Publizitatea

Iritzia

Espainiako Konstituzioak 40 urte

Bereak eginda behar lukeela uste dute bi adituek, baina aurrera begirakoaz ñabardurak egin dituzte Arzozek eta Alvarezek.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2018-11-25

Juanjo Alvarez

Baloraziorako ordua

Juanjo Alvarez. Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan katedratikoa

Konstituzioak 40 urte egingo ditu indarrean, eta saihetsezina da gogoeta bat egitea. Botere politikoaren banaketak lurraldean izan behar zuen eraginaren inguruko balorazioa suntsitzailea da, ez delako garatu pluralismo politikoaren arabera, eta ez datorrelako bat Europan boterea ulertzeko moduaz dagoen gogoeten bilakaerarekin.

Aldaketa konstituzional bat ikusi dugu, estatuko lurralde ereduari buruzkoa, Konstituzioa indarrean egon den urteetan, batasunerako joera propio indartu baitu politika publikoen definizioa zentralizatu duelako, izaera uniforme batekin.

Besterik ez bada, eskatzekoa da lau ardatz nagusiri dagokien gutxienekoen akordio bat:

1. Botere politikoaren banaketa berri bat lurraldean, onartuz dimentsio plurinazionala eta gaindi dezan espainiar batasun hautsezin nazionala («aberri komun eta zatiezina»), aurre egiteko lurralde ezberdinetako nazionalismoen demonizazioari, zeinak patriotismo nazionalari baino ez dion mesede egiten; 2) hiritarren eskubideen dimentsio soziala indartzea; 3) hiritarren parte hartzerako dimentsioa garatzea balio demokratiko handiago batekin, txertatuz galdeketen eta erreferendumen arautegi berri bat, eta 4) Konstituzioan dimentsio europarra ainguratzea, zeina ez dagoen soilik murrizketa eta austeritatearen ideiara lotuta.

1978an onartu zen Konstituzioa, artean demokrazia heldugabe eta hauskor batean, eta garai hartan ezarritako bloke normatibo haren inertziak indarrean segitzen du, berrogei urte geroago.

Harira dator galdetzea testu arauemaile horrek iraun egin behar ote duen sine die arauemailearen indar horrekin, marmol baten gainean idatzita balego bezala, eta aldaketa txikiena ere ezinezkoa izango balitz bezala. Era berean, harira dator galdetzea garai hartan eraikitako aldamio instituzionala zergatik sakralizatzen den, zeina etorkizunera begira bainoago inboluzio demokratiko baten beldurra zegoelako eraiki zen. Eta horren harira dator galdetzea zergatik ez zaion ausardia politikoarekin aurre egiten Konstituzioa ireki eta berriz osatzeko aro bati, demokraziaren bihotzaren oinarrira iritsita. Aro berri horrek sistema indartu beharko luke, jada agortua dagoen demokrazia plurinazionalaren eztabaida gaindituz.

1978ko Konstituzioarekin bermatu zen autonomien estatuak ur azalean segitzen du, eutsi egiten dio, bizirik irauten du hondoratzera doan kortxo bat balitz bezala, baina ez da guztiz hondoratzen.

Etorkizunera begirako jokalekuek teorikoki, bost aukera hauetako bat aintzat har dezakete: 1) Sistemaren beraren inboluzioa, ez dena baztertzekoa tesi zentralizatzaileak garaile ateratzen badira. Horiek, gainera, lurraldeari buruzko arazoa administrazioei egozten diete modu deseraginkor eta antzu batean; 2) Jarraitutasunaren erraila: hau da, «kafea guztiontzat» erara segitzea, eta inprobisazioa hartuaz sistema eraikitzeko motor gisa, benetako arazoari heldu gabe, bidezidorrik gabe; 3) Estatuaren federalizazioari bidea irekiko dioten elementu eta egiturak garatzea, federalismo simetriko baten bidez; 4) Benetako federalismo plurinazionala ezartzea, zeinak demokrazia plurinazionalaren aitortza politiko eta konstituzionala egingo lukeen, autogobernu zabal batekin eta estatuko gaietan parte-hartze batekin, aldebikotasunaren ideian oinarrituta; 5) Sezesioa edo independentzia.

(Erredakzioan itzulia)
Xabier Arzoz

Beste belaunaldi bat

Xabier Arzoz. EHUko zuzenbideko irakaslea

Espainiako Konstituzioaren lehenengo lorpen ukaezina herriak erreferendumez erdietsitako adostasun zabala izan zen, nahiz eta haren aldeko adostasuna ezberdina izan lurraldez lurralde. Konstituzioa erreferendumez berretsi izana ez da batere ohikoa ez Espainiako ez eta gainerako estatuetako historia konstituzionalean ere: besteak beste, Alemanian herriak ez du Konstituzioa inoiz erreferendumez berretsi. Konstituzioa erreformatzeko garaia noizbait iristen bada, zaila izango da ez bakarrik 1978an izandako adostasuna errepikatzea edo handitzea, baita prozedura barneratzaile, parte-hartzaile eta gogoetatsuagoa diseinatzea eta gauzatzea ere.

Konstituzioaren bigarren lorpen nagusia Espainiako historia garaikidearen arazo garrantzitsu biak arretaz hartzea izan zen: autoritarismoa eta zentralismoa. Batetik, oinarrizko eskubideen eta aniztasun politikoaren balioaren aldarrikapenak Espainiako ohiko autoritarismoa baztertu zuen behin betiko. Bestetik, deszentralizazio politikoa ekarri zuen Konstituzioak, «estatu autonomikoa» delakoa, alegia. Hainbat interpretazio interesdunen kontra, estatu autonomikoak ez ditu estatu federalen gutxieneko ezaugarriak betetzen: esaterako, autonomia-erkidegoek ez dute parte hartzen estatuko legeak sortzeko prozeduran ez eta Konstituzioa erreformatzekoan ere.

Izan ere, deszentralizazioaren atalean aurkitzen dira Konstituzioaren argi-itzal nagusiak. Konstituzioak autogobernu xumea baino ez du ahalbidetu, hots, kalitate eskaseko autonomia. Eta maldan behera abiatzen da halabeharrez: arestiko finantza-krisiak areagotu du autogobernuaren ahultzea, autonomia-erkidegoen aurrekontuak kudeatzera ere hedatu baita estatuko gobernuaren esku-hartzea. Egin denean, autonomia-estatutuaren erreformak ezin izan du bilakaera hori ekidin.

Bilakaera horren arrazoiak ugari dira. Baina funtsean honako hau da gakoa: autonomia ez dagoela behar bezala bermatuta Konstituzioaren baitan, ez politikoki ez juridikoki. Dagoen berme bakarra juridikoa da eta Konstituzio Auzitegiak eskaintzen du; baina horrek ez dauka tresna eraginkorrik ez eta estimulurik edo anbiziorik adibidez estatuko eskumen transbertsalen erabilera hedagarria geldiarazteko; gehienez jota, banakako gehiegikeriak zuzen ditzake. Ez du laguntzen, era berean, Auzitegi horretako magistratu guztiak estatuko organoek baino ez hautatzeak.

Konstituzioaren bigarren urritasun iturria autonomia-erkidegoen arteko ezberdintasunak aintzat ez hartzeari dagokio. Zenbaitek aldezten duten federalizazio simetrikoa ez da estatu barruko aniztasunera egokitzen; ez du inoiz ase egingo nortasun sendoa daukaten komunitate batzuen bereizkuntza eta identitaterako grina. Konstituzioaren 2. artikuluak Espainiako nazio-aniztasuna baieztatzen du: nahiz eta ez zehaztu, nazio horiek bazeuzkaten izen eta abizenak. Seinale ausarta izan zen ordukoa, zinez. Hala ere, estatu unitarioa berregituratzeko giltzarria izan zitekeen «nazionalitate» kontzeptua, ondorengo bilakaerak alde batera utzi edo haren balioa hustu zuen. Horretan datza Konstituzioaren promes betegabe bat, oraingo lokatza ekarri duena. Berriro zerotik, edo beheragotik, hasi beharko litzateke, erreformako unea iritsiko balitz. Eta ez dirudi gai honetan adostasuna lortzeko borondate nahikorik egongo denik gutxienez belaunaldi batez.