Publizitatea

Iritzia

Aurrekontu parte hartzaileak

Hainbat udaletako aurrekontuek herritarren ekarpenak biltzeko sail bat izan ohi dute. Horren inguruko gogoeta egin dute Urkijok eta Blasek.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-06-10

Aintzane Urkijo Sagredo

Partaidetza, guztion ahotsa

Aintzane Urkijo Sagredo. Santurtziko alkatea

Auzokideekin bilerak, herritarrek aspalditik posta elektronikoz edo telefonoz helarazten dizkiguten proposamenei erantzutea eta kalean goazela herritar batekin berbetan gelditzea esateko dituenak entzuteko... Horiexek dira herritarren parte hartzea errazten duten bideak. Betidanik aritu izan gara horrela, izena jarri baino askoz ere lehenagotik. Izan ere, parte hartzea gure zutabeetako bat izan da orain arte abian jarri ditugun udal politikak lantzeko orduan. Azken batean, kontua hitz egiten digunari entzutea da, besterik ez. Hortxe dago koxka.

Aurrekontu parte hartzaile hauen bidez, herriaren esku uzten dugu Santurtzin garatu nahi ditugun proiektuen lehentasunari buruzko erabakia. Egia esan, hautestontzietako botoek bermatzen dute udalbatzaren etorkizuneko kudeaketa, baina, horrez gain, baldin eta gure lan ildoan herritarrek aukeratzen dituzten proiektuak sartzen baditugu, aurrekoari gehitu egiten zaio eta kudeaketa hobetu egiten da.

Esperientzia ikaragarri ona izan da, abian jarritako bi edizioetan parte hartze handia egon da eta proiektu ezin interesgarriagoak aukeratu dituzte. Ehunka proposamen bildu ditugu aurrekontu parte hartzaileak egiten aritu garen bi urte hauetan, denetariko proposamenak jasoz, arlo guztietan lantzekoak. Jendeak batez ere kaleak eta udal instalazioak konpontzeko lanak eskatzen ditu udalak egunerokoan eskaintzen dituen zerbitzuak hobetze aldera; baina egia da arlo guzti-guztiek jaso dutela egiten dituztenak hobetzeko proposamenak. Herritarrek hirigintza eta herriko obretan jartzen dute gehienbat interesa; azken batean, gure herriko kaleen egoera hobetu nahi dute. Horren jakitun gara eta, izan ere, santurtziarren bizi maila hobetuko duen hirigintza atsegina jorratzeko proiektuak lantzen ari gara. Hala eta guztiz ere, ziur aski izango dira aintzat hartzen ez ditugun kontuak. Eta horietaz ohartzeko ez dago herritarrei entzutea baino gauza hoberik, eta euren beharren berri zuzen-zuzenean izatea, inork baino hobeto baitakite zer behar duten eta zerk hobetu ahal dien bizimodua.

Egokien ikusten zituzten ideiak proposatzeko aukera eman ostean, herri bozketa egin zen, herritarrek eskertu egiten dutelako horrelako ekimenetan parte hartzeko aukera izatea eta eurei zuzen-zuzenean galdetzea. Lehenengo edizioan hobetu zitezkeen gauzak ikusi genituen, eta, hortaz, aurrez aurreko bozketa bakarra egin beharrean, aurten bozketa telematikoa egitea ere erabaki da, teknologia berriek eskaintzen dizkiguten abantailak baliatuz.

Hobetu dugun beste alderdi bat zera izan da, proposamenak aurkeztu zein bozkatzeko adinez nagusi izateko beharra baztertu eta, horren ordez, muga 16 urtean jartzea. Horrela, gazteak herrian hartzen diren erabakietan errazago inplikatuko dira.

Iaz boz gehien jaso zituzten proiektuetako batzuk dagoeneko burutu dira edo haiek lantzen ari gara, hala nola heziketa-zentro publiko edo kirol-instalazioak hobetzea eskatzen zuten horiek.

Zalantzarik gabe, herritarren parte hartzeari buruzko gaietan sakontzeko bide berriak ikertzen jarraitu behar dugu, baina poliki-poliki oso urrats garrantzitsuak egiten ari gara, herritarrengana gerturatuz eta euren ekarpenak aurrez aurre jasoz. Parte hartzeko bide berriak sortzen diren neurrian, horietara egokitu beharko dugu, administrazioa eta politika egiteko modua zuzenean euren eragina jasoko dutenengana gerturatze aldera, Santurtziko herritarrengana alegia; horixe baita asmatzeko dagoen modu bakarra, benetan eskatzen digutenari erantzuna emanez.
Asier Blas Mendoza

Kostu baxuko partaidetza

Asier Blas Mendoza. EHUko irakaslea

Udal aurrekontuan, era informalean bada ere, ia beti eragile boteretsuek parte hartzen dute. Horregatik, demokrazian sakontzeko ezinbestekoa da eragin esparru informal horiek arautzea eta herritar guztiei irekitzea, hau da, partaidetzazko aurrekontuak antolatzea.

Udalerrietan aspalditik saiatu dira jendartetik egiten zitzaizkien eskaera parte hartzaileak egokitzen edota herritarren partaidetza sustatzen, zoritxarrez kasu gehienetan arrakasta handirik gabe.

Halere, politikariek bizi duten legitimitate krisi iraunkorrak eta nazioarteko erakundeek aholkatzen dituzten kudeaketa partehartzailerako estrategiek bultzatu egiten dituzte udal gobernuak partaidetza mekanismo berriak probatzera.

Gurean, tokian tokiko ñabardurekin, partaidetzazko aurrekontuen kostu baxuko eredua ari da nagusitzen. Udal kudeaketaren osagarri bat da, elementu zentrala izan beharrean; eta denboran une parte hartzaile bat bezala antolatzen da eta ez urte osoko prozesu iraunkor modura.

Logika horretatik ulertu behar da udal gobernu gehienek egiten dutena diru kantitate zehatz bat esleituaz partaidetzazko aurrekonturako. Ondorioa da zailtasunak izatea herritarrekin aurrekontuaren osotasuna lantzeko.

Kostu baxuko ereduarekin ez da erraza komunitatea eraikitzea eta pedagogia egitea inplikatuta dauden eragile guztiekin. Izan ere, kasu batzuetan ez daude deliberazio bilerak eta baldin badaude gutxi batzuk dira.

Salbuespenak salbuespen, azken helburua erabakia bera hartzea da eta ez hausnarketa eta eztabaida bultzatzea, adibidez, justizia sozialeko irizpideak aplikatuz erabakiak hartu aurretik (zenbat jenderi eragiten dio proiektuak, herritar talde baten edo auzune batek sufritzen duen gabezia bat betetzen du, eta abar).

Bestalde, ezin uka daiteke politikari batzuen artean mesfidantza dagoela herritarrekiko, beraien hauteskunde legitimitatea narriatzeko mekanismo bezala ikusten baitute partaidetzazko aurrekontua.

Erronkei begiratzen badiegu, handiena da aurretik modu formal edo informalean udalarekin parte hartzen ez zuten pertsona berrien partaidetza sustatzea eta, bereziki, sisteman azpi-ordezkatuena, hau da, alderdietan, interes taldeetan eta gizarte mugimenduetan parte hartzen ez dutenena. Partaidetzazko aurrekontuak bizitza publiko-politikoan integrazio tresna bezala funtzionatzen duenean arrakastaz hitz egin genezake. Ikusezinak ikusgarri egiten dituenean, isilpean zeuden ardurak eta ideiak publiko egiten dituenean.

Halere, kostu baxuko ereduak baditu bere onurak. Alde batetik, egun jendarte neoliberalean herritarren partaidetza bultzatzea oso zaila da; beraz, partaidetza eredu apal batekin frustrazioa sortzeko aukera gutxitu egiten da. Frustrazioa da herritarren partaidetzak duen etsairik indartsuenetako bat.

Bestalde, kostu baxuko ereduak partaidetzazko aurrekontuak normalizatu egiten ditu eskubide bezala, aurrekontuetan parte hartu nahi duten herritarrei bide bat segurtatuz.

Aurrerapauso bat da, baina oraindik urruti gaude partaidetzazko aurrekontuek izan ditzaketen potentzialitatetik administrazio eta kudeaketaren logikak eta filosofiak aldatzeko, baina baita ere neoliberalismoak bultzatzen duen kultura indibidualistari aurre egiteko komunitatea eraikiz herritar, erakunde eta politikarien artean.