
Euskal Futbol Federazioa
Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia
2019-01-13

Estatuen arauekin jokatutako partida
Ekain Rojo Labaien. EHUko irakaslea eta Nor Ikerketa Taldeko kidea
Hori horrela, argi eduki behar dena da bata dela masa komunikazioan bigarren mailan jarrita dauden hainbat kiroletan euskal selekzioen ofizialtasunean mugarriak lortzea, eta bestea hedabideen ardatzean dauden kirol kolektiboetan, eta, oroz gain, futbolean, horrelako pausoak ematea. Izan ere, futbola estatu izaera zuten herrialdeen araupean sortu zen, estatuetan egituratutako nazioarteko harremanen joko zelai sinboliko nagusia eta botere eremu biguinekoa bailitzan. Hortaz, FIFA eta UEFA erakunde pribatuek sortzez ezarri zuten nazioarteko ordezkaritza edukitzeko estatua izatearen betekizuna. Badira salbuespenak, eta FIFAn kide gehiago dira Nazio Batuen Erakundean estatu burujabeak baino. Dena dela, aparteko kide horietako askok beren estatuen oniritzia izan dute txapelketetan aritzeko, Faroe Uharteen adibidea tarteko. Urrun dago, ordea, Espainia, Danimarkaren moduko erabaki hartzeetatik. FIFAk indarrean den 10. artikuluko seigarren puntuan dio estatu gabeko elkarteak onartu ahal dituela, baina haien gaindiko estatuek oniritzia ematen badute. UEFAk, berriz, legedia irmotu zuen 2001ean, kide berrientzat estatu izatearen betekizuna galdeginda. Muga hori saihestu ahal izan zuen Gibraltarrek Kirola Arbitratzeko Epaitegiak ebatzi zuelako elkargo horrek eskaera arau hori ezarri baino lehen egin zuela.
Bada, ataka honen aurrean zer bide dauka Euskadiko Futbol Federazioak FIFA eta UEFAn sartzea eskatzeko hartu duen erabakiak? Ez dadila inor atsekabetu hitzokin, baina partidaren zailtasuna ulertzeko oraitarazi behar da epailea eta VAR araudi berria estatu direnen mesedekoak direla. Bestelakoa da esatea estatu zurrunetan oinarritutako demokrazia liberalaren sistema ahitzen ari dela, eta estatuez aparteko nazio egiturak indartzen ari direla aldi berean. Bide horretan espero daiteke atxikimenduzko komunitateen ahalduntzea islatzea kirolean ere epe ertainean. Zentzu horretan eragingarriak izango dira, etorkizun zerumugari begira beti ere, Euskal Selekzioaren aldeko horrelako erabaki hartze eta adostasun nagusiak.

Atzera-bueltarik gabea
Martxel Toledo Garmendia. Esait-eko kide ohia
Euskal futbol selekzioak bere bizkarrean 100 urteko historia darama, konbinatu gisa gizonezkoek lehen agerpen ofiziala 1915ean Madrilen Asturiaseko Printzearen kopan egin zuenetik. Hala, nortasun ikuspegitik abiatuta, aldarrikapena bera, gerra aurretik zein ondoren hor egon arren, 1979an eta selekzioaren berragerpenarekin indartzen hasten da, batik bat, euskal kulturarekin lotuta eta Sustraiak antolatuta Bai euskarari lelopean San Mamesen Irlandaren aurka eta Atotxan Bulgariaren aurka jokatutako partiduak oso arrakastatsuak izan zirenetik.
Ondoren eta batik bat, ESAITen sorrerarekin, 1995ean, aldarrikapenak nazio ikuspegitik selekzioaren ofizialtasunaren beharra ikusten hasten da. Eta hori lortzeko bidean, aipatu eragileak EFFra beti eraman dituen proposamenetako bat, UEFA eta FIFAri eskaera egitea izan da. Erantzuna beti ezezkoa izan da. Euskal futbol jokalariek ere, ofizialtasuna ardatz hartuta, saiakera franko egin dituzte federazioarekin, baina jaso duten erantzuna berdina izan da. Beraz, esan dezakegu hogei urtetik gora daramatzala orain onartu berria den eskaerak EFFko mahai gainean aipatu eragileek eginda. Eta galdera litzateke: orain EFFn eskaera bideragarria dela ikusten bada, zergatik orain arte ez da onartu saiakera egitea?
Azken urte hauetan euskal selekzioaren etorkizuna jorratu nahian buru-belarri lanean ari den eragilea da EHKirolak, eta Durangoko erabakia baloratzeko garaian, hedabide bati egindako adierazpenetan, besteak beste dio: «Bozketa hau berandu iritsi da zeren orain hamabost urte egin izan balute, jokalariek ofizialtasunaren gaia mahai gainean jarri zutenean, beste egoera batean egongo ginateke, nazioarteko testuingurua ezberdina izango litzakeelako. Uste dut EFFren erabaki hau beranduegi datorrela, besteak beste, Gibraltarren eskaera oztopatzeko, Espainiak eskatuta, UEFAk 2001ean bere barne estatutuen 5. artikulua aldatzea erabaki izanak, estatu errekonozitua ez garen heinean, nazioartean ofizialtasuna lortu nahi bada, derrigorrez Espainiaren oniritzia behar dugulako. Eta aipatu data horien aurretik, Gibraltarrek egin zuen bezala egin izan bagenuen, ofizialtasunari dagokionez, egoera oso ezberdina izango zelako.
EFFri, orain, bileran erabakitako ebazpena gauzatzea dagokio, eta UEFA eta FIFAri integrazio eskaera bidaltzera behartzen du. Paraleloki, Espainiako Federazioarekin harremanetan jarri behar du, haren bermea behar baitu nazioarteko federazioek eskaera onar dezaten.
Baina antzeman genezaken modura, Espainiako futbol federazioko presidenteak esan du eskaera zentzugabea eta erabat gauzatu ezina dela.
Hori horrela, ofizialtasunaren aldeko partidua hasi baino ez da egin.