Publizitatea

Iritzia

Jokoa

Asko dira txanpon makina edo kirol apustuekiko menpekotasuna dutenak. Teknologia berriei esker, gainera, gero eta gazte gehiago daude horrela.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-07-08

Manu Egaña Txopitea

Prebentzioa eta kontzientziazioa

Manu Egaña Txopitea. Kirolbet-eko Pertsona eta Antolakuntza zuzendaria

Jendartean ezaguna izan ez arren, mugarri bat ezarri zen Euskal Herrian abuztuko arratsalde itogarri hartan. Euskal apustuen lorategi oparoenean egin zen lehen apustua, Tolosako Kantabrikon: mundu mailan terminal autonomo batean egin zen lehen apustua. Ez ingelesen jokorako tradizioek, ez iparramerikarren inbertsio zenbaezinek. Etxeko lurretan eta bertako ongarriz ernaldu zen bitartekari gabe apustu egiteko behar zen sistema eta teknologia; laguntza zuzenik gabe, jokalariek katalogo zabal batekin kirolaz gozatzeko aukera izango zuten makina. Eta Eibarren huts eta bateko garaipenak borobildu zuen arratsaldea.

Euskal ekintzaile eta informatikari talde txiki baten ametsak hamar urte beteko ditu uda honetan. Kiroljokoa eta Apuestas de Navarra izenpean landatu zen haziak Kirol Group gisa zabaldu ditu adaxkak Estatu mailara, Kirolbet operadore propioarekin, zein merkatuko erreferentzia nagusia den Kirolsoft sistema teknologikoarekin. Sendotzen ari dira internazionalizaziorako sustraiak. Baina txapelik gabeko finalen gisan, azken txanpako olatua galtzearen gisan, azken enborreko adar begi baten gisan, lore ederrenek ere izaten dituzte arantzak.

Hizketagai bihurtu da azken hilabeteetan apustuen eta joko arduratsuaren gaia. Adibide gisa, Euskal Telebistak Ur handitan saioan igorritako Dena ala ezer ez saioa. Zoriontzeko lana. Gizarte errealitateak eta kontzientziak erakutsi digu gaia ezin dela ur tanta bat hosto batetik bezala labaindu. Baina zer da joko arduratsua?

Ez da gehiegikeria esatea jokoa gizartean errotuta dagoela. Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateak egindako «Percepción social sobre el juego de azar en España 2017» ikerketaren arabera, Espainiar Estatuko biztanleriaren %81,9k ausazko jokoren batean parte hartu zuen 2016. urtean. Era berean, baina, inork desio ez dituen ondorioak ere uzten ditu jarduera horrek. Hain zuzen, gizarte alarmak piztu dituen gaixotasuna: ludopatia. Datu gisa, estatuko 18 eta 75 urte bitarteko herritarren %0,3k ditu arazoak, Alemaniako %0,4, Frantziako %0,5 eta Ingalaterrako %0,9ren azpitik. Bere gordintasunean, datu kuantitatiboek diote jokoaren ondorioen gainean ez litzatekeela alarma sozialik sortu beharko. Halaber, eta analisi kualitatiboa eginez gero, agerikoa da jokorako adikzioa pertsona bakarrak izanagatik ere tratamendurako beharrezko baliabideak egon beharko liratekeela eskuragarri. Jokoaren merkatuko basoan loratzen dihardugun agente guztion ardura da joko arduratsuaren inguruko politika zintzo eta duin bat osatzea.

Kirolbet-en joko arduratsuaren inguruan lanean diharduen batzorde bat dugu osatua. Prebentzio gisa informazio eta kontzientziazio kanpainak egiteaz gain, ekintza protokoloak garatu ditugu sortzen diren kasuei erantzun azkar eta egokiena emateko asmoz. Gaur-gaurkoz, bi gizarte esparru ditugu helburu nagusi gisa: adingabeak eta jokorako adikzioa duten herritarrak. Epe motzeko helburu komertzialak lehenetsi eta lorea beste ur batez elikatzea litzateke errazena. Baina gizarte bezala hordago bat botatzeko garaia iritsi zaigula uste dugu. Hamarkada batean bizitako garapenean izan dugun konpromiso eta kontzientziazio berarekin, jokoaren erabilera okerra egiten duten agenteekiko ekosistema egokia osatu behar dugu. Ekoizleetan, unibertsitateetan, inbestigazio zentroetan, asoziazioetan, erakunde publikoetan... akzio esparru guztiak dira baliagarriak helburu ditugun hiru ekintzetarako: prebentzioa, kontzientziazioa eta tratamendua. Erakargarria bezain beharrezkoa da prozesua, eta hasiak gara bidea irekitzen gure lorea joko arduratsuaren ekosisteman haz dadin.
Xabier Lertxundi Asteasuinzarra

Jokoa galbide bihurtzen denean

Xabier Lertxundi Asteasuinzarra. Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialetako zinegotzia

Euskal Herrian jokoa eta apustua errotutako ohitura izanagatik ere, batez ere herri kiroletan, erakunde publikook ezin dugu ez ikusiarena egin horrek sor ditzakeen arazoen aurrean, eta, ondorioz, horien prebentzioan egin behar dugu lan.

Udalok egiten ditugun tokiko planek eboluzio bat izan dute. Hernaniko Udalaren kasuan, orain arte egindako planak droga menpekotasunen prebentziorakoak ziren, eta osatu den berriena, ordea, Menpekotasunen Prebentziorako Plana da. Modu horretan, jokoarekiko adikzioa kontuan hartu eta beste adikzioen maila berean jartzen da.

Menpekotasunen plana adikzioa fenomeno multidimentsionala den ideiatik abiatzen da, eta adikzio izatera ez iristeko prebentzioan jartzen du indarra. Jendartearen osasunerako heziketa da gakoa etorkizunean adikzioetan ez erortzeko. Oinarri horretatik abiatuta, Hernaniko 2015-2020 epealdiko menpekotasunen prebentziorako planak bere diseinuan hainbat eragile izan ditu partaide, udal teknikariez gain: gazteak, gurasoak, irakasleak, osasungintzako langileak, ostalariak, Udaltzaingoa eta Ertzaintza. Modu batera edo bestera eragiten die adikzioak kolektibo horiei guztiei, eta plan honen diseinuan denen kezkak eta proposamenak hartu dira kontuan.

Tokiko plana modu horretan egin izanak ahalbidetzen du adikzioen prebentzioan lan egiteko herri mailako estrategia zabal eta bateratua izatea. Benetako prebentzioa, eta azken batean osasuna, lortu nahi baditugu, ezinbestekoa zaigu eragile guztien arteko elkarlana.

Jendartea etengabe aldatzen ari da, fenomeno berriak sortzen dira eta menpekotasun planek etengabe egokitu behar dute fenomeno horiei erantzuteko. Teknologiaren garapenaren ondorioz, jokoaren ohitura gero eta gehiago hedatzen ari da. Online aritzeko aukerak eskuragarriago egin du mundu honetan sartzea, eta errealitate hori kontuan izan behar da edozein plan diseinatzeko garaian. Indarra prebentzioan jartzeaz gain, adikzioen tratamenduan lan egiten duten elkarteen eskutik ere aritu behar dugu erakundeok.

1990. urtean sortu zen Hernaniko Jokalari Anonimoen taldea Hernaniko Udalaren bitartez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen mota honetako talde bakarra da. Elkarte horrek eskaintzen dituen datuak kezkatzeko modukoak dira: erabiltzaileen gehiengoa, oraindik ere, txanpon makinekiko (%53) eta bingo eta kasinoekiko (%10) adikzioa dutenak badira ere, hazten ari dira online jolasekiko (%7) eta kirol apustuekiko (%17) adikzioa dutenak, baita loteria desberdinetan jokatzen dutenak ere (%9).

Hernaniko Jokalari Anonimoen Elkarteak ohartarazten duenez, teknologia berrien garapenaren ondorioz, gero eta gazte gehiagok du sarbidea online joko eta kirol apustuetan. Hori dela eta, azken urteotan kolektibo horren ezaugarriak aldatu dira, eta gero eta gazte gehiago dira jokoarekiko adikzioa izan eta taldera bertaratzen direnak. 18 eta 30 urte bitarteko gazteek osatzen dute egungo taldekideen %25. Datu bereziki kezkagarria da taldekideen %5 inguru adingabekoak izatea.

Datu horiei erreparatuz gero, jokoarekiko menpekotasunari dagokionez, erakundeok dauzkagun erronkak datu zehatzak lortzea eta profilak definitzea dira, diseinatutako plan eta esku hartzeak jendarteko errealitatera egokitu ahal izateko.