Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Eztabaida gela

AEBetako presidentetzarako hauteskundeak

Donald Trumpek agintean jarraitzea edo Joe Biden presidente izendatzea dago boto emaileen esku astearteko bozetan. Baina AEBentzat, eta baita mundu osoarentzat ere, askoz gehiago egongo da jokoan.

2020-10-31

Ñabarduren politika eta Auzitegi Gorena

Asier Blas Mendoza. EHUko irakaslea

Jendartearen zatiketa soziopolitikoa eragozteko ezintasuna erakutsi du AEBetako sistemak. Iritzi sortzaile askok errua Donald Trump presidenteari botatzen diote, aditzera emanez Joe Bidenek irabaziz gero dena itzuliko dela normaltasunera. Baina Trump sintoma da, ez gaixotasuna.

AEBetako demokratizazioa, etorkin olatu desberdinen naturalizazioa eta politika neoliberalen ondorioak dira azkeneko hamarkadetako iparramerikar politikaren zentrifugazioaren zergatia. Prozesu hau 2008ko krisi ekonomikoak eta AEBen dekadentzia hegemonikoak azkartu dute.

Gabriel A. Almond politologoak azaltzen zuen AEBetako egonkortasun demokratikoaren arrakasta posible zela lehia testuinguru soziopolitiko homogeneo batean garatzen zelako, distantzia ideologiko handirik gabe eta interes politiko desberdinen agregazioekin. Errealitatea da —Steven Levitsky eta Daniel Ziblatt politologoek How Democracies Die liburuan (2018) azaltzen duten moduan—, hori posible izan dela, besteak beste, sufragioa mugatua egon delako, bereziki hegoaldeko afro-amerikarrentzat.

1965eko Boto Eskubide Legearekin, AEBak demokrazia liberal batek eduki beharreko minimoetara gerturatu ziren. Halere, boto-emaileak oraindik erregistratu egin behar dira, eta hau burutzea ez da pentsa daitekeen bezain erraza beti; batez ere, 2013an Auzitegi Gorenak erabaki zuenetik estatuek hauteskunde-errolden erregulazioak baimen federalik gabe egin zitzaketela. Une horretatik aurrera, zenbait estatutan baldintza baztertzaile gehiago jarri dira erregistratu ahal izateko.

Behin erregistratuta eta botoa eman ondoren, kontuan hartu behar da hauteskunde-emaitzek politika publikoetan eragin nahiko mugatua dutela. AEBetako sistemak —George Tsebelis politologoak Veto players liburuan (2002) azaltzen duen bezala—, statu quo-a pribilegiatzen du. Ordezkarien ganberaren, Senatuaren, presidentearen, Auzitegi Gorenaren eta federazioko estatuen artean pisu eta kontrapisuen joko bat dago, eta horrek asko zailtzen du epe motz eta ertainean funtsezko aldaketak egitea politikan; horrek aspektu materialetan ñabarduren politiketara garamatza nagusiki.

Ikuspegi sinbolikotik, Trump eta Biden oso antzekoak dira: 70 urtetik gorako gizon zuriak, aberatsak, eta sexu-abusuei buruzko akusazio formal eta informalak izan dituzte. Ustezko ustelkerian eta aberasteko karguen erabileran Biden ikasle aurreratua da. Trumpek arraza tentsioak areagotzen ditu. Bidenek baditu adierazpen eta egintza politiko arrazistak edota afro-amerikarrak kaltetzen dituenak, baina irabaziko balu giroa epelduko luke zuzentasun politikoa zainduz.

Aspektu materialez hitz egiten badugu, hiru diferentzia aipatuko nituzke ñabardura terminotan: Bidenek gastu soziala handitu eta zergak igoko lituzke; Trumpek protekzionismo ekonomikorako neurriekin jarraituko luke interes ekonomiko nazionalen mesedetan; eta, Bidenek irabaziko balu, kanpo esku-hartze eta gerra gehiago espero genezake.

Halere, jokoan dagoen elementurik inportanteena Auzitegi Gorena da. Biziarteko karguak dituzten bederatzi epailek osatzen dute, presidenteak izendatuak. Eta Auzitegi Gorenak alderdiek erregulatu nahi edota ezin dituzten gaiak erregulatzen bukatzen du. Adibidez, 2015ean sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatu zituen AEB osoan.

Trumpek bere lehenengo agintaldian hiru magistratu izendatu ahal izan ditu. Ondorioa da sei magistratu kontserbadore eta hiru progresista daudela. Hurrengo agintaldian magistratu zaharrena hilko balitz (progresista) eta Trumpek egingo balu izendapena, urte askotarako mugatuak egongo lirateke politika aurrerakoiak.

Demokraziaren jai alai hori

Mikel Reparaz. Kazetaria

Miami ondoan bada frontoi zahar bat. Daniako Jai Alai. Adinekoek diote garai batean amets amerikarraren tenplua izan zela —zehazki, Richard Nixonen Watergate eskandaluaren eta NASAko azken Apollo misioen urte loriatsuetan—. Baina Floridako zesta-puntaren urrezko urteak aspaldi joan ziren. Kasinoaren metastasiak inguratu du ordutik kantxa, oihaneko huntzak Kanbodiako tenpluak bezala. Harmailarik ere ez da geratzen; txanpon-makina, blackjack eta erruleta guztiei lekua egiteko desmuntatu zituzten. Ikuslerik ez baita hurbiltzen batere. Apustuak, jokoak: horrek segitzen du, bai, bizkor.

Etxe Zuriarekin ere antzeko zerbait ari da gertatzen. Sasitzak jan du, apurka, demokraziaren pilotalekua. Partida amaitzera doan honetan, apustuak egiten hasita —gorri ala urdin—, irudika dezagun datorren asteartetik aurrerakoa. Nolakoa litzateke Donald Trumpen bigarren agintaldia? Eta Joe Bidenen presidentetzak nola eragingo liguke AEBetatik kanpora bizi garenoi? Politikan ia mende erdi daraman Obamaren presidenteorde zentristaren nazioarteko ikuspegia aski ezaguna da: atlantismo hertsia (NATO) eta klima-krisiaren aurkako konpromisoa (Pariseko akordioa). Trumpen modus operandi berezia ere ikasi dugu honezkero. Nola belaunikarazi duen Alderdi Errepublikanoa bere aurrean. Nola bereganatu duen errelatoa, oihuka eta espantuka. Nola kanporatu dituen, bata bestearen atzetik, aurre egin dioten aholkulari eta gobernukide guztiak eta haien lekuan itsu-itsuan arrazoia ematen dioten kolaboratzaile leialak jarri —tartean bere familia osoa—.

Azken lau urteotan Trumpek bere botere autokratikoaren oinarriak finkatu ditu. John Boltonek bere liburuan dioen bezala, balizko bigarren agintaldi batean Trumpek «lotura politikoak arinduko lituzke». Alegia, askatasun handiagoa izanen luke erabakiak hartzeko. Eta horrek munduan ziurgabetasun asko piztuko lituzke. NATOko aliatu europarrekin hautsiko luke? Txinaren aurkako gerra komertziala muturreraino eramanen luke? Israel eta Saudi Arabiarekin batera Iranen aurka eginen luke? Qassem Soleimani jeneralaren hilketak gerra hotsak piztu zituen koronabirusak oso era komenigarrian denbora izoztu baino lehen. Argi gelditu zitzaigun Trump ez dela espero genuen isolazionista.

Baina bi presidentegaien arteko alde handienak barne politiketan nabarituko lirateke. America First. Pandemiari aurre egiteko estatubatuarrek Biden nahiago dutela diote inkestek. Hautagai demokratak —Trumpen gisan— doako txertoa agindu die boto-emaileei. Gainera, Obamak hasitakoa amaitu nahi du: herritarren % 97 aseguru mediku baten aterpean jartzeko helburua du, Medicare bezalako sistema publiko baten bitartez. Hala ere, Biden ez da osasun unibertsal eta publikoaren aldekoa —bere ideologia liberala Bernie Sanders sozialistarengandik urrun dago—.

Trumpentzat, berriz, ekonomiaren suspertzea da premiazkoena. Koronabirusak itxitako negozioak ireki nahi ditu 2021erako, hamar milioi lanpostu berri sortu, eta zergak jaitsi. Bidenek aberatsenei eta enpresei zergak igo nahi dizkie eta horrek munizioa ematen dio Trumpi. Joe eta Kamala ezkertiar erradikalak direla errepikatzen du behin eta berriz, norbaitek sinetsiko balio bezala. Beldurraren diskurtsoa, kaosaren beharra, arrazakeriaren erabilera, etengabe.

Trump ala Biden, astearte gauean argituko dira gauzak, epaileak festibala amaitutzat ematen duen unean. Bien bitartean, beste hauteskunde batzuetan liluratu gaituen ikuskizun mediatikoaren faltan, apustuak apustu, egin beza mundu osoak dantza demokraziaren jai alai horretan.