Publizitatea

Iritzia

Heriotza

Gero eta gehiago hitz egiten da, baina zenbait esparrutan oraindik ere tabua da heriotzari buruz jardutea, eta horrek zaildu egiten du gainditzeko prozesua. Bi ertzetatik begiratu dute adituek: bizitzaren amaierako fasetik, eta hezkuntzatik

2019-11-24

Txanda-pasarik ez egin

Patxi Izagirre. Psikologo klinikoa

Heriotza saihetsezina da, baina askotan ikusi izan dugu haurrei ukatu egiten zaiela heriotza bera ikustea. Egokiagoa da haurrek etxean edo inguruan heriotza bat gertatzen denean hori modu inklusiboan bizitzea, haurrek ere agurrean parte hartzea; dolu prozesua modu desegokian egiten bada, geroago horren lorratzak atera ohi dira.

Ikastetxetan hasi dira aurrerapausoak ematen gai honekin. Hiru eredu dauzkagu: bata, ikastetxean bertan ikasleren bat hil denean. Askotan, irakasleek eta familiek ez dute tresnarik haurrei erantzuteko. Kasu horietan, irakasleekin eta familiekin bilerak egin ostean, protokolo moduko bat egin ohi dugu. Askotan ikusi izan ditugu kasu horietan helduek dituzten beldurrak haurrei heriotzari buruz hitz egiteko; hor helduen hutsuneak agertzen dira. Gure aholkua izan ohi da gaia zabaltzea, heriotzari buruz hitz egitea. Horretarako badaude hainbat tresna: ipuinak, idatziz edo marraztuz egin daitezkeen dinamikak... Eta azkenaldian ikusi dugu musikak ere sekulako indarra daukala agurretarako. Agur emozionala egiten asko lagun dezake.

Bizipen horiei aurre egitea garrantzitsua da, erraza ez bada ere. Sarri tornikete intelektuala egiteko joera dago, gaia saihestuz. Irakasleei eta familiei tresna egokiak emanda, bermatzen duguna da dolu prozesu bat ondo egitea.

Guregana jotzeko bigarren egoera izaten da gelan ikasleren bat oso gaixo dagoenean eta atzera-bueltarik ez dagoenean. Batzuetan irakasleak edo familiak ez daude prest egoera horiei aurre egiteko, baina bukaera badatorrela onartzen denean ikusi izan ditugu kasuak non hil-hurrenei heriotzan laguntzen zaien. Modu lagunduan joan izan dira, lasai. Eta prozesu horiek oso aberasgarriak izan ohi dira.

Hirugarren kasua da gertatu baino lehen ere heriotzari buruz hitz egiten hastea, hilerrira joanda, data jakinak iristean horri buruz hitz eginda, ipuinen bidez, heriotzari buruz hitz egiteko estimuluak emanez...

Galera kasuetan, dolu prozesuaren faseak egin egin behar dira. Labur esanda, honako hauek dira: hasieran, sinestezina egiten da; gero, tristuraren eta haserrearen fasea igaro behar da (disforia fasea deritzoguna); eta, azkenik, itxaropenaren fasea dator, joan den pertsona esker onez gogoratuz eta aurrera eginez, hain zuzen. Maiz tristuraren eta haserrearen fasean helduen beldurrak agertu ohi dira.

Haurrekin, heriotza bainoago, galerei buruz hitz egiten hasten gara Haur Hezkuntzan. Txiki-txikitatik bizitzen dituzte galerak; fardela kentzea edo txupetea kentzea, kasurako, galera gisa bizi dute. Atzera-bueltarik ez duten galerak dira, edo horiei buruz hitz egitea komenigarria izaten da, gerorako irakaspen asko jasotzen dituztelako.

Oro har, garrantzitsua da txikitatik frustrazioen kudeaketa egokia egiten laguntzea. Uste dut batzuetan etengabeko zorionean hezi nahi ditugula haurrak, gehiegi babestuz. Baina bizitzak berekin ditu mina, ezintasuna eta frustrazioa ere. Horiek kudeatzen erakutsiz gero, bizitzarako hobeto prestatuko ditugu gure gazteak. Beldurrei kasu egin behar zaie, badaude tresnak; baliatu, laguntza eman, eta aurre egin, txanda-pasarik egin gabe.

Azaroaren 1aren ostekoa

Mikel Idoate Rey, Angel Albeniz, eta Mikel Legarra Legarra. Izarra Tanatorioa

Santu Guztien eguna igaro da aurten ere. Guztion oniritziarekin ospatzen eta gogoratzen ditugu maite ditugun eta hil zaizkigun pertsona guztiak azaroaren 1ean.

Aste horretan, arreta handiagoz erreparatzen diegu heriotzari, doluari, ehorztetxeei eta hilerriei. Horregatik, ehorzketa-zerbitzuetan aritzen garenok ikusgarriagoak egiten gara gure balioak, gure kultura, gure ofizioak eta baita gure produktuak ere azaltzeko. Urtero liturgia bera. Baina azaroaren 1etik aurrera (a)normaltasunera itzuliko gara heriotzari eta harekin zerikusia duen guztia inguratzen duen guztiari dagokienez. Astebetean naturaltasunez, hurbiltasunez, espanturik eta beldurrik gabe tratatu dugun guztia, berriz ere, ilun eta tabu bihurtuko da beste behin ere. Zer pentsatua ematen du zeinen alde handia dagoen egiteko, sentitzeko eta egiteko modu horren eta normalean hiltzearen inguruko guztiari heltzeko modu desegokiaren artean.

Izarran apustu argi eta tinkoa egiten dugu. Argi eta garbi, humanizatu, normalizatu eta sozializatzen jarraituko dugu agerikoa dena, denok ongi dakiguna: denok hilko garela noizbait, hemen ez dela inor geldituko. Normalizatu nahi hori izan zen gure zerbitzuaren sorreraren arrazoia, eta horrela eraiki dugu Izarra taldea; hori dugu funtsezko oinarria, ezin ukatuzkoa, geure-geurea.

Aste horretan zentzua eta garrantzia hartzen ari dela dirudiena urteko gainerako egunetan ere landu behar da. Heriotza hor dago, gertu. Bizitza eta heriotza txanpon beraren bi aldeak dira. Batzuetan horretaz hitz egiten saiatzen gara, gure sentimendu, pentsamendu eta iritziak konpartitzen, baina ez da kontu erraza izaten. Ez dakigu nola egin, ez dugu une egokia aurkitzen eta, batzuetan, norekin hitz egin. Izarrakook uste dugu gizartean hezkuntza tanatologiko handiagoa izateak —eskolan, familian... baita ehorztetxean ere— aukera emanen lukeela hobeki ulertzeko bai hiltzeko prozesua, bai erreakzio emozionalak ere, hain logikoak, baina batzuetan hain «bitxiak», halako garrantzi handiko gertakarien inguruan gertatzen direnak.

Humanizatzea da kontua, normalizatzea, merkantilismo hutsetik harago sozializatzea, eta hezkuntza eta zerbitzu ona ematea —nola ez!—: hori egin behar du hileta-zerbitzua ematen duen enpresa batek. Eta horrek zenbait gauza dakartza berekin: gizarteari entzutea, hitz egitea, heztea eta profesionalei prestakuntza egokia ematea: hil ondoko langileei (hileta-zerbitzuetakoei) zein hil aurreko langileei (heriotza hurbil duten gainerako langileei). Gure ustez, alderdi horiek alde batera uzten badira, heriotzaren egitatea prozesu aseptiko batera murrizteko joera antinaturala, sentimenduen adierazpen egoki eta hezi gabetua, zilegi dena, baina humanitatearen gainetik irabaziak bilatzen dituen merkatuaren menpe dagoena, joera hori erabat nagusituko da pertsonen bizitzan hain garrantzitsua den prozesu honez.

Azaroaren 1arekin, gutako bakoitzak zendu zaizkion pertsona maiteak izan ditu gogoan, nork bere moduan, bizi eta hil ziren bezala, denok modu desberdinean bizitzen eta hiltzen baikara. Horregatik, orain hilzorian daudenei laguntzen ari diren pertsonak ere animatu nahi ditugu ausartak izan daitezen eta haiekin hitz egin dezaten, eta aukera eman diezaieten adierazteko nola eta non hil nahi duten, nor ikusi nahi duten, zer egin nahi duten azken uneetan, zer ez duten egin nahi edo egin diezaieten, zer beldur edo poz dituzten; laburbilduz, modu intimo eta konpartituan adieraz dezaten bizi izandako bizitzaren epilogoa.