Publizitatea

Iritzia

Hedabideen eragina politikan

AEBetako presidente Donald Trump eta hedabide nagusiak tirabiran ari dira, Espainiako hedabideek politikarien masterrei buruz ateratako berriek dimisioak eragin dituzte... Zer indar dute gaur egun komunikabideek politikan?

2018-09-23

Funtsezko papera berreskuratu beharraz

Ander Errasti Lopez. Etika eta Filosofia Politikoko doktorea

Komunikabideek gizarte batean orokorrean eta honen baitan eztabaidarako beharrezkoa den esfera publikoan ezinbesteko paper bat izan dute euren jatorritik. Zer esanik ez informazio inflazio garai hauetan. Izan ere, sekula egon ez den datu eta informazio fluxu kopuruaren aurrean, komunikabideen interprete papera inoiz baino ezinbestekoagoa agertzen da. Alde horretatik, egungo ezjakintasun politikoa, beldur sozialek hauteskundeen emaitzetan duten eragin geroz eta nabarmenagoa edo, besteak beste, iritzi kontrajarrien arteko talka sutsuan garatzen ari diren gizarte polarizazioak komunikabideek helburu hori betetzeko asmoan izandako ahulezien ondorioak dira neurri handi batean. Hau da, ulertzea geroz eta zailagoa suertatzen zaigun errealitate batean bizitzearen ondorioa. Fenomeno hau, faktore bakar batek azaltzen ez duen arren, Internetek orokorrean eta sare sozialek zehazki edukitako zabalkuntzaren ondorioa da. Hain zuzen ere, sare sozialetan sortzen ari diren komunikazio esparru berriek, bertute asko eduki arren, gabezia nabarmenak baitituzte: iritzi talde itxiak sortzeko joera, gogoeta kritikoa gogoeta erreaktiboarekin ordezkatzea, berehalakotasun grina sustatzea edo joera emozional sendo bezain hutsalak hauspotzea, besteak beste. Testuinguru honetan, informazio fluxuen eta hiritarren artean bitartekari lana egiten zuten komunikabideak ez dira oraindik dinamika berrietara egokitu. Ondorioz, modernitateaz geroztik herritarrok mundura gerturatzeko geneukan tresna garrantzitsuena gainbeheran dagoela esan ahalko genuke.

Zergatik ote dira, baina, hain garrantzitsuak? Komunikabideen garrantziaren aldarrikapena ez ote da, ba, garai berrietara moldatzearen beharrari muzin egitea? Zentzu batean bai, orain arte ezagutu izan ditugun komunikabideak ez baitira dagoeneko funtsean zuten helburu hura betetzeko erabilgarriak. Hala, ba, komunikabideak garai berrietara egokitu beharko direla ukaezina da. Bestalde, baina, maila askotan aldatu beharko duten arren, komunikabideei zagokien funtzioaren beharrak bere horretan jarraitzen du, demokraziaren ikuspegitik behintzat: hiritarrei euren mundua uler dezaten laguntzea eta, bide batez, euren bizitzetan eragin zuzena edukiko duten botereak kontrolatzeko tresnak eskaintzea, alegia. Honen eredu izango lirateke azken boladan Estatu mailan unibertsitate publiko batzuen praktika ustelen inguruan ikusten ari garen berriak edo epaileen arteko elkarrizketa onartezinen argitaratzea. Ikerketa hauek boterea kolokan jartzera irits daitezke, argitalpenen ostean boterearen beraren erreakzioetan argi geratu oi den gisa. Agerikoa da, dena den, boterea kontrolatzeak eskatzen duen oreka ez dela bat ere erraza. Izan ere, kazetariak boteretik hura kontrolatu ahal izateko behar adina gertu baina honek kutsatu ez ditzan behar adina urrun mantendu behar dira. Oreka hori, askotan, gehiegitan, bete izan ez bada ere, badirudi aurrerapausoak agertzen hasi direla. Ustelkeria kasuen salaketan edo genero berdintasuna bezalako funtsezko erronka sozialen (ber)piztean hainbat komunikabidek izandako papera honen eredu litzateke, beste hainbat esparrutan gabeziak mantentzen diren arren. Herritar guztion eginkizuna da komunikabide arduratsu, kritiko, zorrotz eta anitzak bultzatzea, eremu publiko naiz pribatuan. Demokrazia osasuntsu batek ezin baitio euren funtsezko ekarpenari uko egin.

Hedabideak, politika, zertarako?

Rosa Maria Martin Sabaris. EHUko irakaslea eta komunikazioan aditua

Zertarako balio dute hedabideek? Zertarako kazetariek? Galdera zuzen bezain argi horiek erantzun anitzak eta sinpleak izan dituzte luzaroan. Errealitateaz informatzeko, gobernuak kontrolatzeko, ikus-entzuleria entretenitzeko, iritzi publikoa sortzeko… Argi baitzegoen zer ziren hedabideak. Prentsa, irratia, telebista. Argi, zer informazioa, zer iritzia, zer publizitatea. Non daude mugak orain? Internetek komunikazioa katramilatu zuen, eta globalizazioak gainontzeko guztia.

Internet eta hiritar kazetaritzaren espejismoak igorle izan gintezkeelako ustea saldu zigun. Eta sare sozialek, gutako bakoitzak iritzi publikoan eragin dezakeelako ustea. Eta sinistu egin genuen igorle eta eragile izan gintezkeela. Usteak erdi ustel.

Herman eta Chomskyren propaganda eredua baliogarria da gaur ere: komunikazio enpresen jabegoak eta publizitate eta albiste-hornitzaileekiko dependentziak, besteak beste, azaltzen dute zer ematen den argitara.

Donald Trumpen eta AEBetako hainbat komunikabideren artean dibortzioa gertatu bada, galdera zera da: zer dela-eta orain arteko harreman ona? Trumpek ez du errespetatzen hedabideek beharrezkoa duten askatasuna. Baina zein ondo etorri zaion askori Trumpen ateraldiek sortutako zalapartak publizitate-sarreretan izan duen ondorioa. Eta onar dezagun, egitura politiko eta mediatiko horrek ipini du Trump dagoen tokian. Ez dirudi hedabide horiek sistema politiko hori zalantzan jartzen dutenik.

Madrileko egunkari batek abiatutako ikerketak politikarien ustelkeria jarri du ikusmiran. Ondoren gertatu diren dimisioak edota gobernu aldaketak gertatuko ziratekeen kazetari horien jardunik gabe?

Zeri begira daude Euskal Herriko komunikabideak? Ez dirudi gure inguruan boterearen eta hedabideen artean liskar handirik dagoenik. Behar baino gehiagotan kateko txakurra izan behar zuena altzo-txakur bilakatu da, han eta hemen.

Ustelkerian oinarritutako gobernu-sistema bat nekez mantenduko da hedabideek duten eragin-ahalmenari eusten badiote. Eta alderantziz ere, mantentzen bada, komunikabideek nahikoa ikertu eta eragin ez dutelako izango da. Edo herritarrok ikerketa-kazetaritzari muzin egin eta entretenimendua lehenetsi dugulako. Inoiz baino prekaritaterik handiena komunikabideetako langileen artean. Inoiz baino eraginik handiena iritzi publikoaren sorkuntzan.

Eta politikak? Zertarako balio du big data eta albiste faltsuen garaian? Albiste faltsuak nondik datozkigun pentsatzen dugun bitartean, gure ekintzarik xumeena eta gure ametsik handiena datu huts da erabaki estrategikoak hartuko dituzten eliteentzat. Eta hala ere... politikan sinistera behartuta gaude, elkarbizitza antolatzeko moduen artean bera baita bidezkoena, zuzenena.

Hedabideek politikan duten eraginari buruz hausnartzen dugun bitartean, hor dago, lasai-lasai, Ekonomia. AEBetako beste presidente batek bota zuenaren ildotik: «Politics? It's Economy, stupid!». Edo ez.

AEBetan sortu ziren prentsa librea, laugarren boterea eta kazetarien independentzia bezalako mitoak. Gaur egun, hor dabiltza politika eta hedabideak, idiak deman bezala, uztartuta, itsututa, ekonomiari tira eginez. Edo ez.

Politika zertarako? Errealitatea bere horretan uzteko edo aldaketa eragiteko? Komunikazio-taldeek izan duten portaera eta eragina ikusita: hedabideen independentzia zertarako?