Publizitatea

Iritzia

Ikastetxeen arteko bereizketak

Katalunian bide bat urratzen hasi dira eskola segregazioari aurre egiteko: nola egin erakargarri gurasoek baztertzen dituzten ikastetxe horiek. Horri buruz egin dute gogoeta Barquinek eta Montesek eta Lluis Parcerisak.

2019-06-09

Eskolak «erakargarriago»?

Amelia Barquin. Kulturarteko hezkuntzan aditua

Nola egiten ditugu erakargarri guraso askok baztertzen dituzten ikastetxeak?». Hori da egunkari honek proposatu didan galdera. Eta hori da, hain zuzen, ikastetxe askok jakin nahiko luketena.

Galdera ez da erosoa. Argi dago eskola segregatuak badaudela, horiek non errenta baxuko edota jatorri atzerritarra duten ikasleen portzentajea askoz altuagoa baita haien testuingurukoa baino (klase ertaineko autoktonoak baino ez dituztenak ere eskola segregatuak direla ahaztu gabe, nahiz eta hor arazoa gutxik ikusten duten). Eta argi dago, halaber, desoreka areagotzen ari dela, egoera aspaldidanik salatua izan den arren. Jarritako galderak adierazten du guraso askok ez dituztela eskola konkretu batzuk aukeratzen. Hori da segregazioa elikatzen duen faktore bat eta luze hitz egin genezake zergatiez, baina ez bakarra. Bestalde, «nork» egin behar du baztertutako eskola bat erakargarri? Eta harago joanda: zer da eskola «erakargarri» bat?

Izan ere, une honetan eskola segregatuen existentzia ezin da ulertu hezkuntza administrazioaren erantzukizuna kontuan izan gabe, gure hezkuntza sisteman dauden dinamika desegoki batzuen aurrean esku hartze eraginkorrik ez egiteagatik eta ekitatearen aldeko irizpideei lehentasuna ez emateagatik. Egoera nola dagoen ikusita, ez dago sobera planteatzea ea noraino gure agintari batzuek (eta haien boto-emaile batzuek) nahiago duten egungo egoera diru publikoarekin sostengatutako eskola guztiak sozialki heterogeneoagoak izatea baino. Baina argi hitz egin dezagun: ba al dago argudiorik segregazioa defendatzeko? Zer ekarpen egiten dio gizarteari, kohesioari, euskarari, ekitateari...?

Lehenengo galderara etorrita, esango nuke familia ugarik estimatuko luketela eskola bat non, adibidez: instalazioak duinak diren eta azpiegiturak minimoki erakargarriak diren; hezkuntza (eta hizkuntza) proiektu majo bat dagoen eta hezkuntza komunitateak inplikazioz partekatzen duen; irakasle taldea egonkorra den eta langileen herena edo erdia ez den urtero aldatzen (hezkuntza proiektua modu egokian aurrera eraman ahal izateko, adibidez); eskola bat non zuzendaritzak, klaustroak eta hezkuntza komunitateak jarrera eta diskurtso positibo bat adierazten duten aniztasunarekiko; eta non baliabide nahikoak dauden aniztasunari duintasunez eta kalitatez erantzuteko. Zerrenda horren aurrean, esango nuke gutxieneko baldintza batzuk hezkuntza administrazioaren ardurapean daudela, ezta...?

Ez naiz hemen arituko alboko zutabean aipatzen diren «iman proiektuez». Erakargarriago egin ditzakete eskola batzuk erne, segregatutako eskolak ez dira gutxi, baldin eta aipatutako beste baldintza horiek ere betetzen badira.

Eta, noski, klase ertaineko familia autoktono batzuek begi onez ikusiko lukete eskola bat non aniztasun soziala presente dagoen, baina ez eskola bat non soilik edo nagusiki errenta baxuko familiak edota familia immigranteak edota etnia jakin bateko familiak dauden. Besteak beste, hori ez delako haien herriaren, auzoaren edo hiriaren osaera (izan ere, desabantailan dauden familia ugarik ere ez dute hori nahi). Eta horrelako kontzentrazioak ez gertatzea Eusko Jaurlaritzaren eginkizuna da, legea betearaziz. Ikastetxe guztietan gutxienez bi leku gelditu behar dira geletan ratioaren gainetik, ikasturtean zehar heldutako matrikula bizia jasotzeko. Eta argi dago hori zaindu behar dela aniztasun sozialik gabeko ikastetxeetan bereziki. Ikastetxe batzuetan kuotak kobratzen jarraitzen dute, legeak dioen arren derrigorrezko hezkuntzak dohainik izan behar duela. Administrazioak jarraitzen du ikasturtean zehar kanpotik etorritako ume asko oso segregatuta dauden ikastetxe batzuetara bidaltzen. Ez du, oraindik, neurririk ezarri oztopatzeko eskola batzuek estrategia informalen bidez familiak aukeratzea. Administrazioak jarraitzen du gela berriak irekitzen aniztasun sozial gutxiko ikastetxeetan... Gako batzuk baino ez aipatzeagatik.

Baina hori guztia behin eta berriro errepikatu da. Zer behar da segregazioaren arazoari benetan heltzeko?

Aldaketarako hainbat proposamen

Alejandro Montes, eta Lluis Parcerisa. Bartzelonako Unibertsitate, Autonomoa

Azken hamarkadetan, eskola segregazioa izan da hezkuntza arloko adierazpenik kaltegarrien eta iraunkorrenetako bat. 1960ko hamarkadaren erdialdera Coleman txosten entzutetsua argitaratu zenetik, akademian eta politikan sarri eztabaidatu da eskoletan gertatzen den segregazioaz, arrazagatikoaz zein sozialaz. Haatik, azken urteotan Europa hegoaldeko herrialdeetan gizartea polarizatu duten prozesuek erakusten bide dute eskola segregazioaren fenomenoa ez dagoela azkena emateko zorian, eta, aitzitik, indarrean dagoela, sekula baino biziago. Espainiako Estatuan, zenbait ikertzailek aztertu dute fenomeno hori, besteak beste Xavier Bonalek, eta saiatu dira argibide baliagarriak ematen hezkuntza sistema bidezkoagoak eta inklusiboagoak sortzeko. Panorama etsigarria da, baina argibide horiek erakusten digute hezkuntza politikak badaukala segregazioaren fenomenoa eragozterik, eta tresnak ematen dizkigute segregazioaren aurka borrokatzeko.

Alabaina, ikerketen emaitza horiek adierazten digute, bestalde, ez dagoela errezeta magiko unibertsalik eskola segregazioaren kontra borrokatzeko. Alde horretatik, behar bezalako tresnak hautatu ez ezik, diagnosi on bat ere egin behar da aldez aurretik, hartara testuinguru bakoitzari egokitutako politikak ezartzeko. Era berean, segregazioaren kontra borrokatzeko, maila anitzeko esku hartze koordinatu bat egin beharra dago maiz, eta uztartu egin behar dira egiturazko aldaketak eta zentrorik babesgabeenei zuzenduriko neurri zehatzak.

Nazioartean, aditu askok uste dute eskolen zonifikazioa dela udalek hezkuntza plangintzarako darabilten tresna nagusia. Horretarako, biziki gomendagarria da udalerri bakoitzak arretaz aztertzea bere kasua, hartara eskola eremu bakoitza ahalik eta heterogeneoena izan dadin; horrela, eten egingo lirateke auzoen araberako segregazioaren eraginik kaltegarrienak.

Bigarrenik, eta berriz ere Xavier Bonalen hitzak ekarrita: «Aukeratzeko askatasun handiagoa dagoenean, eskola segregazioak gora egiten du». Horregatik, administrazioa kontzientziatuta balego, eginahalak egin beharko lituzke ez amore emateko familien eskaerei, eta doitzeko tokien eskaintza, hartara herriko ikastetxe guztiak bete daitezen eta ez soilik gehien eskatuak. Era berean, ezinbestean kontsideratu beharreko elementu bat da ikasturtea hasi ondorengo matrikularen kudeaketa ere. Esate baterako: matrikula mota horretara jotzen duten ikasleentzat leku gehiago leudeke gehien eskatutako ikastetxeetan ratioak murriztuko balira, eta halako ikasleak ez lirateke pilatuko gutxien eskatutako ikastetxeetan. Paraleloki, antzeko zerbait egin beharko litzateke behar bereziak dituzten ikasleak era orekatuan banatzeko.

Azkenik, badira hainbat esperientzia aipagarri ikastetxerik apalenentzako konpentsazio politiken gainean. Katalunian, Magnet programa aitzindaria da alor horretan: ikastetxe babesgabeen desestigmatizazioa sustatzen du zenbait berrikuntza prozesuren bidez, bai eta segregazioa duten ikastetxeen eta tokian tokiko erakundeen arteko lankidetza prozesuen bidez ere.

Azken buruan, emaitzek frogatzen dute badirela neurri eraginkorrak eskola segregazioaren aurka borrokatzeko. Ikusteko dago, baina, ea baden egiazko borondate politikorik neurriok gauzatzeko.

( Erredakzioan itzulia )