Publizitatea

Iritzia

Kanpo espazioen antolaketa

Zer irizpide erabiltzen dira ikastetxeetako edo hirietako kanpoaldeak eraikitzeko orduan? Zeintzuk erabili beharko lirateke? Honatx bi gogoeta:

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2020-01-18

Herriko plaza

Inhar Agirrezabal eta Garbiñe Pedroso. Arkitektoak

Gure herrietako auzo berriak marrazten hastean, bada hitz oso garrantzitsu bat: dentsitatea. Parametro ezberdinen arabera neur daiteke, baina, oinarrian, sustatzailearen balizko mozkina metro karratuko zenbat euroren zifran laburbiltzen da. Teddy Cruz arkitektoak, ordea, dentsitate kontzeptu berri baten beharra aldarrikatzen du. Hektareako gauza —edo unitate— kopuruaren ikuspegi zaharraren ordez, proposatzen du hektareako hartu-eman sozial kopurua neurtzea.

Manuel Delgadok, berriz, argi utzi zigun espazio urbanoaren modelatze kultural eta morfologikoa elite profesionalen gauza dela; plangintza, eta haren kudeaketa politikoa, erabiliz gutxiengo menderatzaileen interesetara hiria menderatzeko. Halere, bere iritziz, beste morfologia batek —sozialak— du azken hitza, eraikitako leku jakin baten erabilera eta esanahia erabakitzeko orduan.

Bere azken liburuan, Joseba Sarrionandiak antologikotzat jo ditu John D. Rockefeller aberatsaren ondorengo hitzak: «American beauty delako arrosa-loreak aparteko edertasuna eta usaina lortuko ditu jabearentzat, baina inguruan hazten diren beste pipilak sakrifikatuz lortzen da hori». Alegia, urtearen lehen bi asteotan kalean jada hil diren bi lagunak gure hirigintzaren pipil sakrifikatuak lirateke. Jatorrian elkar topatzeko eraikitako espazioan, ez gara topatzeko gai izan, hilotzak ez besterik.

Honekin guztiarekin, ordea, ez dugu esan nahi sinplea denik espazio publikoaren diseinua. Jardunak ukitutako zeharkako eremuen adierazgarri, adibidez, ohikoa da proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea; iritsi berriak, aldiz, generoaren araberako eragina neurtzea edota ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa). Idatzitako ingurumen txosten bakoitzeko, dena den, naturak atzerapauso bat eman behar izan duela kontuan hartuta, ez dugu asko ospatzeko.

Beste traza bateko herriguneen bila, eredu eder ugari, hainbat proposamen interesgarri, eta aukera eraldatzaile asko daude munduan zehar; arlo teorikoan zein praktikoan lekua hartu dutenak. Besteak beste: Tonucci ezaguna, haurren beharrak lehen lerroan jarrita, guztiontzat herri bizigarriagoak irudikatuz; edo Jan Gehl, espazio urbanoaren izaera gizatiarra aldarrikatuz eta horretarako gakoak azalduz; baita hirigintza barneratzailea ere, zaintza erdigunean jarrita, kolektibo guztien ongizatea bilatuz; Charles R. Wolfe, esfortzu gabeko hirigintzatik, jatorrian hiriak sortzeko eman ziren lehen oinarrizko printzipio haiei berriz heltzeko ideiak emanaz; Salvador Rueda, hainbat adierazleren azterketa sakonetatik eratorritako hirigintza ekologikoan oinarrituta, eta super-etxe-irlak baliatuta, Bartzelonaren tamainako hirien bizigarritasuna eraldatuz.

Denok, abiapuntu ezberdinak izan arren, funtsean, ondorio bertsuetara iristen gara. Guztiontzako herri, auzo edo hiri bat, espazio publiko bat, eraikitzeko hartu beharreko irizpide nagusiak luzaz definituta daude. Lehentasun kontua baino ez da.

Goian aipatutako gisan, azken hitza herriarena izan arren, lehen hitza dutenak sakoneko beste oinarri ideologiko batzuetatik abiatuz gero, oso bestelakoa litzateke bizitza; aringarri aritu beharrean, hartu-eman sozial aberatsak eta eraldatzaileak lekutu ahal izango baikenituzke.

Garapenerako bide

Iñaki Larrea Hermida. Mondragon Unibertsitatea

Azken urteotan, berrikuntza handiak egin dira eskola askotako barruko espazioetan. Haurren beharrei hobeto erantzuteko espazio zabalak, balioanitztunak eta estetikoki zaindutakoak izan dira arkitektura eta hezkuntza ikuspegiak uztartzearen ondorio. Tamalez, espazioekiko kezka hori ez da indar berberarekin islatu kanpo espazioan. Oraindik ere, nagusi dira jolaserako eta ikaskuntzarako mugatutako aukerak eskaintzen dituzten eskoletako kanpo espazioak, kirolean oinarritutako diseinuekin oro har.

Eskolan kanpo espazioa arretagune nagusia ez bada ere, ikerketa esparruan interesa piztu duen gaia da. Ikertzaile ugarik aztertu nahi izan du kanpo espazioak haurrarengan duen eragina. Lan horiek aditzera eman dute, oro har, kanpo espazioa onuragarria izan daitekeela haurrarentzat. Adibidez, aire zabalak modu esanguratsuan susta ditzake haurraren mugimenduzko trebetasunak eta osasun fisikoa. Gaitasun sozialei dagokienez, harreman aberats gehiago eta haurren arteko gatazka eta jokabide disruptibo gutxiago ematen dira kanpo espazio egokietan. Halaber, ondorioztatu da eskolako kanpo espazioak eragin positiboa izan dezakeela haurraren arreta-mailan, sormenean, irudimenean, naturarekiko errespetuan eta naturarekin lotutako edukien ikaskuntzan. Laburbilduz, baiezta daiteke kanpo espazioak baduela gaitasuna haurren jolasa, ikaskuntza eta harremanak bultzatzeko eta, modu horretan, haurren garapena (sozio-afektiboa, kognitiboa, mugimenduzkoa...) aberasteko.

Kanpo espazioa onuragarria izateko, baina, haren diseinua garrantzitsua da. Ikerketek diotenez, baldintza batzuk bete behar ditu aire libreko espazioak haurrengan eragin positiboa izan dezan. Adibidez, garrantzitsua da haurren garapen ebolutiboari dagozkion beharrekin bat egiten duen eskaintza izatea. Eskaintza horrek, gainera, askotarikoa izan behar du, haurren askotariko interesei erantzuteko modukoa. Halaber, ikerketa batzuen arabera, kanpo espazioak erakargarria izan behar du haurrarentzat, bere trebetasunak frogatzeko aukera ematen duten elementuekin. Era berean, naturarekiko kontaktua gako da haurrarenganako eragin positiboa izateko.

Zoritxarrez, Euskal Herriko hezkuntza erakundeetako kanpo espazio gehienek ez dituzte baldintza horiek betetzen. Asfaltoa eta porlana, kirolerako kantxen zentraltasuna, jolaserako eta ikaskuntzarako baliabide mugatuak edo erronka izaera duten elementuen eskasia dira ezaugarri nagusi gurean. Izaera horretako kanpo espazioak aztertu dituzten ikerketek agerian utzi dute era horretako diseinuek ekarpen mugatua egiten diotela haurraren garapenari. Are gehiago, erakutsi dute hezkidetzarako eta haurren arteko harremanetarako oztopo direla.

Egoera horren aurrean, makina bat eskolatan, barruko espazioetan egin bezala, kanpo espazioetan ere berrikuntzak egin beharko lirateke. Belarrak, hondarrak edo harriek asfaltoa eta porlana ordezkatu beharko lituzkete; zuhaitzek eta baratzeek horrenbeste futbolerako ate; eta sokek, muinoek, ezkutalekuek edo etxolek, besteak beste, gaur egungo material eskasia eta hutsunea. Barruan ez ezik, kanpoan ere diseinu aberatsak, anitzak, erakargarriak... behar ditugu modu esanguratsuan sustatzeko haurren garapena eta ikaskuntza. Horregatik, gurasoek, irakasleek eta administrazioak berak, denok alegia, kanpo espazioa goi mailako baliabide pedagogikotzat hartu beharko genuke. Kanpo espazioari balioa emateak baimenduko digu diseinuaz hausnartzea, horretarako baliabideak bideratzea eta aberasten joatea haurrei aire zabalean egiten diegun eskaintza. Modu horretan lor dezakegu kanpo espazioa benetako baliabide eraginkorra izatea haurren garapenerako eta ikaskuntzarako.