Publizitatea

Iritzia

'Aquarius'-en eragina EBn

Europako Batasuneko estatuek errefuxiatuei buruz zeukaten akordioa berrikustea eragin du aferak. Bilbaok eta Juaristik egin dute gogoeta.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-06-24

Josu Juaristi

Datorrena, keinu mediatikoez aparte

Josu Juaristi. EH Bilduren europarlamentaria

Europako Batasunaren Migrazio Agendari bultzada sendo bat emateko, hiru norabideko neurriak indartuko ditugu: (1) kanpoan, babes eta elkarlan gehiago pertsona migratzaile eta errefuxiatuen jatorrizko edo transitoko herrialdeekin, Turkiarekin egin bezala, irteerarik egon ez dadin Europa aldera; (2) EBren mugetan, kontrol gehiago; (3) EBn bertan, Asilo Sistema propio eta komuna, krisiei aurre egitea ahalbidetuko duena eta erantzukizun eta elkartasun orekatua izango duena». (Mesebergen Merkelek eta Macronek joan zen ekainaren 19an adostutako deklarazioa).

Hau da datorrena. Tira, dagoeneko, neurri handi batean, martxan dago, baina 2019ko europar hauteskundeak bitartean areagotu besterik ez da egingo. Pertsonak (migratzaileak eta errefuxiatuak) botoen truke.

EBko estatu kide batzuetan, beste batzuetan baino askoz bortitzago, baina joera orokorra berdina da: (1) ez daitezela iritsi (horretarako atxiloketa kanpalekuak edo, politago esanda, kudeaketa zentroak eraikiko dira, europarren laguntzarekin); (2) Afrikako edota Egeoko itsasertzetik Europa aldera ateratzea lortzen badute, Libiako edo Turkiako armadak entrenatuko ditugu berehala harrapatu eta bidal ditzaten, eta Europako edo mundu zabaleko gobernuz kanpoko erakundeei mila oztopo eta traba jarriko dizkiegu laguntzarik emateko moduan egon ez daitezen, GKEak kriminalizatzera iristeraino; (3) eta, hala ere, Europara iristen badira, ahalik eta azkarren kanporatzen saiatuko gara.

Hau da EB eraikitzen ari den sare antisolidario, injustu, arduragabe eta kriminala, azken egunotan belozidadea hartzen ari dena. Ez Merkelen gobernua arriskuan egon daitekeelako, baizik eta EBko gobernu gehienek borondate politiko irmoa dutelako hori egiteko.

Eta hipokrisia handiz esango digute politika arrakastatsua dela, pertsona gutxiago iristen direlako, esate baterako Turkiatik. Jakina, ba! Nola ez dira, ba, iritsiko gutxiago Erdogani poltsikoa bete badiogu atea itxi dezan? Eta Mediterraneoaren erditik igotzen saiatzen badira, Europako dirua Libiara edo Afrikako beste leku batzuetara bideratuko da, Turkiak egiten duen gauza bera egin dezaten.

Jakinda ere arriskuak zein handiak diren eta jakinda ere Europa ez dela jauja, asko eta asko ari dira saiatzen etorkizunen bat izateko aukera baten bila. Aquarius horren adibiderik latzenetako da: Libiako kontroletik ihes egitea lortu (lurrean zein itsasoan) eta Europarako bidea hartu duten pertsonak erreskatatuak dira; baina, itsasoan bertan, Europaren aurpegirik latzenarekin egiten dute topo eta abandonatuak geratzen dira, Europako Batzordearen erreakzioa negargarria delako Italiako Gobernuaren aurrean, Estatu bat errukitu egiten den arte. Sanchezen gobernuak EB erretratatu du, baina baita Europako Batzordea ere. Batzordeak Italia derrigortu behar zuen lehenengo, eta inguruan dauden itsasontzi egokiak mugitu (militarrak barne) Aquarius-eko pertsonei laguntza emateko. Eta hori egiteko gauza izan ez bada, orain, gutxienez, sekulako espedientea ireki beharko lioke Europak defendatzen (omen) dituen balioak zapuzteagatik. Eta horrela ez bada, mesedez, denek nazioarteko auzitegi batean buka dezatela.

Aquarius-en auzian propagandak irabazi du. Aquarius fokuetatik urrutiratzen denean, errealitatea geldituko da, zoritxarrez. Galtzaile errefuxiatuak, propaganda, bozen eta faxisten artean harrapatuta, Europa omen denaren arrastorik gabe. Eta baita Aquarius-eko tripulazioa ere, erreskate lanean jardun beharrean egunak galdu dituelako Europako agintari negargarri hauengatik.
Izaskun Bilbao Barandica

Derrigorra eta aukera

Izaskun Bilbao Barandica. ADLE/ALDE taldeko lehendakariordea (EAJ)

Munduko hainbat erregiotan indarkeriaren eta txirotasunaren ondorioz sortu den krisia azkenaldiko historian gaurko dimentsio eta dramatismoarekin eman ez diren migrazioak eragiten ari da. Denok jabetzen gara arazo global baten aurrean gaudela, eta goragoko mailei begira gaude. Baina ahaztu egiten dugu Europako Batasunari ez dizkiogula eman ez agintaritza, ez eskuduntzak, ezta baliabideak ere, erantzukizun horri aurre egin ahal izan diezaion.

Orain arte, EBko estatu kideak izan dira geldiarazi dituztenak gure kostetara babes bila datozenei gizalegezko tratua ematera derrigortzen gaituzten legeak betetzeko proposatutako konponbideak. Esparru diplomatikoan eta segurtasun alorrean ere ez da erraza izan jatorrizko herrialdeetan esku hartzeko behar zen ekimen bateratua aurkitzea. Ez eragile bakegile gisa, ezta garapen sustatzaile gisa ere. Arazo hori konponduko badugu, guztiz ezinbestekoa da gaur egun bizitzeko toki egoki ez diren lekuak itxaropena eskain dezaketen esparru gune bilakatzea. Trump presidenteak Twitter bidez zabaltzen dituen txio zentzugabeen ondorioz egunero pizten diren alarmek eta brexit-ak estimulu izan beharko lukete EBren benetako kanpoko zerbitzua finkatzeari ekiteko.

Bien bitartean, estatu kide guztiek onesten dituzten neurrietan baino ezin izan du aurrera egin EBk. Hala, Europako Batzordeak hurrengo urteetarako marko finantzarioan %160ko igoera proposatu du immigrazioari erantzuteko. Baliabide gehienak bideratzen dira Europara datozen errefuxiatuen etorrera murriztera, mugak eta kostazainak indartzearen bidez.

Igoera horrek ere eragingo die babeserako eta integraziorako funtsa elikatzen duten partidei 4.000 milioitik 10.000ra igotzea, epe laburrean harrera ona bermatzera baino iristen ez badira ere. Nire aburuz, hori litzateke beste gakoa orain arte hainbat estatu kidek garatu dituzten politikak aldatzeko, Europako hiritarren artean existitzen den elkartasuna blokeatzen dutenak, hain zuzen.

Gakoa da immigrazio eta babes politikak planifikatzeko orduan gobernantza maila horiek izaten hastea. Etorkinen etorrera tokian tokiko garapenerako aukera bihurtzea, gaur egungo arazo demografikoak eta gizartearen zahartzeak dakarten gabezia konpondu ahal izateko, hau da, inbertsio solidario bihurtzeko prezioen krisia kontrolatzeko helburuarekin elikagaiak metatzen gastatu ohi dugun dirua.

Estatu kide bakoitzak hartu beharreko errefuxiatuen lehen kuotak esleitu zirenean, gure herri txiki honek koherentzia, elkartasun eta ikuskera lezioa eman zuen, eta erakundeen arteko mahaia antolatu zuen pertsona hauek hartzeko eta integratzeko lanak koordinatzeko. Mugimendu hori toki eta erregio mailan errepikatu zen EBko hainbat hiri eta erregiotan. Baina bertan behera geratu zen beldurragatik eta kalitate eskaseko liderrek halako krisiak hauteskundeetarako tresna bihurtzeko joera izan ohi dutelako. Horregatik da premiazkoa erregioetako elkartasun eragile horiek EBko immigrazio politikak planifikatzeko eginkizunetan integratzea. Eta babesa emateko Europako funtsarekin emaitzak egiaztatuko dituzten tokian tokiko programak finantzatzen hastea, FEDER eta FSErekin konbinatuta, eta baliabide propioekin ere bai. Honela, gaur egun berrikuntza moduko arlo kritikoekin gertatzen den bezala, babesa emateko derrigorra eta integratzeko aukera uztartuko dituzten programak sortzen hasiko dira, errealismoz eta koherentziaz.