Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Eztabaida gela

Sindikatuak

Nola azalduko zenioke zer den sindikatu bat lan merkatuan sartzera doan edo sartu berri den gazte bati? Galdera horri erantzun diote Etxaidek eta Barandiaranek.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2020-01-25

Joseba Barandiaran

Zergatik ditu asteburuak egun bi?

Joseba Barandiaran. Ekonomialaria

Gazte bati sindikatuen garrantzia azaltzeko galdera egokia. Zergatik existitzen da asteburua? Izan zitekeen egun erdiko jaia, egun osoa, hiru egun... baina ez. Bi egunekoak bizi gaitu... zergatik bi? XVIII.-XX. mendeetako langile borroka luzeen lorpenetako bat da, industrializazio garaiari oso lotua. Klase borroka zeritzan.

Kontraboterea. Gazte bati sindikatuen funtzioa azaltzeko hitz egokia. Bi hitzen elkarketa: kontra, eta boterea. Ergo, ez da botere nagusia, beste bat du parean. Eta haren orekarako lagungarri izateko helburua du. Eta kasu, sindikatua bera botere bat da. Diotenez, ELAk 100.000 afiliatu ditu. San Mames bi. Kopuru handiak dira horiek, kuota ordaintzaile asko. Zerbait izango du. Eta medio gehienek eman ohi dieten baino errespetu gehiago merezi dute.

Kontsumo (gehiegizkoaren) gizarteak klase kontzientzia apaldu du, ordea. Gure gizarte zahartua lokartzerantz eraman du. Bai, ahul askoren helduleku da oraindik sindikatua, sektore prekarizatuenena (erresidentzietako langileak, etorkinak..). Bai, baina badaitort: baita bestelako landun (eta bajadun) zenbaitena ere; eta pribilegiaturen batzuk ere izan daitezke tartean. Sektore publiko eta parapublikoan, bereziki, badakite zerbait hortaz. Eta sektore (para)publikoan ere asko dira behin-behinekotasunak eta zabor-kontratuek jazarriak. Gizartea eta sortzen duen aberastasuna, ordea, haratago doaz, jatorri asko dituzte.

Gazte, sindikatuak nor defenditzen duen jakin nahi? Txiki Muñozi entzuten zitzaion gehien hau: «Gure jendea». Afiliatuak. Alegia, sindikatuak afiliatutako langileen defentsa du zeregin nagusi. Kasu, ez langileak soilik, baita tartean diren alferrena ere. Baina afiliatzean oinarritzen da; edonork abokatu bat duen bezalaxe. Eta, hortik at, hainbat langile, langabetu, zaintzaile, kooperatibista edo autonomo egon badago. Sindikatuen jardunak tarteka mesede egin diezaieke afiliatu gabeei; tarteka baita kalte ere. Baina. oro har, guztiek beste botere ekonomiko bat dute parean; merkatu askea, oihaneko legea.

Sindikatua (edo alderdi politikoa) fruta bezalakoa da: izan liteke mikatza, gozoa, gogorra, biguna edo are, ustela (horia ere esaten zaio azken horri). Eta fruta (jatea) osasuntsua da, beharrezkoa. Baina ez du esan nahi une oro eta neurririk gabe ona denik: mazedonia bakarrik janda nekez izango gara osasuntsu. Sindikalismoa (kontra)boterea denez, bietara erabili liteke: egoki, mesederako, edo oker, kalterako. Politikan alderdikeria badagoen lez, «sindikatukeria» ere egon badago. Dena delakoagatik hitza erabiltzen ez den arren.

XXI. mendeko gizartea eta ekonomia asko aldatu dira. Sindikatuek ere moldatu beharko dute: zapalkuntza mota ezberdinak dirautelako, botere ekonomiko oso indartsua medio. Lehen baino kontzentratuagoa, ziurrenik, mundu digitalean. Eta bi egunetako asteburua lortu eta defendatzen jarraitzeko sindikatuak ezinbesteko izan ziren lez, nago, tamalez, noiz edo noiz asteburuak hiru edo lau egun izan ditzan ekarpenik nekez egingo dutela epe laburrean. Ikerketa, sorkuntza, ideia, asmakizun, ekintzaile eta, bai, enpresarien eskutik gertuago egon liteke hori; zeresan handiagoa izango dute horretan. Beraz menderako borroka (izan liteke lankidetza?) molde berriak asmakizun ditugu. Dituzu, gazte.
Ainhoa Etxaide

Sindikatuak, zertarako?

Ainhoa Etxaide. LABeko kidea

Langile borroka antolatzea da sindikatuon eginkizun nagusia; horretara bideratzen dira eta bideratu behar dira indar gehienak. Eta funtsezko zeregina da, gainera, borrokak ematen diolako sindikalismoari langileak antolatzeko gaitasuna, enpresaburuan aurrera langileen ahotsa indarrez eramateko aukera eta instituzioen aurrean langileen izenean hitz egiteko zilegitasuna. Sindikatuetatik gaurko egoerari begiratzen diogunean, argi dugu prekaritatearen kontrako borroka antolatzea eta horretan emankorrak izatea dela gaurko zeregin nagusia.

Eskubiderik eta babesik gabe, prekaritateak biluzik uzten gaitu boterearen aurrean. Eta biluzik ez dago borrokatzerik. Prekaritatea dominazio sistema bat da, kapitalismoaren garai honek behar duen jendartea lortzeko sistema. Horretan datza haren indarra. Eta neurrikoa izan behar du egiten den borroka sindikalak.

Biluzik nahi duten langileria politikoki, ideologikoki eta organizatiboki jantzi. Borrokarako baldintzak sortu. Borrokatzeko tresnak eskaini. Antolatzeko guneak ziurtatu. Patronalaren boterea mugatzeko gai den langile harresi bat eraiki. Merkatuari espazioa kentzeko eta ekimen publikoa indartzeko bide bat izan. Langileek kolektiboan babesteko eta kolektiboki aritzeko eskura eduki behar duen aukera dira sindikatuak, eta hori lortzea da sindikatuaren erronka garrantzitsuena, baita zailena ere.

Prekaritateari aurre egiteko gaitasunetik indarberrituko dira sindikatuak, langileen eskubideak enpresaburuen eta instituzioen aurrean defendatzeko. Lan merkatuaren bazterretan, aitortzarik gabeko lanetan eta enpleguaren eremu araututik kanpo lan egiten dutenen eskubideen alde borrokatzeak egingo du baliagarria sindikalismoa langile belaunaldi berrien artean. Baita betidanik sindikatuen eremutik kanpo geratu diren kolektiboen artean ere.

Lan mundura sartu berri den gaztearekin sindikalismoaz eztabaidan hasiz gero, sindikatuak eta langileen eskubideak parekatzea izaten da ohikoa. Eskubideak eskuratzeko borroka dago sindikatuen jatorrian. Eskubideak modu kolektibo eta antolatuan defendatzea da ekinbide sindikalaren oinarria. Eta lan eskubideen defentsan eraginkorrak izatea da buruhauste nagusia momentu honetan. Lotura egitea derrigorrezkoa da sindikalismoak historikoki jokatu duen papera aztertzeko eta balioesteko.

Baina badu bere alde txarra ere. Lan munduan eskubide eskasekin eta prekaritateak jota sartzen den gazteak sindikatuak eta lan eskubideak lotzen dituenean, biak ikusten ditu urruti, bere errealitatetik kanpo. Iraganeko gauzak. Gaztearen utzikeriari, aurreiritziei eta ezagutza faltari leporatu ahal diogu ikuspegi hau, eta hala izan daiteke askotan, baina ez du zertan horrela izan.

Sindikatuak urrunak, ezezagunak eta eskura ez dituen tresna bezala ikusten dituen gazte askok ez du borroka alboratu, gazte antolatuak dira. Adierazgarria da prekaritatearen kontra borrokatzeko eragile berriak sortu direla azken aldian han eta hemen. Gaurko testuinguruan eta gaurko baldintzen arabera sortutako borrokarako tresnak dira, eta gazteen ekimenez sortu dira gehienetan. Zertarako sindikatuak?

Urtarrilaren 30eko greba orokorra mugarria izango da pentsioen borrokan, lan munduan ugaritzen ari diren borrokak hauspotzeko balio izango du, eta greba feministetako aldarrikapenak indartzen jarraitzeko balioko du. Euskal Herrian gorpuzten ari den mobilizazio garai berrian kokatuko gaitu, testuinguru paregabea langile belaunaldi berriekin sindikalismoaren gaurko garrantziaz eta etorkizuneko balioaz eztabaidatzen jarraitzeko.