Publizitatea

Iritzia

Airearen kalitatea hirietan

Badira zenbait datu kezkagarri, neurri batzuk hartzeko garaia dela erakusten dutenak. Morenok eta Barcenak aletu dute beren iritzia.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-07-22

Juan Bárcena

Bata ala bestea: aire garbia ala autoak

Juan Bárcena. Ekologistak Martxan-eko Airearen Kalitatea alorreko koordinatzailea

Aire garbia arnastea, osasunaren kaltetan izan gabe, horra pertsona ororen eskubide bat, ezin kenduzkoa. Nahikoa eta sobra frogatua dago airearen kutsadurak kalte egiten diela herritarrei eta ingurumenari. Hirietan, zirkulazioa da airearen kalitatea kaskartzen duten eragileetan garrantzitsuena. Beraz, airearen kutsadura gutxitu nahi bada, autoa askoz ere gutxiago erabili behar da, ezinbestean.

Gaur egun, handia da hiri inguruneetako airearen kutsadura, eta horrek arazo izugarria eragiten du osasun publikoan. EIA Ingurumenaren Europako Agentziak eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulu batzuk egin berri dituzte Europako herrialdeetan airearen kutsadurak osasunari dakarzkion ondorioen inguruan, eta oso kezkagarriak dira. 2014ko kopuruak hartuz gero, 400.000 heriotza goiztiar izan ziren EBn airearen kalitate txarra dela-eta.

Ekologistak Martxan-ekoek urtero egiten dute txosten bat Espainiako Estatuko airearen kalitatearen inguruan, eta, hor jasota dagoenez, hamar pertsonatik bederatzi egoten dira aire kutsatzaile baten edo batzuen eraginpean; kutsatzaile horiek, hain zuzen, legediak ezarritako muga legezkoak gainditu ohi dituzte.

Airearen kalitatea kaskartzen duten eragileetan garrantzitsuena, askogatik, zirkulazioa da. Eta hori zergatik? Bada, zorionez, hirietan dezente gutxitu direlako edo desegin direlako iraganean garrantzitsuak izan ziren bestelako isuri iturri batzuk: esaterako, industria kutsagarriak, argindarra ekoizteko zentralak, eta ikatz edo fuel berogailuak. Zirkulazioa eta autoen kopurua, ordea, handitu baino ez dira egin. Horrez gainera, automobilgintzak dieselaren alde egin zuen Europan. Emaitza: zirkulazioko nitrogeno dioxido isurien %80 inguru diesel ibilgailuek eragina da. Ezin da ahaztu, halaber, fabrikatzaile guztiek legez kanpoko sistemak erabili izan dituztela ibilgailuen benetako isuriak ezkutatzeko, legeak onartzen dituenak baino askoz ere handiagoak (batez ere, dieseletan).

Zer egin beharko litzateke, orduan, airearen kalitatean maila osasungarriak lortzeko? Ekologistak Martxan-ek argi du zein den planteamendua: hirietan ibilgailuen zirkulazioa denez gero kutsadura iturri nagusia, ahalik eta gehien gutxitu behar da autoaren erabilera, kutsadura hori gutxitzeko ahalegina ganorazkoa izango bada. Irtenbide horixe aukeratu dute duela zenbait hamarkadatatik Europako hainbat hiritan. Askotariko neurriak hartu izan dituzte. Ezagunak dira, besteak beste, hirigunera sartu ahal izateko bidesariak ordainaraztea —Londresen eta Stockholmen—, 30 km/h-ko guneak orokortzea eta isuri txikiko eremuak ezartzea —Alemaniako hainbat hiritan—, zirkulazioa gutxitzeko politika sistematiko bat ezartzea —Parisen—, aparkatzeko araudi murriztailea ezartzea —hiri askotan—, eta abar.

Espainiako Estatuan, Gasteiz eta Pontevedra aipatu izan ohi dira mugikortasun iraunkorreko praktika onen adibide gisa. Azken urte hauetan, panorama hori areagotu egin dute hiri ertain eta handi askotako udal gobernuetan azken udal hauteskundeen ostean izandako aldaketek; izan ere, hainbat ekinaldi interesgarri abiarazi dituzte zirkulazioa gutxitzearren eta airearen kalitatea hobetzearren. Desiragarria izango litzateke joera hori sendotzea eta hedatzea. Irabazian irtengo ginateke denok ere.

(Erredakzioan itzulia)
Elena Moreno Zaldibar

Airearen kalitatea, hirien erronka

Elena Moreno Zaldibar. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko sailburuordea

Gaur egun, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago hirietan bizi da. Kopuru hori areagotu egingo da, biztanleria osoaren bi herenera arte, 2050erako. Kalkulatzen da urte horren bueltan planetan biziko diren ia hamarmila milioi pertsonetatik seimila milioi hiriguneetan biziko direla. Kopuru izugarri horiek direla eta, administrazio publikoek ingurumen-erronka saihetsezinak dituzte aurrez aurre, herritarrei bizi-kalitatea duten hiri-inguruneak eskaini ahal izateko.

Asko dira atmosferaren kutsadurak gizakiaren osasunean dituen eraginen gainean ohartarazten duten nazioarteko erakundeen mezuak. Zenbait ekimenen bidez, besteak beste OME eta Nazio Batuen Ingurumena buru dituen eta Euskadi partaide duen BreatheLife ekimenaren bidez, hiriak eta gizabanakoak mobilizatu nahi dira, gure osasuna eta gure planeta atmosferaren kutsaduraren eraginetatik babesteko. Izan ere, gero eta sarriago agertzen dira hiri handietan, besteak beste, Londres, Paris, Madril, Bombay edo Pekinen, izaten diren kutsadura handiko gertakariei buruzko albisteak.

Airearen kalitatea lehen mailako ingurumen-gai eta gizakiaren osasunerako arrisku nagusi bilakatu da. Horrela, bada, kutsadura akustikoarekin batera, lehentasunezko lekua betetzen du lurralde- edo udal-mailako plangintza-tresna guztietan.

Egia da Euskadin airearen kalitatea ona dela, baina egia da, halaber, ingurumen-adierazle hori aldatu egiten dela kutsatzailearen eta gunearen arabera; izan ere, gure erkidegoan ingurumen-kutsadurak zenbait baldintza ditu, besteak beste, lurraldearen orografia, baldintza meteorologikoak eta kostaldearen hurbiltasuna. Azken hamarkadetan, 2016ko Euskadiko Ingurumen Profila. Airean txostenean argitaratutako emaitzen arabera, sufre dioxidoaren (SO2) eta karbono monoxidoaren (CO) kontzentrazioek behera egin dute, nabarmen, eta egiazta daiteke kutsatzaile horiek Euskadin dagoeneko ez dutela arazo nabarmenik eragiten.

Hala ere, nitrogeno oxidoak (NO2), trafikoari lotua dagoenak eta, bereziki, diesel ibilgailuei, beheranzko joera desberdina du. Hiru hiriburuek eta erkidegoko hirigune handienek urteko batez bestekoei eusten diete, eta gainerakoetan egoera hobetu egin da. PM10 partikulen urteko batez besteko kontzentrazioa dela eta, joera beheranzkoa da gune guztietan, industria-eremuko hobekuntzei esker.

Airearen kalitatearen bilakaerak aurrerapen handia izan du Euskadin. Aurreko hamarkaden aldean, kutsadura-mailak nabarmen murriztu dira, zati batean jarduera askok beren ekoizpen-prozesuetan ingurumena hobeto babesten duten teknologiak ezarri dituztelako. Halaber, eraginkortasun energetikoan eta erregai garbiagoen erabileran ere egin da aurrera. Ordea, gaur egun garraioari heldu behar zaio oraindik, bai plangintzari dagokionez, bai kudeaketari dagokionez.

Erronka horri zenbait alderdi gehitu nahi dizkiot: administraziotik atmosferaren kutsadurari buruz eskaintzen dugun informazioa hobetzeko egiten ari den lana, hura herritarrentzat eskuragarriago eta ulergarriago egoteko; neurketa-metodo berrien garapena, aurrea hartzeko eta eraginkortasun handiagoz jarduteko; kutsatzaile berrien ezagutzan aurrera egitea; eta herritarren erantzunkidetasunean lan egitea, garraiorako edo energiaren kontsumorako dituzten eguneroko ohiturak hobetu ditzaten.