Publizitatea

Iritzia

Kirolari herrikoien mugak

Gero eta kirol proba gehiago egiten dira, eta gero eta gogorragoak. Parte hartzaile kopurua ere hazten ari da, batez ere, kirolari amateurren artean. Baina non behar du mugak beharrezko prestaketarik ez dutenentzat?

2018-07-15

Mugak eta burugabekeriak

Helene Alberdi. Triatloilaria eta medikua

Kirol-lehiarako tradizioa oso aspaldikoa omen dugu Euskal Herrian. Jose Antonio Azpiazu antropologoaren ustez, euskaldunok garrantzi handia ematen diegu ohoreari, indarrari eta ausardiari. Baietz/ezetz tirabirak erakarmen berezia omen du guretzat. Gure arbasoek lanari lotutako kirol-probak asmatu zituzten: arrantza-lekuetara aurrena nor helduko, larreak aurrena nork segatuko, egurrak aurrena nork moztuko, harriak aurrena nork jaso edo nork zulatuko... Urteak igaro ahala, ordea, bizimodua erabat aldatu da; lehengo lan ugari desagertu, eta kirol berriek lekua jan diote antzinako norgehiagoka-ereduari.

Gaur egungo kirol ez-profesionalak naturaz gozatzea du helburu, eta abentura kutsua dauka. Horra, esaterako, gure lurraldean antolatzen diren hainbat proba herrikoi: Behobia-Donostiako maratoi erdia, Getaria-Zarauzko itsas-zeharkaldia, Bilbao-Bilbao klasiko zikloturista, Zumaiako Flysch Trail mendi-lasterketa, Gasteizko Euskadi Extrem Bike Marathon BTT edota Extreme Bardenas txirrindula-martxak, Hiru Handiak mendi-zeharkaldia, edozein itsas-herritako triatloiak...

Aipaturiko probak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Prestakuntza fisiko dezentea eskatzen dute. Hala ere, edonork izena eman eta har dezake parte, ez baitago inolako galbaherik. Uste dut kontrol gehiago beharko litzatekeela.

Ni hamabi urterekin hasi nintzen igeriketa federatuan. Urtero igaro behar izan nituen osasun-kontrolak. Hemezortzi urterekin utzi nituen, bai igeriketa taldea, bai lehiaketa, unibertsitate-ikasketek entrenatzeko denborarik uzten ez zidatelako. Hamabi urtetik hemezortzirako tarte horretan, bost aldiz entrenatzen nintzen astean, eta asteburuan, lehiaketa neukan.

Ikasketak bukatu aurreko urtean itzuli nintzen lehiaketara: triatloira, oraingoan. Neure kabuz hasi banintzen ere, berehala nabaritu nuen entrenatzaile baten falta. Galdua sentitzen nintzen, nire ahalegin guztiak hutsean gelditzen zirela iruditzen zitzaidan. Aitortu behar dut zorte handia izan dudala, bai Yepa taldearekin, bai entrenatzailearekin. Ainhoa Murua aurkitzea nire kirol-bizitzako gertakaririk inportanteenetakoa izan da. Haren agindupean, nerabe garaiko kirol-bizitzaren antolamendua berreskuratu dut.

Nire bizitza lanaren eta entrenamenduen arabera dago moldatua. Bataren eta bestearen ordutegiek finkatzen dute nire bizimodua. Egunero entrenatzen dut (jaiegunak barne) eta asea sentitzen naiz. Gainera, badira zortzi bat hilabete, dietalari batekin nabilena, eta horrek eragin zuzena izan du nire errendimenduan. Umorea ere aldatu didala deritzot.

Egin dudan azken lasterketa Zarauzko Triatloia izan da, ekainaren 9an. Bigarren egin nuen, 4 ordu, 44 minutu eta 22 segundoren denborarekin, eta izugarri sufritu nuen. Azken kilometroetan oso gaizki pasatu nuen.

Pentsamenduak nire zenbait lehiakiderengana egiten dit ihes; hau da, gutxi edo erdipurdi entrenatuta aurkeztu ziren lehiakide haiengana. Nola iritsi ote ziren helmugara? Merezi al zuen gorputza hainbesteraino behartzea? Ezezkoan nago. Zalantzan jarriko nuke plazer unerik lortu zutenik ere. Horrelako proba bat egiteko, kirolari bizimodua eraman behar da. Eta, hala ere, nahiko lan. Ezin gara itsutu osasuna arriskuan jartzeraino. Ezta pentsatu ere. Laboak kantatzen duen bezala: Bizitza da handiena, (hura) galtzea litzake galtzea dena.

Denok irabazle, baina zeren truke?

Imanol Garcia. Kirol prestatzailea

Badira lauzpabost urte kirola modan dagoela entzuten dela, eta onar daitekeen kontzeptu bat da. Ikusi besterik ez dago «popularrak» diren probetako izen emateak. Inoiz baino proba gehiago dago, eta inoiz baino parte hartzaile gehiago. Dela errepideko bizikleta, mendi bizikleta, asfaltoan korrika, mendi lasterketak, triatloia...

Parte hartzea handitu dela garbi dago, eta proba batzuk gaina jo eta beherantz ere hasi ote diren pentsa daiteke, Behobia-Donostia kasurako, baina gaina jo dute edo modaz pasatuta daude. Orain urte batzuk, 10 kilometroko lasterketak, maratoi erdiak eta gisa horretako probetan marka bat egitea bilatzen zen, edo, lagun artean apusturen bat egin, eta ondoren elkartzeko aitzakia izaten ziren. Duela urte batzuk arte, lagunari edo erlojuari irabaztea bilatzen zuen kirolari popularrak, eta helburua betetzeko apustu txikiren bat irabazi edo marka bat lortu behar zen. Orain, berriz, beste gauza batzuk bilatzen dira. Proba amaitze hutsa bilatzen da, eta probak ere horretarako ari dira eraldatzen. Azken urteetan, ez da bilatzen 10 kilometroko lasterketa bat ahalik eta azkarrena egitea eta horretarako entrenatzea. Hori, modaz pasatuta dago; gaur egun, badirudi 10 kilometro 30-35 minutu artean korri egitea (berebiziko denborak lasterkari popular batentzat) baliorik gabeko zerbait dela. Aldiz, 100 kilometrotik gorako mendi lasterketa bat, mendi bizikletan 10.000 metroko desnibel positiboa duen lasterketa bat edo Iron-Man bat amaitzea bilatzen da. Proba amaitze soila.

Probak edo lasterketak ere egokitzen ari direla esan daiteke, eta gero eta proba gogorrago, luzeago, basatiagoak antolatzen dira. Zailtasuna, gogortasuna... zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arrakasta gehiago dutela dirudi. Kirolak bere izan dituen azkartasuna eta irabaztea (nahiz eta kuadrillako lagun bati izan) jada modaz pasaturiko kontzeptuak dira orain. Egun, kirol proba amaitzea bilatzen da, amaierako marra gurutzatze hutsa balentria bat da, eta horretarako izen edo kontzeptu berri bat ere sortu da, finisherraren kontzeptua. Zenbait probatan amaitze hutsagatik, finisher izateagatik, sariak ere badaude.

Egun, denok izan nahi dugu irabazle, eta elkarren aurkako lehian ezinezkoa da hori, irabazle bat eta besteak galtzaile baitira. Orain, ordea, posible da beti irabazle izatea. Finisher titulua denek lor baitezakete. Denak irabazle. Orain, proba amaituta, irabazle gara; berdin da 24 edo 26 ordu mendian egon, amaitzea da helburu bakarra. Orain urte batzuk, berriz, 10 kilometro 35 minutuan egiteko helburuarekin joan, eta 35 minutu eta 10 segundoan amaitu, eta galtzaile, egindako lanarekin disgustura.

Maratoi bat egitea gutxitxo iruditzen zaigun egun hauetan, kirolari popularrentzat orain gutxira arte eredu izan diren kirolari profesionalek ere jada ez dute rol hori betetzen. Triatloia adibide hartuta, kirolari profesionalek distantzia olinpikoan (1,5 km igeri; 40km bizikletan eta 10km korrika) egiten dituzte hainbat urte, eta, ondoren, jada azkartasun puntu bat galtzean eta esperientzia handia dutenean, jauzi egiten dute distantzia luzera, Iron-Manera (3,8 km igeri; 180 km bizikletan eta maratoia korrika). Ezer ez egitetik edo astean pare bat egunetan jarduera fisikoa egitetik, sei hilabete inguruko prestaketa egin eta geure domina olinpikoaren (finisher tituluaren) bila goaz. Aukeraturiko proba amaitzeagatik, osasuna, sarritan prestaketa eta behar adinako esperientzia gabe egiten baitira proba horiek; familia, berebiziko denbora dedikazioa eskatzen baitute proba horiek, eta beste zenbait gauza alde batera uzten dira, dena ematen da finisher izateagatik. Baliteke kirolaren beraren balioak ere ahazten hasiak egotea, edo guztiz aldatu nahi izatea. Jakin nahi nuke Pierre de Coubertinek (joko olinpiko modernoen sortzaileak), hau ikusiko balu, zer esango lukeen.