Publizitatea

Iritzia

Lanbidez, youtuber

Gero eta erreferente sendoagoak dira youtuberrak, batez ere, nerabe eta gazteen artean. Horri buruzko gogoeta egin dute Mimenzak eta Mujikak.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-05-27

Libe Mimenza

Zer ikusi, hura ikasi

Libe Mimenza. EHUko irakaslea

Etorkizuneko ofiziorik gehienak diseinatzeke dauden honetan, bada lanbide bat haur eta nerabeen arreta erabat bereganatu duena: youtuberra. Geroa bezain ezezaguna izaki gehienentzat. Gutxiengo baten ogibide baino ez da. Hala ere, gero eta gehiagok aipatzen dute bizibide desiragarri gisa.

Gazteen euskal behatokiak iaz kaleratutako datuen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen aisialdirako jarduera gustukoenak dira musika entzutea, kalean egotea eta ikus-entzunezkoen kontsumoa: egunero edo ia egunero filmak edota serieak ikusten eta Youtube, Vimeo zein bestelako plataformetako bideoak ikusten pasatzen dute denbora. Gainera, diagnostiko berean, honako datu hau ere irakur daiteke: Whatsapp, Facebook, Instagram eta Youtube dira gehien erabiltzen diren sareak (bideo plataformaren erabiltzaile dira gazteen %70,6 eta eguneroko erabiltzaile aktibo hamarretik lau).

Youtube da, egunero, 30 milioi erabiltzaile aktibo baino gehiago biltzen dituen sarea. 24 ordutan, 5.000 milioi bideo ikusten dira bertan, edo milioi bat eduki ordu (Netflix eta Facebook sareetako bideo kontsumoa batuta baino gehiago). Datu-basearen handitze erritmoa ikaragarria da: minutuero 300 ordu bideo argitaratzen dira. Alimaleko eskaintza.

Gaurko haur eta nerabeak sakelakoen garaian hazi eta hezi dira. Aro digitaleko espezie horiek ez dute oroitzapen analogikorik, eta hamar urte ingururekin hasten dira sare sozialetan ekinean. Horiek dira duela 13 urte sortutako bideo plataformako youtuber izan nahi dutenak, youtuberrak beraien erreferente gisa dituztenak.

Komunikabideetan, youtuber hitzaren ondotik agertu ohi da polemika gehienetan, eta hiztegietan ez da oraindik kontzeptua gehitu. Gainontzeko belaunaldiontzat, oro har, fenomeno nahiko ezezaguna da.

Gazteak youtuberrekin identifikatzen dira beraien antzekoak direlako, kalean gurutza ditzaketelako, parekoak zaizkielako; finean, edozeinek eskura dezakeen ospea lortu dutelako. Influencer sozial horien existentziaz ezertxo ere ez dakigula harrapa gaitzake, beraz, edozein kaletan youtuber bat ezagutzean sor daitekeen iskanbilak.

Entretenimendua da nagusi, eta dibertigarriak diren kalitatezko bideoak dira ikustaldirik gehien pilatzen dituztenak. Haur eta nerabeek lagunekin hitz egiten dute ikusten dituzten bideoen inguruan, beste jarraitzaile batzuekin batera txatak sortzen dituzte, fan profilak jarraitzen dituzte, youtuber gogokoenei mezuak igortzen dizkiete, eta fan meeting-etara joaten dira. Bizitzaren parte eta zati garrantzitsu da Youtube, identitate-eraikuntzan eta portaeran eragiten duen fenomenoa: hizketa gaiak, kezkak, estetika, hizkuntza... badira imitatzeko zenbait helduleku.

Hartara, Youtube izan daiteke dibertsio plaza tribial, edo zarataren artean bilatzen denaren arabera, heziketarako zein zabalpen zientifikorako leku ere bai. Ukaezina da youtuberren fenomenoak ondorio sozial eta kulturalak dakartzala, hortaz, alfabetatze mediatiko-teknologikoan murgiltzea dagokigu denoi —haur, nerabe, horien guraso, irakasle eta beste. Eztabaidari behar bezala heltzeko territorioa esploratu eta ezagutzea izan ohi da lehenbiziko urratsa. Agian, youtuber eskola bat sortu behar genuke. Bitartean, ikusi eta ikasi.
Aiora Mujika

Aita, ama, youtuberra izan nahi dut

Aiora Mujika. Youtuberra

Dirudienez, nerabe eta gazteen artean gero eta zabalduago dago youtuber izateko asmoa. Lanbide sortu berria den arren, iruditzen zait nahiko ohikoa dela «idolotzat» ditugun pertsonen bide berari jarraitzeko desira hori izatea. Haurrei galdetuta «zer izan nahi duzu handitzean?», zenbatetan entzun ote dugu futbolari edo aktore izateko asmoa? Bada, nire ustez, youtuber izateko gogoa ere erantzun horien saski berekoa da.

Nerabe asko oso identifikatuta sentitzen dira youtuber batekin edo bestearekin. Ordenagailuaren edo sakelakoaren beste aldean daude, bai, baina pantaila hori konektatzeko leiho moduan ulertzen dute gazteek, bien arteko oztopo baten ordez; pantailekin hazi dira, harremanak egiteko bide natural gisa bizi dute.

Ikusten dutenarekin identifikatuak sentitzen dira; lagunekin erabiltzen duten hizkeran hitz egiten dute, eurena bezalako logela batean agertzen dira, gustuko dituzten bideo jokoetan aritzen dira... Azken finean, beraiek bezalakoak dira eta, garrantzitsuena, horrelakoak izatetik bizi dira, hori dute lanbide. Nork ez luke hori nahi?

Baina ordenagailuan ikusten dena ez da pantailaren beste aldean dagoen guztia, erakustea erabaki duten zatitxo bat baizik. Ez da batere erraza youtuber profesional horiek egiten duten lan guztia ulertzea, eta uste dut gizartean oso zabalduta dauden aurreiritzi batzuk ez dutela gehiegi laguntzen. Ohikoa da lan hori gutxiesten duten komentarioak entzutea: «Bideo jokoetan aritzeagatik kobratzea ez da lan egitea, zorte galanta! Beti bidaiatzen, eta egiten duen gauza bakarra 10 minutuko bideo bat da? Nik ere egingo nuke!».

Batzuei kosta egiten zaie ulertzea hori lanpostu bat dela. Eta, lanpostu guztiak bezala, ez dela norberak nahi duenean egiten duen zerbait. Bazkaldu nahi baduzu, lanera joan behar duzu. Bazkaldu nahi baduzu, bideo bat egin behar duzu.

Dena den, «youtuberra izan nahi dut» esaldira itzuliz, azpimarratu nahi nuke youtuber izatea, nire ustez, bi modutara uler daitekeela. Batzuk youtuber profesionalak dira, zaletasun batetik ogibide bat asmatzen jakin dutenak. Baina badago youtuber izateko beste modu bat ere, oinarrizkoa: asmo ekonomikorik gabe bideoak egitea; gustatzen zaizulako, ondo pasatzen duzulako, zerbait kontatu nahi duzulako. Lanpostu baten presiorik gabe.

Bigarren motako youtuberra naiz ni, zerbait izatekotan. Bideoak egiten ditut gustatzen zaidalako eta euskaraz egiten ditut, gure komunitate txiki-handi honi nire ekarpentxoa egin nahi diodalako.

Horregatik uste dut garrantzitsua dela jakitea benetan zer dagoen «aita, ama, youtuberra izan nahi dut» esaldiaren atzean. Bideoak egitea gustatzen zaizu? Zerbait kontatu nahi duzu eta hau da gehien gustatzen zaizun bidea? Zoragarri, aurrera. Baina zaletasun hori ogibide bihurtzea nahi baldin baduzu, garrantzitsuena zeure burua ez engainatzea da. Ez, ez da hain sinplea youtuber profesionala izatea; ez da batere erraza astero-astero milaka pertsonaren arreta zureganatzea: konstantzia, irudimena eta ardura handia behar da. Bai, noski, badira horraino iristeko bidezidorrak ere, telezaborra existitzen den bezalaxe Youtubeko zaborra ere existitzen delako. Bidezidorrekin kontuz ibili behar da, ordea, oso erraza baita norabiderik gabe galduta bukatzea.