua.

Jaiotzetik jotzen gaituzte zakilurdin eta aluarros bikotasunarekin, eta, kontzientzia hartu bezain laster, guztiok sentitu ohi dugu harremanetan dugun kokapenak pribilegio bat eman, edo zapalkuntza egoeran jartzen gaituela. Horren kudeaketan, noski, ez gaituzte inon formatzen, inon hezten. Alajaina.

Gaztetasunari darion eraldaketa eta iraultza goseak, behin baino gehiagotan, harremanak gure agenden erdigunera ekarri eta horren inguruan birpentsatzera eraman gaitu. Ez dira gutxi izan horretara bideratu izan ditugun guneak: gaztetxeetan tailerrak, formakuntza espezifikoak gure eragileetan, eta baita goizeko ordu txikietan egile honen eta beste horren arteko ikuspegien kontrajartzea txosnako bafle ezin ozenago baten azpian.

Afera nagusietako bat, honako hau: monogamia eta heteroaraua, gurutze katoliko-erromatar-apostolikoak zeharkatutako egituraketa neoliberal eta, erredundantzia, kontserbadorea dela. Nola ez, guztiak aurka, eta enegarrenez mundu bizigarriago bat egikaritzeko saiakeran, milaka alternatiben inguruan solastatu ohi gara: lagunarteko zaintza sareak, polimaitasuna, harreman irekiak, anarkia erlazionala, laranja-erdiaren-ordezko-tuberkuloen-teoria... eta horrela.

Inertziak, baina, tradiziora ainguratuak gauzka.

Azkenaldian sarritan entzun izan dut harremanak kontsumo eredu neoliberalaren sareetan erori direla, eta jada ez direla egonkorrak, pertsonak-harremanak kontsumitu eta bota egiten ditugula, konpromisorik ez dugula hartu nahi... Baummanek zioen, maitasun likidoaren garaian, hainbat kontraesanetan gaudela zurrunbilaturik: inoiz baino konektatuago gaude, baina bakarrik bizi gara; harremanak kontsumitzen ditugu baina alboratuak izatearen beldur gara eta, azkenik, konpromiso handiegirik gabeko harremanak nahi ditugu eta, aldi berean, seguruak.

Harremanen ikuspegi horrekin guztiz bat ez natorren arren, pista batzuk ematen dituela uste dut: orain arteko betiereko-bikote-harreman-monogamo horren aurrean, patriarkatuaren enegarren erreformak harremanak, askatasun eta irekitasunaren paradigmaren inguruan berregituratu ditu eta hau izan da emaitza. Tamalez, eredu tradizional zein postmodernoak zentroan aipatu sistema dute: gure gorputz, desira eta harremanak patriarkatuaren biziraupenerako eta kapitalismoaren ustiapenerako espropiatuak dira.

Ez naiz, bada, irtenbide bat proposatzeko asmoz heldu honaino. Pentsatzen dut, proposamen hori egitekotan, tokian-tokian era autonomo eta kolektiboan aurrera eramandako prozesu transfeministak egiten hasi direla. Hori Euskal Herriko txoko guztietara heldu bitartean, uste dut harreman afektiboek edota erotikoek gure bizitzen erdigunean duten lekua aitortu behar diegula gurutzatzen gaituzten harreman instituzional patriarkalak (familia, matrimonioa, kuadrilla) iraultzeko bidean jarraitzeko.