Publizitatea

Iritzia

Intsinis pinuen gaitza eta basogintza

Gipuzkoako eta Bizkaiko pinudietan banda gorri-marroia ugaritu ahala azaleratu da basogintza politikari buruzko kezka: nondik jo?

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-09-30

Oskar Azkarate

Iraunkortasunaren ardatzak

Oskar Azkarate. Baskegur-eko zuzendaria

Euskadiko basogintza-egurgintza sektoreak egun latzak bizi ditu. Lehenik basoetako arduradunentzat, baina baita irmoki euskal egurraren aldeko apustua egiten duten enpresentzat ere, baliabide natural eta berriztagarri baten balioa nabarmenduz. Izan ere, euskal industriak erabiltzen duen egurraren %70 bertoko egurra baita. Irtenbidea eman behar diogu pinus radiata-k pairatzen duen baso-osasun egoerari. XIX. mende bukaeran erabat deforestatuta zeuden gure mendiak birpopulatzeko aukera eman duen espeziea eta garapen ekonomiko eta sozial garrantzitsua dena.

Baskegur-ek, Euskadiko pinuetan banda gorri-marroiaren ugaritzea geldituko duten tratamendu fitosanitarioak egon badirela defendatzen du. Halaxe babestu dute nazioarteko adituen bisitek, kasurako, Neikerren eskutik teknikari zeelandaberritarrek orain dela egun batzuk egindakoak, hots, gure hasierako diagnosia berresten duenak. Zuhaitzaren eragite mailaren arabera, gaixotasuna zain dezaketen tratamendu fitosanitarioak egon badaude. Tratamendu horiek nekazaritza ekologikoan erabili ohi dira eta osagarriak dira produktu bioetimulatzaile eta basoetako praktika onekin. Klima aldaketak gure basoetan duen eragina ikertu eta interesgarriak izan daitezkeen espezie alternatiboak aztertu beharra ere badago. Eta hori guztia elkarrekin egin behar dugu, basoetako arduradunek, lehen eta bigarren transformazioko enpresek, administrazioak eta nola ez, gizarteak.

Eztabaida espezie on eta txarretan oinarritzea akats larria da. Axola behar digun gomuta, egungo eraikuntza, energia edo kontsumo ereduak aztertzen dituena da. Iraunkortasunaren paradigma diren herrialdeetan, hala nola Suedian, Finlandian, Alemanian... aspaldi gainditu zuten eztabaida hau eta gizarte eragile guztiek, baita instituzionalek ere, basogintza-egurgintza sektorearekin batera elkarrekin dihardute, erregai fosilekiko dugun menpekotasuna mugatuko duten produktu berriak bultzatzen. Benetako eztabaida baso-bioekonomian eta basoak zati garrantzitsu bat izatera deituta dauden ekonomia zirkular baten aldeko apustuan oinarritzen dela uste dugu.

Baso-lurra gara, basoa gailentzen den lur-eremua, Euskadin, herrialdearen %55 ingurukoa da, Europako Batasuneko ratio handienetakoa. Oreka mantentzen dugu, hostozabalen (%52) eta koniferoen (%48) artean. Arboladiz betetako gure azalera ugazaba pribatuek kudeatzen dute. Eurek zaintzen dituzte gure basoak, gure karbono-aztarna murriztu dadin ahalbidetuz eta bide batez inguru iraunkor eta osasuntsuago baten bizi gaitezen lan egiten dute. Egiten duten lan horrek ondo merezi du bidezko itzulkin ekonomiko bat eta horixe bermatuta etorkizunean gaur egungoa baino baso azalera handiago bat izan dezagun lor genezake.

Basoetan egiten den zaintzari esker, baso-suteak saihesten dira. Kudeaketa ezak biomasaren kontrol gabeko hazkundea eta sua kontrolatzeko zailtasunak areagotzen ditu eta tamalez, horren adibide ugari pairatzen dituzte beste herrialde batzuetan.

Gure uste apalean, gizarteak basoen ugazaben eta sektoreko balio-kateko gainerako kideen ekarpenak aintzatetsi behar ditu. Basoa, gure basoa, aisialdirako txokoa da, herri gisa gure nortasunaren ikur da eta horrez gain aberastasun iturri ere bada.

Gure baliabide natural eta ugariena da eta zaindu bakarrik ez, behar bezala babesten jakin behar dugu iraunkortasunaren hiru ardatzak bermatu ahal izateko: ingurumenarekin erlazionatutakoa, soziala eta ekonomikoa.
Aitziber Sarobe Egiguren

Pinua bota, zertarako?

Aitziber Sarobe Egiguren. Ekologista

Pinudiak erabat gorritzen ari dira, sendabiderik ez duten onddo-izurriteek jotako pinuak lehortzen ari dira. Aldundiek, gainerako administrazioen laguntzarekin, baso-kudeaketa egurraren sektoreko profesionalen mesedetan arautu eta gauzatu dute; beraz, argi dago, aspalditik aurreikusten zen egoera honen arduradunak non bilatu behar diren.

Egoera honen aurrean, Baskegur erakundeak ordezkatzen dituen sektoreko profesionalen eta nekazaritza sindikatuen eskaera nagusia da: administrazioak dirua eta baliabideak jartzea ahal denean pinudi hauen osasun egoera hobetzeko, eta ezin denean pinudi hauek bota eta hazkuntza azkarreko beste espezieekin ordezkatzeko (eukaliptoa eta bestelako espezie exotikoak dituzte jomugan). Monokultiboen bidezko egurgintza intentsiboa mesedegarri zaie, eta beraz, ez dute zalantzan jartzen basogintza-eredu hau. Ahalik eta epe motzenean eta kosturik txikienarekin etekinik handiena ateratzea dute helburu, eta egurrak dirurik ez duenez ematen, diru-laguntzak behar dituzte: legeak eta araudiak baliatuz, administrazioaren baso-politika baldintzatzen dute. Baina, interes komunaren defentsan ari direla justifikatu behar dute nolabait, eta horretarako estrategia arrakastatsua da bestelako aukerarik ez dagoela sinetsaraztea, edozein aldaketak ekarriko lukeen zorigaiztoa irudikatzeko etsaia sortuz: ekologistak. Sektoreko profesionalek ez ezik, administrazioak ere aldaketarako planteamendu oro automatikoki baztertzen du ekologistak aitzakia hartuta.

Monokultiboen bidezko ustiapen-eredu honek berezkoak ditu ingurumen kalteak: lurraren higadura, bioaniztasunaren galera, izurriteen eta bestelako gaixotasunen agerpena, kutsadura kimikoa... Teknologia da salbazioa horrelako ustiapen-ereduak defendatzen dituztenentzat. Hobekuntza genetikoa, ustiapen-tekniken berrikuntza eta kontrola, egurraren erabilera berriak, jasangarritasun-zigiluak, lurra ongarriztatzeko eta basoen osasuna zaintzeko tratamendu kimikoak, egurraren balorizazioa eta abar proposatzen eta saltzen dituzte, baina eragindako kalteak ikertu eta baliatutako diruarekin egindako lorpenak justifikatu gabe.

Bestalde, nahiz eta pinudi handiak sektoreko profesionalen esku egon, pinudi gehienak lurjabe txikienak dira (baserritar nahiz kaletarrenak). Hauen artean interes ezberdinak daude, eta hainbat hasiak dira alternatibak eskatzen. Diru gutxiago irabazi arren, batzuk bertako espezieak landatzen ari dira ingurumen-kalteak gutxitzeko, eta gero eta gehiago dira kaltetutako pinuak usteltzen uzteko prest daudenak berezko basoberritzearen mesedetan. Hauen eskaera ere ulergarria da: egurretik ateratako etekinari uko eginez, natur kontserbazioaren ikuspegitik balioa irabaziko luketen lursail horiengatik zerga bidez sarituak izatea eskatzen dute. Alegia, gizarte osoarentzat onuragarria litzatekeen jokabideak kosturik ez eragitea (edota irabaziak ematea).

Euskal Herriko eremu atlantikoan basoen leheneratzearen eta kudeaketaren baitan dago ondare naturalaren kontserbazioa. Inoizko aukerarik onena daukagu orain arteko baso-politikak aldatu eta epe ertain-luzera begirako kudeaketa-eredu sostengarriak planifikatzeko. Aldundiek daukate egoera hau bideratzeko eskumena, eta badituzte proposamenak; esaterako, aurreko legealdian Gipuzkoan Naturkon elkarteak edota Bizkaian sortu den Kolore Guztietako Basoak plataformak aurkeztutakoak. Basoen leheneratzea eta zuhaitz landaketen ustiapena adituek osatutako mahai berean eztabaidatzea ezinbestekoa da, eta erabakiak hartzeko guztien ahotsa kontuan hartzea komenigarria. Besteak beste, ingurumenaren osasuna eta, beraz, gurea dago jokoan.