Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Eztabaida gela

Digitalizazioaren lorratzak

Denon eskura eta erraz al dago digitalki funtzionatzea? Ondoriorik badu? Landabideak eta Alegriak egin dute horri buruzko gogoeta.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2020-02-15

Iñaki Alegria

Arrakala digitala egun, gure artean

Iñaki Alegria. EHU irakaslea, IXA taldeko kidea

Digitalizazioak onura ukaezinak ekarri ditu pertsonen arteko komunikazioan zein enpresa/erakundeen jardueran. Baina uholde horretan denok sentitu gara babesgabe hainbatetan. Adibidez, Interneteko aplikazio baten aurrean sistemaren edo gure akats bat dela medio dirua galdu dugunean, erreklamazio bat egin nahi izan dugu, eta makina batek baino ez digunean erantzuten edo tramite bat egin behar eta arazoak sortzen direnean (Izenpe ez aipatzearren). Orain, jar gaitezen Internet gabe bizi direnenen kasuan, edo pertsona adinduenean.

Arrakala (edo eten) digitala ohiko kontzeptua genuen Internet eta dispositibo digitalak gutxiren esku baino ez zirenean. Denborarekin, terminoa desagertzen joan da gure artean, eta askotan herrialde pobretuekin lotuta baino ez da erabiltzen. Baina «konektatuta egoteko aukera» edukita ere, arrakala digitala hor dago, pertsona askok konpetentzia digitalak ez dituztelako, edo erabiltzeko arazoak dituztelako. Beraz, bi ardatzetako arrakala dago, teknologiaren faltarena eta erabilerarena.

Batzuk konturatzen ez badira ere, lehena gure artean ere badago, zeren pobrezia energetikoa dagoen bezala, pobrezia digitala dagoela ere esan baitezakegu, eta berdinek pairatzen dituzte biak, immigranteek, langabetuek eta pentsio urriko emakumeek batez ere.

Erabileraren eremuari dagokionez, adineko pertsonak dira, zalantzarik gabe, arrakala digitala gehien pairatzen dutenak. Askok ez dute konpetentzia digitalak eskuratzeko aukera izan, eta eskuratu dituztenen artean batzuek galtzen joan dira gaixotasunen eta zahartzearen ondorioz. Babesgabetasuna pairatu ohi duten pertsona hauentzat azpimarratu beharreko konpetentzia digital bat aipatu behar da bereziki: konfiantza/segurtasuna Interneteko erabileran.

Eustat-en datuen arabera, EAEn %80ek erabiltzen du Internet, baina 65 urtetik gorakoen artean %37ek baino ez. Beraz, datu horien argira, ideia txarra da zerbitzu batzuk Internetez baino ez eskaintzea, baina are txarragoa adinduak oso kontuan hartzekoak direnean. Administrazioko zerbitzu ia guztiak hor sartzen dira, beraz, aukera onartezina da Internet bidez baino ez eskaintzea zerbitzu horiek: osasun arloko aurretiazko zitak, garraio-txartelak, pentsioaren inguruko kontsultak, errenta-aitorpena... Zoritxarrez administrazioan gero eta gehiago jotzen da Internet bidezkoa zerbitzu «unibertsal» gisa ezartzera. Baina unibertsalaren adiera gaizto batean: bide bakarra. Beti egon behar dira ordezko kanalak, pertsonekin aurrez aurrekoak; eta administrazioak hori bermatu behar du. Eta eredua izan.

Planteatutako egoera horren aurrean, ordezko kanalak ziurtatzeaz gain, hiru alorretan aurreratu beharra dago: konektibitatea, trebakuntza eta aplikazioen diseinua. Konektibitatean urrats gehiago egin behar dira hainbat herri/auzotan, baina baita gastu hori egin ezin dutenekin ere. Trebakuntza gakoa da, eta ez bakarrik adinduei begira. Adinduen kasuan, noizko formazio saioak eta aditu laguntzaileak haien sozializazio-zentroetan? Aplikazioen eremuan, diseinu aldetik mundu akademikoan proposamen interesgarriak daude irisgarritasunaren inguruan, baina gutxitan aplikatzen dira. Presazkoa da administrazio publikoko aplikazioak abiatu baino lehen bete beharreko protokolo bat ezartzea eta betetzea, mota guztietako erabiltzaileen eskubideak, eta adinduenak bereziki, ziurta daitezen (eta bide batez euskaldunena ere bai).

Hirigintzan eraikinak, espaloiak eta abar behar berezietako pertsonentzat ere diseinatzea administrazioaren ardura den bezala, berdin izan behar da mundu birtualean: sarbideak, segurtasuna, oztopoak eta abar aztertu behar dira aplikazio informatikoak indarrean jarri baino lehen.
Xabier Landabidea Urresti

Lana luze, bizitza labur

Xabier Landabidea Urresti. Deustuko irakaslea

Dagoeneko badakigu: komunikazioaren teknologiek zeresan handia dute giza sorkuntza eta ezagutzarekin osatzen ditugun harremanetan. Hitzak idatziz errepresentatzen hastearekin istorio luzeak buruz ikasi eta ahoz errepikatzeko gaitasunaren amaieraren hasiera sinatu genuen; inprenta asmatzearekin liburuki mardulak letraz letra eskuz kopiatzeko gai ziren artisauen lana zibilizazioaren zutabe izatetik kaligrafia ariketa bihurtze bidean jarri genuen... Eta orain digitalizazioak bete-betean jo gaitu.

Orain ordenagailuak esaten dit zenbat karaktere gelditzen zaizkidan zutabe honetan, ez orri zuriak edo papiroak edo larrukiak edo kobako hormaren azalerak. Espazio fisikoan existitzen gara noski, baina harekin daukagun harremana aldatu egin da, eta testua beste modu batera antola dezakegu nahieran. Inoiz eros genitzakeenak baino musika disko gehiago ditugu eskura streaming bidez, mahai gaineko ordenagailuan ez ezik, poltsikoan daramatzagunetan ere bai. Liburu, egunkari, film, telesail, komiki, iritzi-artikulu, erreportaje, argazki, entziklopediako sarrera, aldizkari zientifiko, bideojoko, elkarrizketa horiek guztiak. Nobedadeak eta klasikoak, estreinaldiak eta haurtzaroko harribitxiak. Blockbuster saihetsezinak eta kanpo-orbitetako ertzik ezkutuenak. Horretarako guztirako sarbidea, hemen, orain. Burua lehertzeko modukoa.

Dispertsioa aipatu ohi da. Distrakzioa. Desatentzioa. Desordena. Dibisioa. Direkzio edo noranzkoen gehiegitasuna. Arretaren eta pazientziaren amaiera. Lorerik lore gabiltzan erle bihurtu omen gara. Gazteak, historian beti gertatu izan den bezala, errudun eta susmagarri nagusi. Schrödingerren katua gara: jada inork ez omen du irakurtzen, baina begiak sakelakoen mamuzko argi urdindun pantailetara iltzatuta garraiatzen gara, zonbi pantailazale bilakatuta. Sekula baino letrafagoago, logoboroago, testujaleagoak bilakatu gara: etenik gabe kontsumitzen ditugu hitzak eta zeinuak idatziak, irudiak, soinuak, ikus-entzunezkoak.

Sartreren Goragalean (La nausée) pertsonaia batek liburutegi osoko liburuak alfabetikoki irakurtzeko determinazioa hartua zuen, eta 2020tik begiratuta ezin saihestu inbidia piska bat, konpromiso epikoki absurdo hori giza bizitza batean betetzea zaila baina posible zelako (spoiler: pertsonaiak ere ez du lortzen, eleberrian). Orain agerikoki ezinezkoa da sortzen den guztia irakurtzea, ikustea, entzutea, jokatzea. Sinpleki gehiegi dago. Gehiegiegi. Arauak aldatu egin dira, apurtu egin dira josturak. Jada ez dago lurreko mendirik altuena eskalatzerik. Geroz aeta zortzimilako gehiago daude. Inoiz baino titanikoagoa, absurdoagoa, agerikoagoa bilakatu da Sisiforen lana.

Tentazioa izan dezakegu gertatzen ari zaigunari adikzio deitzeko. Salatzeko. Kondenatzeko. Distantzia hartzeko honetatik guztitik. Gabriel Arestirekin Gorbeiara igotzeko salbazioa organizatzera. Baina alderantzizko deia egin nahi nuke amaitzeko: gelditu gaitezen hemen, kale arte honetan. Onar eta aitor dezagun Hipokratesen esaera zaharrak inoiz baino munta handiagoa duela guregan: artea luzea da, eta bizitza laburra. Aspaldiko min horrek bereziki eragingo digu aro digitalotan.

Ondo dago edateaz hitz egitea (baita gazteen edanaz ere), baina hitz egin dezagun egarri berriez.