Publizitatea

Iritzia

Amatasuna

Nola egin amatasun askatzaile baterantz? Katixa Agirrek eta Nerea Loiolak egin dute gai horri buruzko gogoeta, nor bere bizipenetatik abiatuta.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2020-01-11

Nerea Loiola

Bidegurutzean

Nerea Loiola. Idazlea

Zerbaitek ximist egiten du gure garunetan amatasun eta askatzaile hitzak elkarren ondoan ikusten ditugunean. Logikoak dira kontraesanak. Iraganak horixe utzi baitigu oinordetzan, gure amek eta amamek ama izatea zutelako betebehar bakar. Eta puntu. Gauzak aldatzen ari diren arren, dikotomia faltsu horrek bi aukeraren artean hautatu beharrean jartzen gaitu oraindik ere: ama izatea edo aske izatea, bata bestearen arerio balira bezala.

Hiru ume zoragarriren ama naiz eta amatasun askatzaile bat bizi dudala esango nuke. Niretzako, askatzaile hitzak kontestu honetan nire modura esan nahi du, nire modura eta inongo epai motarik jaso gabe. Eta barne-epaiez ari naiz bereziki. Izan ere, oso azkarrak gara kanpo-epaiak identifikatzen, baina gure sexismo barneratuak, gure amatasunaren ideologia intentsiboak difuminatu eta justifikatu egiten ditu geure buruari etengabe ematen dizkiogun epaiak. Amatasunaren ikuspegi ezjakinak amatasuna bera idealizatzera eramaten gaitu. Eta horrela, ezinezkoa da gauzak gure erara egitea, eta amatasunak estutu egiten du, horixe estutzen duela. Baina, zama hori guztia gainetik kentzea lortzen duzun unean, aspaldiko partez arnasa sakon hartu eta ohartzen zara amatasunak hor jarraitzen duela eta ez zintuela hark estutzen, haren inguruan lebitatzen duen zabor guztiak baizik.

Nola ez, abilak gara arazoei izena jartzen eta ez hainbeste konponbideak planteatzen. Nola kendu zama hori gainetik? Nondik atera hori egiteko behar den indarra? Nire kasuan, bikotekideak eta biok osatzen dugun talde-olinpiko-funtzioaniztunari eta inguruko beste ama batzuekin biziraupenez eraikitako harremanei esker lortzen dudala uste dut. Baina hari solte horiek sendotu eta saretzeko beharra dago. Biziraupena etxekotzekoa. Feminismotik. Eta feminismo diodanean ez naiz zerbait abstraktuaz ari. Inguruko beste ama batzuekin elkartzeaz ari naiz, besteen babesean geure buruari jartzen dizkiogun epaiak alboratzeaz, bizi nahi dugun amatasuna zein den aztertu eta horrekin aurrera egiteaz, gure sentimenduak, nekeak, tristurak eta pozak azaleratu eta onartzeaz. Zer da ba feminismoa zaintza ez baldin bada.

Horregatik, nahiko nuke mugimendu feministak amatasunaren gaia (ere) erdigunean jartzea (erdiguneak gainezka egingo ez badu behintzat!). Beste emakume batzuen abaroan soilik izango baitugu iraganetik ikasteko ausardia eta gure garaia aurreratzeko aukerak irudikatzeko gaitasuna. Amatasuna berreraikitzen ari garela garbi daukat, horretan ari diren emakume asko ezagutzen ditut. Baina tantaka ari garen sentsazioa dut askotan, eta olatu bihurtuko gaituen bultzada falta zaigu. Hainbeste eman digun mugimendu feminista gabe ez dugu lortuko.

Eta gobernu erakundeak zer? pentsatuko duzu. Gobernu erakundeek amak elkartzeko espazioak gaitu eta ahalduntze dinamikak sustatu beharko lituzketela uste dut, gaia publizitatu, duen garrantzia publikoki onartu. Baina ez dut hauen balute eta luketetan energiarik jarri nahi. Ezin baitateke asko espero baimen, baldintza, kontziliaziorako diru-laguntza, eta abar lotsagarri luze baten atzean amak eta haurrak nahikoa babesik gabe uzten dituen horietaz.

Momentuz, geuk ekarri beharko dugu amatasuna erdigunera, benetan aintzat hartua izan dadin, gure esku dagoena egiteari ekinez. Geure modura.
Katixa Agirre

Amon patua

Katixa Agirre. Idazlea

Liburu aurkezpen batetik gatoz eta mahai baten bueltan eseri gara trago batzuk eskatzeko prest. Bartzelonan gertatzen da hau guztia, iragan azaroko azken egunean, egun eguzkitsua. Esan daiteke «kulturako» jendea garela: idazleak, editoreak, zinemagileak. Gehienak emakumeak. Kasualitatez (edo ez), mahai baten ertzean guraso garenok eseri gara, beste puntan jarri dira umerik ez dutenak.

Aurkeztu berri den liburua amatasunari buruzkoa denez, gure elkarrizketa ere horrantz lerratu da kasik gure borondatearen kontra. Etxe barruan garrasika ibili ostean auzokoen aurrean, igogailuan, ama onaren itxura mantentzen saiatzen dela, hasi da ama horietako bat kontatzen. Umeak lokartzen direnean, beren ohera gerturatu eta belarrira barkamena eskatzen diela txikiei, eguneko hanka-sartzeak direla eta, aitortzen du beste ama batek. Bartzelonako eguzki eta konpainiarekin gozatu ederra hartzen ari banaiz ere, bidaia osoa nire seme-alaben argazkiei begira pasa dudala aitortu beharrean sentitzen naiz ni ere. Barre egiten dugun arren, geure buruaren parodia antzeko bat saiatuz, badago gure artean ezinegon bat, erru txiki baina iraunkor bat. Ama hobeagoak izan gintezke?

Gizonezko batek, hain justu taldeko ume bakarra besoetan duen gizonak, lastima eta sinesgogortasuna islatzen duen aurpegiarekin begiratzen gaitu. Baina noiz liberatuko zarete, arraioa? esaten digu, ez preseski hitz horiekin, baina tira. Guk geure partea egingo dugu, ados, dio haurra are gehiago estutuz, baina zuek ere erlaxatu beharko zarete pixka bat, ezta?

Egia al da hori? Garrasi egin ahal diegu umeei berehala geure buruari barkatuta? Egin dezakegu aurrera gure eguneko porrotei berriz begiratu gabe? Bidaian atera gaitezke etxean utzitako txikiengan pentsatu gabe? Ez dakit zein den erantzuna, zer espero den gutaz, zerk emango ligukeen puntu gehiago feminista karnetean. Nik inguruan emakume sortzaileak ikusten nituen, nekatuak, are estresatuak ere bai, baina bizitzeko gogoa zeukatenak, proiektuz beterikoak, eta ama ere bazirenak, eta bizimoduaren aspektu guztiak izate horrek bustita zeuzkatenak. Eta aldi berean adi egon beharra ere bazutenak, noiz eta non aipatu ama naizela, noiz eta non aipatu umeak faltan hartzen ditudala, noiz eta non aipatu traba egiten didatela, gehiegitan esan ote dut dagoeneko, oraindik ez dut aipatu eta zer pentsatuko ote dute nitaz, ama helikopteroa naizela, beti umeen gainean planeatzen, ama desnaturalizatua, umeak gogoan hartzen ez dituen alproja.

Gaur ere, amatasun askatzaileari buruz idazteko eskatu didate, eta hegazkinean bakarrik noala seme-alabak faltan hartzen ditudala aitortzen hasi behar izan dut. Batean kale, bestean bale. Zergatik?

Eta galdera horien guztiak erantzuteke, ekilibrioak, kalkuluak, autoebaluazioa. Barre artean, broma itxurarekin, konpartitzen diren egiak. Ama hobeagoak izan gintezke? Seguru asko bai. Baina ama hobeagoak izateko ahalegin horretan zer gertatuko ote zen gure beste atal, fazeta, ilusio eta proiektuekin? Batean kale, bestean bale. Horixe da gure patua?

Erantzunik gabe jarraitu nuen bazkarian zehar. Esan dezadan arratsaldeak aurrera egin zuela, eta gaua ere iritsi zela, eta momentu batetik aurrera, ez dakit zehazki noiz, umeei eta gurasoei buruz hitz egiteari utzi geniola bizitzaren beste aurpegi batzuk ere gozatzeko.