Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Eztabaida gela

Estatuen itzalpekoak

Kolonizazioaren sinbolo diren zenbait estatua eraitsi dituzte AEBetako protestetan. Euskal Herrian diren gisako oroigarriek ordezkatzen dutenaz gogoeta egin dute Alberdik eta Arrietak, historiaren azterketa kritikoa egiteko bidean.

2020-06-27

Kulturaren deskolonizazioaren alde

Idoia Arrieta Elizalde. Historialaria

Artelanak, eraiki ziren garaiko aginte politikoaren pentsaeraren adierazle estetikoak dira, arma politikoak. Mitoak aukeratzean zerbaitetan identifikatuak sentitu behar gara. Espainiar inperioarentzat modernitatean lan egin zutenen eskulturek zer ordezkatzen dute?

Donostiako Gipuzkoa plazan diputazioaren jauregia dago. Jose Goiko udal arkitektoak diseinatu, eta Pariseko Garnier operan oinarritutako fatxada egin zuen. Azken solairuan, Marcial Agirre bergararrak 1883an egindako bost eskultura daude, Gipuzkoako pertsonaiak gorestea helburu dutenak: Urdaneta, Elkano, Okendo, Lezo eta Legazpi. Haien gaineko Gipuzkoako armarria zaintzen ari direla dirudi. Eraikuntza barruan, Inazio Loiolakoaren adbokazioa duen kaperaren aldarean, Elias Salaberriak santuari eskainitako koadro bat.

Horra, 1890ean amaitutako Foru Aldundiaren eraikin berrian, Euskal Herrian foruak galdu ondoren, gipuzkoarrak ordezkatzen gaituzten gizon itzaltsuak. Kasualitatea izan daiteke garai eta testuinguru berean pertsonaia ilustre horien eskulturak haien jaioterriko plazetan eraikitzea.

Eskulturek, aspektu formalak alde batera utziz, sinbologia eta testuinguru bat dute, eta aipatutakoak hiru espazio-denboratan aztertu behar ditugu; batetik, modernitateko esperientzia errealean, pertsonaia horiek bizi izan zirenekoan; bestetik, XIX. mendeko koordenatuetan, eskulturak eraiki ziren garaikoan; eta, azkenik, egungoan, etorkizunerako daukagun proiektuaren araberakoan.

Inperialismoa ezin da hartu historian garrantzirik gabeko pasarte bat izan balitz bezala. Historialari batzuek goraipatzen duten globalizazioa ezberdintasunezko harremanak ekarri dizkigun sistemaren sorrera da, eta horrek inplikazio praktikoak ditu konkistatzaile modernoak existitzen direlako. Munduko biztanle asko prozesu horren eta gizartearen barne desorekaren biktima izan zen, oraindik konpondu gabea.

Era berean, XIX. mendean, foruak galdu ondoren, aurreko mendeetan Espainiako Inperioko kolonizazioaren eragileak izan zirenak euskal herritarren ikur eta sinbolo jartzea ez zen arbitrarioa izan. Marko politiko bateratuan, lege-kodea jarri berri zuen estatuak aparatu pedagogiko bat bideratu behar zuen. Premiazkoa zen lotura emozionalak, euskaldunen benetako esentziak eta bertuteak irabazleen kultura besarkatu zuten horiekin lotzea. Politikarien maniobra tipiko bat da: euskaldunak, Espainiaren zerbitzuan eta inperioaren onurarako lanean aritutakoak estatuaren batasuna ordezkatzen.

Erratuko gara pentsatuz gero iraganaren desorekaren arrazoiak aztertu gabe historiaren norabidea aldatuko dela. Historialariak testuinguruan kokatu eta egin beharko duen galdera da ea zergatik aukeratu zen bidea ez zen izan gizon eta emakume gehienen onurarako. Kultura eta nazio ez-hegemonikoek lekua eduki behar dute historian. Koexistentziaren perspektibatik aztertu behar dugu historia, eta inoiz ez gure sistema ekonomikoak aurrerabidearen izenean bultzatzen duen distantziaren ikuspegitik.

Eskulturak suntsitzerakoan, kolonialismoa, arrazismoa... salatzen ari dira, eta deskolonizazio kulturalaren aldarrikapena legitimoa da. Alta, memoriaren eta egiaren etsai nagusiak ahanztura eta mitoak dira. Hortaz, XXI. mendeko interpretazio zentro batean (besteak beste, Gipuzkoa Passport-en bidez aldundiak eman nahi duen bertako historia saihesteko) pertsonaia horien uneak atzeman eta beste norabide posibleak aztertzeko bidean jarriko nituzke, John Bergerrek esango lukeen bezala, «etorkizunean itxaropena sorraraziko duen erresistentzia ekintza bat bideratzeko».

Euskal itsas historia auzitan

Xabier Alberdi Lonbide. Euskal Itsas Museoko zuzendaria. Albaolako, Ikerketa Saila

Azkenaldian hainbat pertsonaia historikori buruzko diskurtso ofizialen eta haien omenez eraikitako oroigarrien aurkako ekintzak gehituz joan dira nazioartean. XIX. mendean eraikitako Espainiako Historia Nazionalak euskal lurraldeen izaera historikoaren murrizketa eragin zuen. Euskal ekarpen historiko nagusiak—gehienak itsasoarekin lotuak— desagerrarazi eta diskurtso ofizial horrentzako egokiak ziren pertsonaia batzuk bakarrik aukeratu eta bigarren mailakoak izateko moldatu zituzten (Elkano, adibidez). Gaur egun, euskal itsas historiaren diskurtsoa berreraikitzerakoan, askotan iraganaren azterketa kritikoa baino irakurketa moralista bat egiten da. Eztabaida konplexua denez, hausnarketa sakona behar du, baina testu honetan bi alderdiz arituko naiz: pertsonaia historikoen trataeraz eta haien omenezko oroigarriez.

Trataerari dagokionez, ez da zuzena iraganeko gertakariak eta pertsonaiak gaur egun barneratuak ditugun kontzeptuen, etikaren eta gure munduak dituen logiken arabera ulertzea, eta are gutxiago, epaitzea. Ez dugu ahaztu behar ordukoak ere, orain gertatzen den bezala, nahi eta nahi ez, garaiko logikei jarraituz bizi zirela. Historia moralkeriaz ulertzen denean pertsonaia historikoak bi taldetan sailkatu ohi dira: gaiztoak (Elkano edo Urdaneta, adibidez) eta zintzoak (nonbait irakurri dudanez, Eneko Aritza omen da talde horretakoa). Badirudi lehenengoen ekarpenak ez direla aintzat hartzekoak. Kondenatuen artean, gainera, ez da bereizketarik egiten. Aipaturiko itsasgizonek eta Legazpi, Irala edo Elola bezalako euskal konkistatzaileek —gehienak ezezagunak— erantzukizun bera al dute? Antzinakoen moralitatea neurtzeko epaile egokirik ez dut ezagutzen, haiei onartzen ez zaizkien kontraesanak erraz barkatzen baitizkiogu geure buruari. Gaur egungo bortxakeriaren aurrean ez al dugu gehienetan ez ikusiarena egiten? Oraingo mundua ezagututa, XVI. mendeko itsasgizonak baino zintzoagoak al gara benetan?

Monumentu eta oroigarriei dagokienez, kontuan izatekoa da guztiak testuinguru historiko jakin batean sortuak izan zirela. Agintariek eta boteretsuek pertsonaiak eta gertakariak komeni zitzaizkien eran gogorarazteko, goraipatzeko eta aldarrikatzeko eraiki zituzten. Ordizian Urdanetaren irudia kentzeko aukera proposatu da. Aukera benetan arriskutsua, iraganaren ahanztura eragin baitezake. Ez al litzateke arduratsuagoa izango iraganeko aztarnak besterik gabe desagerrarazi beharrean, antzinako oroigarriak eraikitzearen arrazoiak eta interesak ezagutaraztea? Oroigarriak kentzeak, nire ustez, ez du iraganaren ezagutzan inolaz ere laguntzen. Gainera, irizpide berak erabiliz, zer dela eta mantendu behar ditugu gainontzeko monumentu eta artelan guztiak? Gazteluak, dorretxeak, baserriak, erromatar aztarnak, jauregiak, elizak, gotorlekuak, harresiak, eskulturak, margolanak, musika... Ez al dira giza esplotaziotik eratorritako irabaziekin eraiki? Eta ez al dira boteretsuen oroimena, interesak eta pentsaerak aldarrikatzeko eta mendez mende gogorarazteko eginak?

Ez da historialarion eginbeharra pertsonaia historikoen morala neurtzea eta iraganeko aztarnak ezabatzea. Gure lana, besteak beste, lapurtu diguten itsas historia aberatsa ikertzea, ezagutaraztea eta eraikitzen saiatzea da. Nik behintzat horretan jarriko dut indar guztia hemendik aurrera ere.