Publizitatea

Iritzia

Graduondokoak, loratzen

Azken urteetan handitu egin da graduko ikasketak egin ostean masterrak egiten dituzten ikasleen kopurua. Bere bizipenetatik gogoeta egin du Albizuk; Garinek, berriz, begirada akademikotik aztertu du azkenaldiko joera.

2018-06-17

Uzuri Albizu Mallea, EHUko irakaslea eta graduondoko ikaslea

Izokinak, periferiak, amildegiak

Uzuri Albizu Mallea, EHUko irakaslea eta graduondoko ikaslea.

Masterzalea naiz. Bai bai, masterzalea. Jonkia. Adi(k)tua. Jakin badakit [adi(k)tua naizenez gero] adikzio orok bost fase dituela: maitemintzea, eztei ezkontza, traizioa, galbidea, eta kartzela. Bada, traizioaren fasean harrapatzen nauzue, lagunok. Menpekotasuna eragin didan hori oldartu zaidan unean. Paradoxen garaian. Abestienean. ...Beti jarraitu izan dut bide bera, zailena, izokinarena...

Bitxia da oso izokinaren kode etikoa. Gogoz egiten dio kontra korronteari errekan gora doala, baina lehenago edo beranduago bueltatu egiten da jaiolekura. Hiltzera.

2013ko abuztua. 2012ko ekainean lizentziatu nintzen, eta ikasturte sabatikoa hartu dut aurten, hemendik aurrerakoak patxadaz erabakitzeko. Jaioterrira bueltatu naiz, bost urtez kanpoan bizi ostean. Jaiotetxera: gurasoenera. Azken zortzi hilabeteotan bost lan izan ditut, denak aldi baterakoak: liburutegia, eskola partikularrak, antzerki eskolak, garbitokia eta herriko taberna. Bitartean, nire klasekide izandakoak masterrak ikasten hasiak dira... Eta nik? Zer egingo dut nik?

[Isiltasuna, luze.]

Ikerkuntzako master bat: dzanga uretara berriz. Baina oraingoan errekan behera, ez dut izokina izan nahi.

...Sentitzen dut, baina iritsi naiz amildegira, zure eskutik askatzera noa...

Itsasoa eta mendia biltzen dituen lokailua da amildegia, edo bizitzako etapa baten amaieratik hurrengoaren hasierarako atea. Heriotza eta jaiotza, aldi berean.

2014ko ekaina. Ikerkuntzako masterra bukatu berri dut. Hautatu dudan ikerketa lerroa oso interesgarria zait, baina ez du sosik ematen. Ondorioz, ez didate tesirako bekarik emango (zertarako ahalegindu?), eta ikasi dudanarekin zerikusirik daukan lanik ere ez dut aurkituko... Zer egin amildegiaren ertzean zaudenean?

[Isiltasuna berriz, laburrago.]

Beste master bat: inozoek baino ez dute amildegitik salto egiten. Heriotzarik ez, beraz. Ezta birsortzerik ere.

...Eman, eman, eman apur bat...

Aipatutako bi masterrak ikasi bitartean, hainbat lan egin nituen txakur txiki batzuk irabazteko.

Ordu asko eta diru gutxi: prekaritatea. Prekaritateak periferietara eraman ninduen: periferia sozialera (poteorako sosik ezean, zer egin ostiral iluntzean?), eta periferia politikora (lotarako orduak militantziara bideratzea gehiegizkoa ote?).

2017ko maiatza. Prekaritatetik ateratzea lortu bai, baina periferietan egon ostean, erdiguneetara bueltatzea ez da erraza izaten ari. Hiri berri batean bizi naiz; jendea ere berria, beraz.

Erdigune sozialaz ez naiz kexu, gustuko lagun talde batekin egin baitut topo: banoa lekutxoa egiten. Militantzia da buruhausteak ematen dizkidana. Esku hutsik sentitzen naiz, zerbait falta zait... Non aurki ditzaket galdera berriak? Sakonagoak? Benetakoagoak?

[Isiltasunik ez.]

Feminismoko masterrean, non bestela? Dagoeneko jakintza dosi akademikoek baino ez naute asebetetzen.

Nora eta akademiara feminismo bila… Hau ote galbidearen hasiera?

Abestia: Andres Calamaroren Salmon (itzulpenak nireak).
Araceli Garin Martin

Masterra: hautazko ala ezinbesteko?

Araceli Garin Martin. EHUko gradu eta graduondoko ikasketen arloko errektoreordea

Unibertsitateko ikasketak 1994. urtea baino lehenago egin genituen gehienok bi karrera mota genituen aukeran. Batetik, hiru urteko diplomaturak (irakasle ikasketak, erizaintza edo ingeniaritza teknikoak, kasurako) eta, bestetik, gutxienez bost urteko lizentziaturak eta ingeniaritzak (ikasketa gehienak). Bien arteko diferentzia, iraupenaz haratago, ikasketen izaeran zetzan. Diplomaturek izaera oso praktikoa izateaz gain, lanbidera bereziki zuzenduta zeuden. Lizentziaturek, berriz, lanbide jakinekin baino zientzien eta teknologiaren ikaskuntzarekin edo heziketa zientifiko-teknologikoarekin zuten zerikusia, luzeagoak ziren eta teoriaren eta ikerkuntzaren presentzia nabarmenagoa zen. Bost urteko unibertsitate prestakuntza zuten lizentziatuen lan merkaturatzea lausoagoa eta malguagoa zen nonbait. 1990eko hamarkadan zehar, unibertsitate ikasketek lan merkatuarekin izan behar zuten harremana nabarmen hasi zen azpimarratzen lege eta arau desberdinetan, eta, diskurtsoaren orientazio berri horrekin batera, ikasketen egituran aldaketak egiten hasi ziren legegileak. Luze joko luke aldaketon esangura aztertzeak, baina bat oso ikusgarria da: aurreko hamarkadetako 3-5 urteko diplomatura-lizentziatura eskema bertan behera utzi eta lau urteko titulazioak konfiguratzen hasi zen. Ikasketen egituraren eraldaketa honetan azkenean honako hauek finkatu dira: gradua (gehienean, 4 urtekoa) eta masterra (gehienean, urtebetekoa). Labur esanda, 1990eko hamarkadako kimikako lizentziatu batek lortu zuen prestakuntza mailara iristeko gaur egungo ikasle batek gradua eta masterra egin beharko lituzke.

Gradu bat gaur egun zer den laburki azaldu beharko bagenu, esan genezake nazioarteko ingururako lan tekniko kualifikaturako prestakuntza dela. Lan praktikoa eta lan munduarekiko harremana, gainera, geroz eta gehiago azpimarratzen da formula desberdinen bidez: kanpoko praktiken kopuru handiak, eredu dualak edo alternantziako heziketa (lanbide heziketatik zuzenean jasotakoak, hain zuzen), nazioarteko unibertsitateetarako mugikortasunak, metodologia aktiboak (learning by doing). Gure ustez, lehengo ikasketa klasiko eta teorikoegiei astindu ederra eman die eredu honek, baina airean honako galdera hauek geratzen dira: kualifikazio tekniko profesionala duen eredu honek gizartean dauden behar guztiak asebetetzen al ditu? Nahikoa al dugu populazio tekniko goi kualifikatu bat planetak eta Euskal Herriak dituen erronkei aurre egiteko? Bistan da ezetz. Ikasle baten ikuspegitik masterrak eta ondorengo doktorego ikasketak egitea ezagutza praktiko eta teknikoarekin ez konformatzea da, ikasgura handiagoa izan eta galdera berriak egitea. Ikerketaren mundu gogor zein zoragarriaren barruan murgildu eta egun dagoen konplexutasunari eustea da. Ikuspegi kolektibo batetik begiratuta, gauzak modu batean edo bestean egiten dakiten pertsonez gain, gauzak zergatik egiten diren arrazoitzen dakitenak ere behar dira; izan ere, ezagutza sakonagoa eraiki dute eta teoria eta praktika uztartzen badakite. Horretarako, praktika profesionalera bideratutako ikaskuntzaz aparte, ezagutza teorikoa eta ikerkuntza maneiatu behar dira.