Publizitatea

Iritzia

Administrazioaren euskalduntzea

Kontseiluak proposatutakoa egingarria den gogoetatu dute euskalgintzan bide luzea egin duten bi lagunek: Alvarezek eta Irizarrek.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-07-29

Mikel Irizar

Soinu harmonikoa

Mikel Irizar. Euskalgilea

Kontseiluak aurkeztu berri duen proposamena une egokian dator: Eusko Jaurlaritza (HPS) 1997ko dekretuaren aldaketa prestatzen ari da, administrazio guztietan bost urteko plangintzaldiaren hastapenetan gaude, eta euskararen erakunde sozial eta publikoen artean aspaldiko lankidetza girorik onena nabari da. Gainera, euskal administrazioetan ordezkatze masiboa dator hurrengo 8-10 urtean hasierako belaunaldien jubilazioarekin, eta une aproposa da administrazioa euskalduntzeko prozesua beste fase batera eramateko. Xehetasun teknikoetan gehiegi sartu gabe, hiru esparrutan kokatuko nituzke gakoak:

Gaitasuna

Orain arteko urratsekin elebidun dentsitatea metatzen ari da, eta erakunde batzuk (GFA ezagutzen dut ondoen) elebitasun unibertsalaren helburura hurbiltzen ari dira. Baina tartean badira itogin teknikoak eta jarioa ez da beti behar bezain handia. Alde honetatik, eraginkorra da: eskakizunak atalka ezartzea, aukeratze-prozesuak euskaraz burutzea, gaitasunak bereiztea eta praktikan egiaztatzea...

Gaitasuna da ezinbesteko baldintza hizkuntza politika aurrera eramateko, eta hamar urteko epean egingarri ikusten dut euskal administrazio guztiak gaitasun unibertsalera bidean azken laurdenean sartuta egotea.

Jarduera

Bistan da administrazio guztiek ez dutela oraindik euskarazko zerbitzua bermatzen; hain zuzen, dagoeneko askok bermatzen dutelako. Berez, herritarrek diote administrazioarekin gehiago erabiltzen dutela euskara beste hainbat arlotan baino. Aurrerago egiteko, herritarrari zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea aitortu behar zaio eta administrazioari hori betetzeko obligazioa jarri.

Bigarren hanka da euskara lan hizkuntza bihurtzea. GFAren 2018-2022 plangintzaldiak «euskara lan hizkuntza nagusia» izatea bilatzen du, «euskaraz funtzionatuko duen Aldundia» bilakatzeko. Horra iristeko, eraginkorra da euskarazko atalak eta zirkuituak sortzea, edota prestakuntza euskaraz ematea; baina ezinbesteko urratsa da hizkuntza kudeaketa erakundearen kudeaketa arruntean txertatzea, hizkuntza planaren betetze-maila neurtzea beste plan guztiak bezala eta emaitza gardentasunez gizarteratzea.

Erantzukizuna

Erakundeek oro har, eta publikoek bereziki, badute gizartearekin erantzukizun argi bat: bizikidetza hobetzeko aukera berdintasuna bermatzea, baita hizkuntza esparruan ere. Hain zuzen, hizkuntza desoreka nabarmena denean jarrera orekatzailea hartzea dagokie, euskaraz egin daitekeena euskaraz eginda, erakunde barruan nahiz gizarteari begira. Edo hizkuntza ekologiak dioen bezala: hizkuntza aniztasunari eusteko, hizkuntza txikiari funtzio propioak eman behar zaizkio, beharrezkoa izan dadin. Funtzio propio oso garrantzitsu bat da administrazioaren hizkuntza nagusia bihurtzea, noski.

Labur, antzeko musika entzuten dut nik Kontseiluaren proposamenean, GFAren plangintzan eta HPSren asmoetan, bakoitzak bere instrumentuekin jota. Ez dirudi ezinezkoa musika hori partitura batera eramatea, melodiaren xehetasun asko eta erritmoaren oinarria adostuta. Aukera badago akordio politiko sendoetarako, eta premia gorrian dago euskararen biziberritze prozesua jauzi esanguratsua egiteko. Euskal administrazioen hizkuntza konpromiso sendoa palanka ezin hobea litzateke jauzi horretarako.
Joseba Alvarez

Trantsizio linguistikoa

Joseba Alvarez. Sortuko kidea

Gasteizko Gobernuak EAEko administrazio publikoan euskararen normalizazioa arautzen duen 1997ko Dekretu garrantzitsua berritu behar duela ikusirik, proposamen sorta bat plazaratu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, 2016an Donostiako Kursaalean, euskal klase politiko guztiaren babesarekin, onartu zen Hizkuntza Eskubideen Protokoloa oinarritzat hartuz.

Egia esan, 1982an onartu zen EAEko Euskara Legea indarrean sartu zenetik ia lau hamarkada pasatu diren honetan, ukaezina da Hizkuntza Dekretuak ez ezik Euskara Legea bera eta gaur arte bideratu den hizkuntza politika ere berritu behar direla ezinbestean, duela 40 urteko euskal gizarteak ez baitu gaurkoarekin zer ikusirik. Eta euskaltzaleon aspaldiko aldarrikapen horren aurrean, PNVren Gobernuak iniziatiba hartu du. Baina nolako aldaketa egiteko?

Duela 40 urte helburu argia finkatu zuten: gaztelaniarekin batera, euskarari ofizialtasuna ematea eta urrats hori hizkuntza eskubide pertsonalak errespetatuz egitea. Eta printzipio horretan oinarriturik garatu ziren ondorengo hizkuntza dekretu guztiak. Gauzak horrela, lau hamarkada hauetan euskaldunoi administrazioarekin harremanak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko neurriak hartu dituzte, batez ere funtzionarien euskalduntzean indar eginez: Perfilen Plana eta abar. Ondorioa? EAEko administrazio elebiduna, nagusiki gaztelaniaz funtzionatuz, euskaldunon hizkuntza eskubide pertsonalak (teorian) bermatzen dituena bihurtu dutela. Bide horretan, biharko Euskal Herri euskalduna, nagusiki erdaraz funtzionatuz, euskaldunoi gure hizkuntza eskubide pertsonalak (teorian) bermatuko dizkiguna izango da. Eta horixe da, hain zuzen, aldatu behar duguna.

Gure helburua, nagusiki euskaraz funtzionatuz, erdaldunei beren hizkuntza eskubide pertsonalak bermatuko dizkien Administrazioa eta Euskal Herria eraikitzea da. Horretan datza burutu behar dugun trantsizio linguistikoa: erdaratik euskarara pasatu behar dugu, energia fosiletatik energia garbietara pasatu behar dugun modu berean. Eredu osoa da aldatu behar dena, norabidez aldatzea da garrantzitsuena.

Nire ustez, Kontseiluak proposatu dituen neurri nagusiak, hala nola Hizkuntza Eskakizunak eremuetakoak bihurtzea eta baita mistoak ere beharrezkoa denean, administrazioan sartzeko probak euskaraz egitea, funtzionario elebakarrik ez kontratatzea, derrigortasun data lanpostu guztiei jartzea, eragina enpresa zein sozietate publikoetara zabaltzea eta eragin linguistikoaren prebentzio txostenak derrigortzea, bide onean doazen neurriak dira, nola ez. Baina PNVk zein norabideetan kokatuko ditu ekarpen horiek? Hau da, PNV Trantsizio Linguistikoaren logikan ari da lanean ala egungo markoaren hobekuntzan? Eta azken hauteskundeetan PSEk erabili zuen diskurtsoa kontuan izanik PSErekin Trantsizio Linguistikoa egingo du PNVk? Eta Podemosek bere garaian Euskara legeak eskuratu zuen baino adostasun zabalagoa eskatzen badu, Trantsizio Linguistikoa bideragarria da?

Badago beste aukera bat: PNV eta EH Bilduren indarrak legebiltzarrean batuz eta kalean Euskaraldia helburu horri begirako ekimen sozial erraldoia bihurtuz, Trantsizio Linguistikoa bideratzeko urratsak egiten hastea, besteak beste, oraingoan Kontseiluak egin dituen proposamenak bideratuz. Baina PNV bide hori EH Bildurekin eta euskaltzaleokin egiteko prest dago? Indar korrelazioa gure aldekoa da, borondate politikoa da behar dena.